1977/2024 , November 30

Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Zaintza-sistema duin baten aldeko aldarriak Euskal Herria astindu zuen eguna

Urtebete bete da azaroaren 30ean Euskal Herria mobilizatu zuen Greba Feminista Orokorra egin zenetik. Atzetik izan zuen lanketa agerian utzi zuen eguna izan zen, eta horri esker, «mugarritzat» jo zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioz beteriko egun hau.

Greba Orokor Feministaren baitako manifestazio bat Bilbon, euripean.
Greba Orokor Feministaren baitako manifestazio bat Bilbon, euripean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

2023ko azaroaren 30a Euskal Herri osoko egutegietan markatutako eguna izan zen urte bereko ekainetik. Orduan deitu zuen Mugimendu Feministak azaroaren amaieran egingo zen Greba Feminista Orokorrera. Helburua argi utzi zuten hasieratik: «Zaintzarako eskubide kolektiboa» aldarrikatzea.

Azaroaren azken egun horretan GARA egunkaria ez zen kioskoetara iritsi, kazetariek, beste hedabide batzuetan bezala, greba egin zutelako aurreko egunean, eta zerbitzu minimoak eskaini ziren webgunean. Egunean bertan, baina, mobilizazio, manifestazio eta ekintza guztien berri eman zuten NAIZek eta NAIZ Irratiak. Hurrengo egunean paperean finkatuta geratu zen greba eguna.

Greba azaroaren 29rako deitzeko, Euskal Herriko kazetari feministek honako hau zioen adierazpena sinatu zuten: «Larrituta bizi gara, kontziliaziorako aukerarik gabe, lehiakortasun sendoko ingurune batez inguratuta, soldata miserableekin eta lan baldintza prekarioekin. Horrek itotzen gaitu, eta, gainera, ezin ditugu gure ingurukoak zaindu, ezta geure burua ere. Horregatik, guk ere greba egingo dugu, planto egingo dugu. Bizitza ukatzen digun lanbiderik ez dugulako nahi. Izan ere, nork zaintzen ditu kazetariak?».

Lanuztea garrantzitsua izango zela aurreratu zuten piketeekin hasi zen greba eguna. Donostian bereziki indartsuak izan ziren goizeko ekintza hauek, eta hirirako hainbat sarbide oztopatu zituzten, 7.30 aldera auto-ilarak sortuz. Ibaetan Tolosa hiribidearen bi noranzkoak, Ategorrietako sarrera ere bi noranzkoetan eta Pio XII plaza moztu zituzten, besteak beste.

Grebalariak, Donostian, Aldundiaren egoitzan kateatuta. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Grebaren jarraipen handia nabarmentzekoa izan zen, batik bat zerbitzu publikoen kasuan. EuskoTrenen eta Bilboko Metroan zerbitzu minimoek baino ez zuten funtzionatu. Hedabide publikoen kasuan, ETBn albistegiak baino ez ziren eman eta ez zen programa berririk grabatu. Hezkuntzari dagokionez, eskola publikoetako langileen erdiak baino gehiagok egin zuen grebarekin bat, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako multzoan kopuru hori %70aren gainetik egon zen. Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak ikastetxeen %86aren datuak hartuta jakitera eman zuenez, langileen %39,1 ez zen eskoletara joan.

Osasun esparruan, baina, antolatzaileek salatu zutenez, langile batzuei greba egiteko eskubidea «urratu» zieten, gutxieneko zerbitzuak kasu batzuetan %100ekoak izan zirelako. Batez ere gaueko txandetan gertatu zen hau. Hala ere, osasun-zentro batzuk ixtea lortu zuen Mugimendu Feministak.

Zaintzaren esparruarekin jarraitzeko, adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan jarraipena oso handia izan zen. Antolatzaileen datuen arabera, greba egiteko aukera izan zuten langileen artean %90 ez zen bere lanpostuetan egon. Etxez etxeko zerbitzuan ere jarraipena bereziki nabarmena izan zen.

Hiriz hiri, herriz herri

Dena dela, eguraldi euritsua gorabehera, arratsaldean egindako manifestazioetan gehien entzun zen aldarrietako bat «ez gaude denak, etxeko langileak falta dira» izan zen. Gasteizen, manifestaldia hasi baino lehen ere kontuan izan zituzten etxeetan lan egiten duten hauek: «Ezin ditugu ahaztu etxean zaintzen ari direnak, gogoan izan dezagun Greba Feminista Orokor hau etxean ere egiten dela».

Iluntzeko mobilizazioa, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Etxeko langileez gain, Gasteizen beste aldarri batek bereizi zuen arratsaldeko manifestazioa. Goizean Michelin lantegiko piketean atxilotutako bi emakumeak gogoan izan zituzten, bai eta Ertzaintzak identifikatu zituen beste zortzi pertsonak ere.

Data ekainean jakinarazi eta finkatu bazuten ere, 2023ko martxoaren 8an eman zuten 'Denon Bizitzak Erdigunean' prozesuaren berri. Honekin, herri, hiri eta auzo guztiak mugiaraztea zuten helburu, mugarri nagusia orduan data zehaztu gabe zuen greba orokor batean ezarriz. Bilbon egindako agerraldi batekin eman zuten honen berri.

Orduz geroztik, batik bat Euskal Herriko hiriburuetan, grebara deitzeko hainbat ekintza egin ziren, sektore guztietatik. Bilbon kalejira bat egin zuten abuztuan; Gasteizen Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoetara sartu ziren, egoitza publikoak eskatuz, eta LAB sindikatuak emakumeen batzarra antolatu zuen.

Greba eguneko lehen piketeak Iruñerrian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Egunerako bi hilabete baino gutxiago falta zirenean, 30 bat mugimendu, eragile sozial, sindikal eta politikok grebarekiko atxikipena publiko egin zuten eta akordio sozial bat sinatuz formalizatu zuten. Aldaketa estrukturalak eskatuz, sinatzaileen artean Euskalgintzaren Kontseilua, ELA, LAB eta EHNE sindikatuak, Ongi Etorri Errefuxiatuak, eta Emakumeak Gerraren Aurka bezalako kolektiboak egon ziren.

«Mugarria»

Mugimendu Feministak biharamunean, abenduaren 1ean, harro nabarmendu zuenez, eguna «mugarria» izan zen finkatutako helburua, zaintza-sistema publiko eta komunitarioaren alde egitea, lortzeko.

Hori dela eta, erantzukizuna beraiengan zegoela helarazi zieten instituzio publikoei. Horrela, sektore-arteko mahai bat sortu eta zaintza «agendan markatu» zezatela eskatu zuten, bertan Akordio Sozialean jasotako aldarrikapenak eztabaidatzeko, lanari ekiteko.