1977/2024 , October 16

Artefaktua
Baiona

'Le Journal du Pays Basque', loraldi berri baten lehen pausoa

Gaurko egunez argitaratu zuen bere lehenengo alea 'Le Journal du Pays Basque' kazetak, gerora Ipar Euskal Herriko erreferentziazko egunkari izango zenak. 2013an proiektua amaitu bazen ere, 'Mediabask'-ek hartu dio ordutik lekukoa, Bidasoaren bestaldeko kazetaritza-proiektu nagusi gisa.

'Le Journal du Pays Basque'-ren lehen alearen azala.
'Le Journal du Pays Basque'-ren lehen alearen azala. (‘Le Journal du Pays Basque’)

2001eko urriaren 16an loratu zen 'Le Journal du Pays Basque' egunkariaren lehen alea, baina hazia lehenago ereindako lurretan bota zen. Hain zuzen, hilabete batzuk lehenago, bazen intentzio garbi bat desberdinen arteko proiektu bat gauzatzeko eta Ipar Euskal Herrian erreferentzia izango zen egitasmo bati bultzada emateko. Tartean ziren hainbat aldizkari, 'Ekaitza' edo 'Enbata', kasurako, eta baita EKHE bera ere (Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea).



XXI. mende hasiera hartan bizitzen ari zen egoera politikoak, ordea, zail bihurtzen zuen espektro desberdin horien arteko batuketa posible izatea. Hain zuzen, ABren (Abertzaleen Batasuna) barnean zatiketa bat ematear zen, eta horrek desberdinen arteko batura hori zinez konplikatzen zuen.



Beraz, aukerak murrizten zirela ikusirik, EKHEk bere gain hartu zuen ardura eta, Baigura enpresa sortzearekin batera, kaleratu zen 'Le Journal'-en lehenengo alea ('Euskal Herriko Kazeta' izenarekin ere ezaguna), Hur Gorostiaga erredaktore buru zela.

Aurrerapauso itzela izan zen hura, Ipar Euskal Herriaren beharretara egokitutako kazetaritza-egitasmo bat zelako. Zuzeneko eragina zuen eta erreferentziazkoa izango zen argitalpen bat bihurtu zen. Baina egoera ekonomikoak ederki estutu zuen proiektua, baita garai hartan kioskoetan bizitzen ari ziren krisialdiak ere –paperaren krisia aspaldiko kontua da bai Ipar Euskal Herrian eta baita Hego Euskal Herrian ere–, eta, azkenean, 2013an eman zuen amaitutzat bere jarduna.

Goizeder Tabernak, orduko 'Le Journal'-eko kazetari eta gaur egungo 'Mediabask'-eko erredaktore buruak, garaiko egoera ekarri du gogora. «'Euskal Herriko Kazeta'-k haize berri bat eragin zuen Ipar Euskal Herriko prentsan, baina baita politikan ere. Luzaz, hedabide gutxiren esku zegoen informazioaren monopolioa zuen, eta agerkari berriak, ordura arte ikusezinak ziren hainbat ekimen, borroka eta errealitate agerian jarri zituen. Sortu bezain fite, hainbat eragile politiko eta sozialengandik ezagupena jaso zuen. Eztabaida demokratikoan eragile nagusi bat bilakatu zen, ordura arte ikusmolde bakar bat nagusitzen baitzen hemengo gizartean».



Egitasmo hark bateko zein besteko iritziak batzea lortu zuen, nahiz eta horrek batzuetan politikariren baten haserrea ere piztu. «Iritzien atalean, iritzi askotariko eragileek idazten zuten, ezkerrekoek, eskuinekoek, jakobinoek, denek, nahiz eta jakin haien ideiak ez zirela linea editorialarekin bat etortzen. 'Euskal Herriko Kazeta'-k ez zituen bakarrik lagunak izan. Politikari bat baino gehiago haserretu zen, artikulu edo izenbururen bat ez zelako haien gustukoa izan. Izan ere, 'Euskal Herriko Kazeta'-ren tonu askea ez zen hain ohikoa ordura arte».



Esan bezala, bere bidean eragina izatea eta erreferentzia bihurtzea lortu bazuen ere, hainbat faktorek krisialdira eta, ondoren, itxierara eraman zuten kazeta. «Arazoa zen, hamarkada batez, 'Euskal Herriko Kazeta'-k eragileen ezagupena bazuela, baina ez zuela lortu publiko zabalago batengana iristea. Horri gehitzen zitzaion teknologia berrien eta prentsaren bilakaera, irakurleen eta gure egunkariaren arteko arrakala handitzen zuena. Horregatik, baita arrazoi ekonomikoengatik ere, hetsi genuen egunkari hura», aipatu du Tabernak.



Bigarren loraldia

Mediabask-en lehenengo azala, paperezko edizioan. (MEDIABASK)
'Mediabask'-en lehenengo azala, paperezko edizioan. (MEDIABASK)

Ipar Euskal Herrian, ordea, errealitate hartara egokitutako kazeta bat izatea beharrezkoa zen oraindik, eta 'Le Journal'-ekin ereindako haziak hor jarraitzen zuen. Eragina izatea lortzeaz gain, agenda ere markatu zuen, eta irakurle propioak ere bazituen.


Hortaz, behar –eta metatutako indar– horietatik sortu zen 'Mediabask', baina eskema desberdin batekin. Hedabide digital bat da, astean behin paperean argitaratzen dena. 'Mediabask'-ek elementu transmedia bezala funtzionatzen du, eta bere eragina handitzen ari da. Ipar Euskal Herriko egoera politikoa ere bestelakoa izanda, beste eragile eta erakunde batzuekin daukan harreman gaitasuna ere handitu egin da. Horren erakusle da, esaterako, Mediabask Irratiaren gauzapena.



«'Mediabask' sortuz, oinarri sozial bati esker, ekonomikoki burujabea izango zen hedabide bat sortu nahi genuen, zeinak interneteko bihurgunea hartuko zuen, papereko irakurle fidelak ahantzi gabe. Hamar urte beranduago, ez gara damutzen, gutxi gelditzen baitzaigu helburu horiek betetzeko», azpimarratu du erredaktore buruak.