1977/2024 , November 20

Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Interview
Adur Larrea
Marrazkilaria, 'Antzara Eguna' liburuaren egilekidea

«Ez dut uste dena kontatu behar denik, baina guk nahi duguna guk kontatu behar dugu»

Harkaitz Canoren hitzekin eta Adur Larrearen marrazkiekin osatua, 'Antzara Eguna' Santi Brouarden bizitzan oinarritutako liburua da, Txalaparta argitaletxearen eskutik duela bost urte aurkeztu zena, haren heriotzaren 35. urteurrenean, hain zuzen. Bost urte beranduago, egitasmoari buruz hitz egin dugu ilustratzaile santutxuarrarekin.

Harkaitz Cano (ezkerrean) eta Adur Larrea, 'Antzara Eguna'-ren aurkezpenean
Harkaitz Cano (ezkerrean) eta Adur Larrea, 'Antzara Eguna'-ren aurkezpenean (Marisol RAMÍREZ | FOKU)

'Antzara Eguna' film bateko gidoia izateko jaio ei zen, baina proiektu hura bertan behera geratu zenean, Harkaitz Canok lan horretan komiki bat egiteko materiala bazegoela pentsatu zuen. Pentsatu eta egin.

Zuri-beltzez marraztua, oso formatu ederrekoa da liburua, istorio eta estilo desberdinak nahasten dituena eta, errespetu handiz,  buruzagi abertzalearen bizitzaren azken pasarteak gogora ekarri nahi dituena. Haren jardun politikoaz aparte, bere mediku lanbidea eta egunerokotasuna ere islatzen ditu, horretarako haren gertukoek emandako informazioa baliatuz. Asmatutako gauzak (elkarrizketak, bilerak...) ere badaude, noski, baina, oro har, 1984ko udazken hartan jazotakoaren erretratu interesgarria marrazten du.

Ez da biografia bat, Adur Larreak berak elkarrizketa honetan nabarmentzen duenez, baina bai Euskal Herriko historia modernoak utzitako figura politiko garrantzitsuenetako batenganako gerturatze polita.

Santi Brouarden hilketaren 35. urteurrenean 'Antzara Eguna' aurkeztu zenuten. Ezohiko ekimena da gertakari larri hura gogoratzeko. Nola sortu zen proiektua?
Harkaitzek idatzi zuen urte batzuk lehenago, telebistako serie baterako prestatuta zuela uste dut, proiektua hor zuen berak, eta niri heldu zitzaidan Mikel Soto eta Harkaitz bera etorri zitzaizkidalako proiektua esku artean zutela, pentsatuz istorioa komikiratzeko aukera egon zitekeela.

Santi Brouardi buruz komiki bat egiteak errespetua eragiten al du?
Bai, azkenean, hain egoera tragikoan hil zuten pertsona baten inguruko komiki bat egitea serioski hartu behar den gauza bat da. Errespetua sortzen du, bai. Hein berean, nik uste dut aukera ona zela bere figuraren hainbat pasarte argitara ateratzeko.    

Jazotakoaz aparte Santiren izaera eta Euskal Herriko orduko giroa ere islatzen duzue. Garai bateko testigantza modulu bat ere badela esan daiteke...
Tira, saiatu ginen bere alderdi desberdinak markatzen, alderdi pertsonalekoak, militantzia lana, mediku lana, eta, hein batean, bere literatur zaletasuna ere bai. Hor, aipatzekoa da nola Harkaitzi bere lagun batek eman zion halako libreta moduko bat, edo eguneroko bat, eta hor berak bazituen idatziak poemak, liburuen izenak, beste erreferentzia batzuk. Eta horiek ere erabili genituen. Horren guztiaren nahasketa bat da.

Fikzioa da, edonola ere, ezta?
Bai, noski, fikzioa da. Nire ustez dena da fikzioa, dokumentala ere gertaera baten interpretazioa da. Baina bai, fikzioa da, egia da hemen agertzen diren gertaera asko fikzionatuak direla; ezin ditugu asmatu beraien arteko elkarrizketak, gauza batzuk ezker-eskuin hartutako dokumentazioan bilduak dira, baina gure narrazioari egokitzeko trikimailu literarioak erabili ditugu.    

Oso formatu erakargarria dauka, zuri-beltzean egitea erabaki zenuten. Hasieratik erabaki al zenuten hori?
Egia esan, zuri-beltzean ikusten genituen gaia, garaia... Ni beti oso gustura sentitu naiz zuri-beltzarekin, kontraste handiko mantxa horiekin, tintarekin. Ez dakit aipatu ere egin genuen edo jada naturalizatuta genuen, baina horrela atera zen.

Nola moldatu zineten Harkaitz eta biok liburua egiteko? Zein izan zen lan dinamika?
Esan bezala, berak urte batzuk lehenago idatzia zuen, eta berriro berrartu genuenean, egokitzapen bat egin behar izan genuen komikirako. Telebistarako proiektua zen, aski bisuala zen, baina, aldi berean, komikiaren 'hizkuntzara' pasatu behar genuen. Alde horretatik, nik nire proposamenak egiten nizkion, zati batzuk arindu, edo beste batzuk gehitu, edo pasarte batzuetarako loturak egin... Berak ere beste gauza batzuk gehitu edo aldatu zituen, eta, egia esan, oso gauza naturala izan zen. Harkaitzekin lan egitea oso erraza da. Zuk proposatutako zerbait logikoa iruditzen bazaio, ez du trabarik jartzen.

Lehen aipatu dugu, gaia sentsiblea da; ze harrera izan zuen liburuak? Santiren familiarekin hari buruz hitz egiterik izan duzue?
Bai, ondotik familiarekin hitz egin genuen, Lekeitiora hurbildu ginen eta han mintzatu ginen Edurnerekin eta bere lehengusu batekin. Noski, ez da erraza halako gertaera bat digeritzea, senide bat edo lagun bat hil dizutelarik, baina egindako memoria lan hau eskertu egin zuten. Gero, liburua katalanera eta galegora itzuli zen, eta harrera polita izan zuela uste dut.

Komikiaren aurkezpenean, Txalapartako editore Garazi Arrulak norberak bere historia kontatzearen garrantzia nabarmendu zuen. Bat zatoz?
Bai, ezinbestekoa da guk nahi duguna guk kontatzea. Nik ez dut uste dena kontatu behar denik, baina guk nahi duguna guk kontatu behar dugu. Gure erara. Gero, prentsaurrekoan, Garazik nabarmendu zuen hau kontatu behar zen historia bat zela, eta guk gure maneran kontatu genuen; hutsuneekin, noski, azkenean, komiki bat baita, sintesi lan handia dago hor. Hau ez da bere biografia bat ere, ez da ohiko biografia bat.