1977/2024 , December 1

Harkaitz Cano
MIKEL LABORAREN HERIOTZA

Hauskor eta goren

2008ko abenduaren 1ean utzi gintuen Mikel Laboak, baina bere obra euskal berpizkunde kulturalaren erreferente handienetako bat bezala geratu da. Tradizioarekin, poesiarekin eta transgresioarekin esperimentatu zuen estilo eta ahots paregabeaz. Heriotzaren urteurrena dela eta, Artefaktuak Harkaitz Cano idazlea, 'Ni ez naiz Mikel Laboa' liburuaren egilekidea, gonbidatu du ekimen honetan parte hartzera. Hona hemen bere hitzak:

Mikel Laboa.
Mikel Laboa. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Esan ohi da mitoaren eta errealitatearen artean beti aukeratu behar dela mitoa. Berdin pertsonaiaren eta pertsonaren artean: hauta pertsonaia. Mikel Laboarekin ez daukagu arazo hori, hurbileko izateak eman diolako, ezerk ematekotan, mitoaren neurria. Laboak gogorarazten digu humanoak garela, humanoegiak agian. Zaurgarritasuna bere xarma xamanikoaren parte da. Pentsatzen hasita, ez ote zen hauskortasuna ongien erabiltzen zuen lan-tresna? Hauskortasuna irudikatzen zuten: ahots besterenezinak, gitarra desafinatuki afinatuak, taularatze biluziak. Eta hori balitz sekretu gorena, hauskorra izan eta hauskortasuna buztina balitz bezala moldatzea? Hauskortasuna ez baita ahulezia, hautsiko zaren jakitun horren arabera jardutea baizik. Zer dira lekeitioetako oihu lazgarriak apurketa lehergarri baten irudikapena ez badira? Paradoxikoki, bere zaurgarritasuna da Laboaren indarra, eta indarra deitzen diot hemen sentikortasun partekatu bati, euskal kulturaren behin-behinekotasunaren jakinaren gainean egoteari, ezkortasun intermitente bat nozitzen duen jendarte baten gutxieneko komun izendatzaileari, iraungitze data bat igarri arren dibertitzen asmatu nahi lukeen komunitate baten ezinekin eta ametsekin sintonizatzeari. Inkontzienteki eta jolasti beharbada. Askatasun eta umore gosez beti.

Bizitzak ez du denerako ematen, jakina. Aukeratu beharra dago. Tradizioa berreskuratzeaz arduratzen dira zenbait, kantuaren hitzak tentuz hautatu eta doinua berbekin bat etor dadin beste zenbait; bada spoken poetry-aren esan-indarra preziatzen duenik; salaketa sozialaren bandera haizatzen dute hemengo hauek eta lirika intimoa aldarrikatzen hango haiek. Laboak, aldiz, denak egin zituen bere, aldez edo moldez. Hitza beste maite zuen hotsa, poema edo hausnarketa abestua adina scat kutsuko dibidaba-dobidobia. Zertan aukeratu uluaren eta txioaren artean, kantu bihur baditzakezu biak? Eskutik doaz Brecht eta Xenpelar. Paisaia eta nostalgia. Xuxurla eta oihua. Ahapaldi herrikoia eta zirto surrealista. Etorkizuneko zirrikitu sideralei kuku egiten dieten izarren hautsak eta usainak ere badiren déjà vu sinestesikoak. Laboa imita ezina da, baina bere kantuak ez dira maisulan itxiak; mendiko aterpetxeak bezain zabalik daude, gauerako aterpea eskaini eta berriro habita ditzagun deitzen digute. Ezin zenbatu ahala talde eta bakarlarik oso estilo ezberdinetan egindako bertsio eta perbertsio soka luzea da horren lekuko.

Ez baikara musikaz bakarrik ari, adiskideok, zidorretik hosto lehorrak apartatu eta egia bidera noiz aterako zain egoteaz baizik. Eta batzuetan, Rimbaud bezala, egia hitzordura azaltzen zaigu eta beste batzuetan ez. Mikel Laboarekin ia beti azaltzen da. Azaltzen zaie abaroa behar dutenei eta berdin katarsi premian direnei. Azaltzen zaie 90eko hamarkadako irrati esatariei atentatu bat gertatzen zenero tragoaren garratza pasatzeko Laboaren kantu bat hautatzen zutenean. Azaltzen zaie euskal presoen senideei ostiralero. Azaltzen zaie zinema zuzendariei zeluloide urratuan egindako akatsak josteko hari bat behar dutenean. Azaltzen zaie, nola ez, inspirazio edo bataio izen bila dabiltzan guztiei: Negu Gorriak, Ikimilikiliklip, Baga Biga, Haika… ¡Qué barbaridad, Bagdad! Musika taldeak, telebista saioak, artisau garagardoak, gazte erakundeak…, zer ez ote da Laboaren iturriko urekin bataiatu? Pasaiako herria, Iturengo arotza, Baztan, Lekeitio, Goizueta… Mapa sentimental bat ehundu zuen Laboak, Bonaparte printzearena bezain inportantea guretzat. Laboa alkimista bat delako: abesten du portugesez edo frantsesez, errezitatzen du aleman asmatuan edo mexikar azentuarekin, eta, hala ere, geure belarrietan bere kasako euskalki moduko bat entzuten dugu beti –laboaera ote?–.

Laboa eskapista ere bazen, irristakorra eta atzemanezina, Houdini ttipi bat. Ihes egiten zuen grabazioaren une beldurgarrian musika estudiotik, eta ihes egiten zuen kontzertua hasi baino lehen antzokitik. Behin ihes egiten hasita, bere kantuetatik ere ihes egiten zuen, baina hark ihes egindako kantu haiek habia habitagarriak dira orain guretzat.

'Chamanes eléctricos en la fiesta del sol' liburuan irakurri diogu Monica Ojeda idazleari musikak badakiela buruak baino hobeto pentsatzen, «ez daukalako beldurrik, arrazoimena izutzen den ertzetaraino joaten delako musika, gauzen hasierara, alegia: kantuak gorputz apurtuetatik datozela kontatzen duten istorioen muinera». Musikak heriotza maite duela dio Ojedak, hura gainditu egiten duelako. «Baina ez heriotza bakarrik», jarraitzen du, «bizitza ere maite du musikak, eta bizitza maite badu da hura gorantz jasotzen dakielako». Heriotza gainditu eta bizitza altxatu, eska dezake hilkor hauskor batek besterik?