1977/2024 , October 16

Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ikastola egiteko eguna, lehen Kilometroak Beasainen

Lehendabiziko Kilometroak jaia oroitu dute Tere Irastortza Beasaingo Ikastolako zuzendariak eta Irantzu Anuntzibai Andramendi Kooperatibako lehendakariak. 1977an 3.000 ikasle zeuden Gipuzkoako ikastoletan, eta hauek ez zuten inolako hitzarmenik administrazioarekin. Ekimena, bultzada handia izateaz gain, ikastolen eta herri mugimenduen aldeko beste festa askoren aurrekari ere izan zen.

Beasain eta Lazkao artean egin zen ikastolen aldeko lehen festako irudia.
Beasain eta Lazkao artean egin zen ikastolen aldeko lehen festako irudia. (Arturo DELGADO | KUTXATEKA)

«Ikastola egiteko lehen eguna» deitu zitzaion Beasain eta Lazkao lotu zituen jaiari, 1977ko urriaren 16an. Tere Irastortza Beasaingo Ikastolako zuzendariak 17 urte zituen, institutuan ari zen ikasten. Zaldibiarra da, eta bertako txistulari talde bat joan zen Kilometroetako ibilaldian jotzera. Bestalde, zaldibiar batzuek korrika egin zuten, eta Irastortzaren kuadrillak dirua eman zion haietako bati. Hori izan zen gaztea zela egin zuen ekarpena. Ekarpen ekonomikoaren aldarria oso inportantea zen orduan, eta banakako askok egin zuten ekarpena, kuadrilla txikiek ere bai.

1977an, artean jaio gabe zegoen Irantzu Anuntzibai Andramendi Kooperatibako lehendakaria, baina Kilometroen festa familian bizi izan du beti, baita 2001ean Beasaingo Ikastolak antolatu zuenean ere, Kilometroen 25. urteurrena zela-eta. Etxeko guztiak ibili ziren murgilduta. Eta baita azken urteotan ere, Beasaingo Ikastolako guraso den partetik; gainera, orain, lehendakari ere bada.

Goierri mailako apustua izan zen

Irastortzak adierazi duenez, Beasain aipatzen da beti, baina jaia aldi berean hasi zen Beasainen eta Lazkaon: aita Begiristain eta aita Barandiaran Lazkaotik Beasainera etorri ziren oinez. «Goierri mailako apustua zen, ez da ahaztu behar herri txiki gehienetan bazirela ikastolak».  

Bakoitzak bere modura egin zuen ekarpena. Sukaldariek, Jose Castilloren ibilaldiarentzat ekarpenak egiteaz gain, curriculumean arlo hori sar zedila aldarrikatu zuten. Orduko mendi elkarteen Federazioa ere oso inportantea izan zen jaia antolatzeko. Mendizale guztiei dei berezia egin zitzaien, baita korrikalarien kontrolak antolatzerakoan ere. Laguntza handia eman zuten.

Josu Erguin

Guraso gazte bat izan zen Kilometroen bultzatzailea, Josu Erguin. Jaia Ameriketako Estatu Batuetatik hona ekarri zuen. Beasaindarra zen, 25 urteko gurasoa. Hain ondo atera zen, ezen Gipuzkoako Ikastolen Elkarteari eman baitzitzaion eskumena behar zituzten ikastolen artean ospatuko zuen herria zein izango zen aukeratzeko.

Irastortzak gogoratu duenez, 1977an 3.000 ikasle zeuden Gipuzkoako ikastoletan. Administrazioarekin ez zegoen hitzarmenik eta gurasoek kuotak ordaintzen zituzten. Dirua batez ere haiek jartzen zuten. Tonbola, errifak, jaialdiak... egiten ziren. Beti diru kopuru txikia eskuratzen zen, ordea; eta egun batean festa batean hainbeste diru lortzea garrantzitsua izan zen. Handik aurrera Gipuzkoako Ikastolen Elkartea hasi zen antolatzen, eta geroago Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Ibilaldia eta Herri Urrats sortu ziren.

Azpeitiko Kilometroekin lotura

Joan den urriaren 6ko igandean ospatu zen 2024ko Kilometroak, Azpeitian. Beasaingo Ikastolako zuzendariaren arabera, Kilometroen eta ikastolen zentzu handiena izan da kultur ikuspegi batetik, eta politikotik ere bai, herri batek sortu duen ekimen bat izan dela, dela eta izan behar duela. «Garbi dago oraindik ez dugula lortu ikastolen elkarteak duen helburua: Euskal Herria euskalduntzea. Lotura ikusten dut ordukoaren eta aurtengoaren artean, lehen Kilometroak hura etorkizunari begira egindako apustu bat izan zelako. Zazpi probintzia biltzen dituen bigarren mailako kooperatiba gara, oraindik ez da sortu beste erakunderik euskal lurraldeetan dauden euskara ereduak bateratu dituenik. Eta bada beharra. Diru premia ere bada, nahiz eta une honetan badirudien euskararen aurrerabidea izango dela doan izatea –oxala–. Baina iruditzen zait euskarak behar duela sostengu bat ez dena ekonomikoa bakarrik; gizartea euskaldunduko duena, ez umeak soilik, eta euskal kultura eta euskararekiko atxikimendua transmititzeko bide berriak bilatuko dituena. Ez naiz ari esaten gurea bakarrik denik, baina gurean badago borondate bat».

