«Datozen hamaika egunetan euskaldunok, euskaltzaleok eta, orokorrean, euskal herritarrok esperimentu sozial itzela egitera goaz». Hitz hauekin, GARAren editorialak ongietorria eman zion Euskaraldiaren lehenengo edizioari. Gaur bezalako egun batez, duela sei urte abiatu zen euskararen erabilera suspertzeko xedea zuen, eta duen, ekimena. Hots, euskaltzale guztion hizkuntza ohituretan eragitea eta norbere harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea bilatzen duen proposamena.
Antolatzaileek eurek orduan azaldu zutenez, Euskal Herriko hainbat elkartek urteetan zehar landu zuten 'Euskarak 365 egun' lan ildoaren barnean kokatzen zen Euskaraldia, eta norbere hizkuntza ohituretan eragiteaz aparte, «hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez», hurrengo hilabeteetan mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea zuen helburua.
Ekimen berritzailea zen hura, anitza eta transbertsala, herri mugimenduaren, ehun ekonomikoaren zein instituzioen engaiamendua eskatzen zuena. Eta dagoeneko ohituta gauden arren, hasiera batean zinez deigarria izan zen jendea kaletik «ahobizi» edo «belarriprest» lelodun txapak jantzita ikustea; berdin bosgarren pisuko auzokidea, kale izkinako dendaria edo haurraren entrenatzailea.
Lehenengo egun horietan sorpresa batzuk hartu genituen espero ez genuen jendea txapa jantzita ikustean, eta konplizitate keinuak areagotu egin ziren.
Euskaraldia berritzailea zen bere proposamenean, eta baita antolaketan ere, ekimena Euskal Herri osokoa izanagatik, tokian tokiko euskaltzaleak izango baitziren herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak. Parte hartzea ere tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango zen, antolatzaileek azaldu zutenez.
Aurrera ateratzerako orduan, beraz, auzo, herri zein eskualde ezberdinetako euskaltzale taldeak aritu ziren lanean, eta horiekin batera, elkarte, denda, taberna, merkataritza gune, enpresa zein erakunde ezberdinetako kideak. Bazen zerbait, gehiegitan bakoitza bere kasa eta sarritan batak besteari bizkarra emanez ibiltzera ohituta dagoen herrian.
«Ahalegina egingo dugu»
«Milaka txapen orratzak ohituraren murru sendoa pitzatzen hasi dira», laburbildu zuen NAIZek hurrengo eguneko kronikan Euskaraldiaren lehen egun horrek eman zuena. Albiste horretan, besteak beste, Sestaoko taberna batean gertatutakoa jasotzen zen: Ezkerraldeko auzokide batek sareetan kontatu zuenez, han zeuden zortzi lagunak, zazpi bezero eta langilea, euskara hutsean aritu ziren gosaltzeko orduan, nahiz eta horietako inork ez zeraman orduan inolako txaparik soinean. Bazen zerbait giroan jendea euskarara bideratzen zuena. Erraz ateratzen zen ezpainetatik.
Bere gorabeherekin, argi dago euskararen aldeko egitasmoak herritarren babes zabala izan duela urte hauetan guztietan. Izan ere, aurreko hiru edizioak kontuan hartuta, zortzi mila entitatek baino gehiagok eta 320.000 bat lagunek parte hartu dute bertan, horietako gehientsuenak behin baino gehiagotan, eta 400 bat herritan antolatu da ariketa kolektibo hau.
NAIZ/GARA osatzen duen lantaldeak ere hasiera-hasieratik erakutsi du bere konpromisoa. «Saiatuko gara. Ahalegina egingo dugu, gauza zehatzak lortuko ditugu, beste batzuetan hanka sartuko dugu... Denok, elkarrekin, esperimentatu egingo dugu eta hobetu egingo dugu euskararekin dugun harremana, eta baita gure bizitza politiko eta sozialarekin euskarak duen harremana ere», nabarmentzen zuen lehen egun horretako editorial bikoitzak.
Testu horretan iragartzen zen hizkuntzaren alorrean ere aurrerapausoak ematera gindoazela, hala nola «beste batzuekin batera bultzatzen ari garen euskarazko irratiarekin» –NAIZ Irratiak 2019ko urtarrilean hasi zuen bere ibilbidea–. Eta egunkariari dagokionean ere, azaldu genuen hamaika egun horietan, euskaraz argitaratutako albisteez gain, gaztelaniaz idatzitakoek euskarazko laburpena izango zutela ondoan.
Hala izan zen, eta hasieran GARAren orrialdeetan arraro samar ikusten ziren borobil urdin horiek denborarekin lortu dute Euskaraldiaren beste ezaugarrietako bat izatea.
Udaberrian «berrabiatu»
Sei urte beranduago, hedabide hau euskararen arloan jauzi berriak emateko tenorean dago, eta Euskaraldiak berak ere badakartza berrikuntzak.
Izan ere, duela hilabete Iruñeko Gaztelu Plazan egindako aurkezpenean iragarri zutenez, laugarren edizioa ez da orain arte bezala udazkenean egingo, udaberrian baizik, «ariketa soziala den heinean jendearen arteko interakzioa beharrezkoa» delako eta udaberriko eguraldiak horretan lagundu dezakeelako.
Horrekin batera, herritarrei protagonismoa emanez, «Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzeko» hautua egin dute antolatzaileek, ekimena bera «berrabiaraztearena», alegia; egun zehatz batzuetako ariketa izatetik «nazio mailan, euskararen lurralde osoan eta denok batera egiten dugun dinamika» izatera pasatu dadin.
2025ean itxuraldatuta helduko zaigu, beraz, euskararen aldeko ekimena, xedeak berbera izaten jarraituko duen arren.
Azken finean, Patxi Saez Beloki Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kideak duela sei urteko azaroaren 23an GARAn argitaratutako artikuluan nabarmentzen zuenez, zubigile lana egin beharra dauka Euskaraldiak, «euskararen aldeko hiztun-hautu kontzientetik inkontzienterako zubigintza», hain zuzen. Eta gu gara zubi horren harri, egur eta altzairu.