«Esate baterako, elkartasun kutxa bat dugu nazio mailakoa, ezin duten ikastolei laguntzen zaie, politikoki ezinbestekoa da. Guraso kooperatiba bat da Beasaingoa. Gurasoen parte hartzea beharrezkoa da irakaskuntzan», erantsi du Andramendi Kooperatibako lehendakariak.

«2024an egin den Euskal Herriko Ikastolen Batzarrean Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak esan zuen bezala, ikastolak hobetzeak hezkuntza sistema hobetzea ekarri behar du, eta hezkuntza sistema hobetzeak ikastolak hobetzea. Ez dugu sareen borroka gisa ikusi behar, baizik eta euskararen aldeko apustu bezala».

Ez da erraza Kilometroak antolatzea urtebetez eguneroko martxari jarraituz; milaka gurasoren esfortzua eskatzen du, eta ahalegin horrek oraindik badauka premia-materialei eusteko helburua ere, festa giro batean euskararen alde egiteaz gain.

Jose Migel Barandiaran Kilometroen lehen festan izan zen, ‘Egin’eko portadan ikusi ahal denez. (EGIN)
Jose Migel Barandiaran Kilometroen lehen festan izan zen, ‘Egin’eko portadan ikusi ahal denez. (EGIN)


Muga batzuk hausten dira

Azpeitian ikusi dugunez, ikastolaz harago, herri osoa inplikatzen den ekimen bat da. Irastortzaren hitzetan, «festa bat da, non zure etxeko ateak irekitzen dituzun, ez zuk bezala pentsatzen duen jendea bakarrik etortzeko, baizik eta nahi duen oro. Muga batzuk hausten dira, eta hori positiboa da, beti bata bestearekin liskarrean aritzeak ez diolako laguntzen gure hizkuntza gutxituari».

Urriaren 16 hartatik aurrera, beste hainbat herri mugimenduren eta proiekturen alde ere festak egiten hasi ziren. 'Egin' babesteko, besteak beste. Xalbador Garmendia eta Xalbador Etxeberria izan zituen gaztetan irakasle Tere Irastortzak. Garmendia 'Egin'-eko euskara zuzentzailea izan zen urte askoan. Eta egunkari haren festara ere, Altsasura, berarekin joan zen irakasle eta idazle zaldibiarra.

«Euskara jendeari zabaldu behar diogu. Garai batean Hego Euskal Herrira etorri zen migrazio gehiena espainiarra izan zen; orain beste ezaugarri batzuk ditu, eta ateak irekitzen ditugunean, gure hizkuntza hedatzeko da», nabarmendu du.

Kamioietan antolatutako agertokietan jotzen zuten

Jende ezagun ugarik jo zuen zuzenean 1977ko urriaren 16 hartan: Mikel Laboak eta Pantxoa eta Peiok, tartean.

«Familian Kilometroez hitz egiten dugunean askotan gogoratzen dugu ez bakarrik nortzuk etorri ziren, baizik eta kamioietan antolatutako agertokietan jotzen zutela artistek. Irudi horrek erakusten du zein modutan antolatzen ziren festa horiek, askoz ere baliabide gutxiagorekin», agertu du lehendakariak.

«Eta joaten zena dirua uztera joaten zen. Hori ere badu herrigintzak, toki batera joaten zarenean zure ekarpen ekonomiko hori egitea. Hori asko galdu da festa hauetan», gaineratu du Irastortzak.

Orduko Kilometroak jaitik gaurkora aldatu den beste gauza bat da orain ez dela egun batera mugatzen eta urtean ekintza asko egiten direla. Antolaketa handia eskatzen du horrek, inguru bat da ikastola bakoitzak duena eta euskalduntzen ari direna. Herriarekin batera antolatzen da, bertan egiten diren gauzak ezagutaraziz, beti gure hizkuntzaren alde.

Anuntzibaik aipatu duenez, Errigora ere ikastolak eta AEK-k egiten duten elkarlana da, bertako ekoizleekin. Euskaraz gain, badira landu eta lagundu beharreko beste proiektu asko ere. «Honekin, burura etortzen zait bertako produktuekin eta apustu ekologikoa eginez egiten dugun lana, adibidez, Beasaingo Ikastolan. Baina ezin da ahaztu kozinatze politikoa ere derrigorrezkoa dela. Euskararen aldeko herri ekimenak hemen ere behar-beharrezkoak dira, demagun, legeztatu ezinak ikasleei ekartzen dizkien zailtasunak gainditzeko; hala nola brebeta euskaraz egin ahal izatea Ipar Euskal Herrian», adierazi du.