1977/2024 , December 20

Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ite missa est, Carrero

Mozorroak, goma-2 lehergailuak, ausardia, espioitzarako trebetasuna… Hainbat osagai behar dira diktadura bateko presidentea hiltzeko. Horiek guztiak eta gehiago baliatu zituzten Txikia Komandoko kideek Luis Carrero Blancoren kontrako atentatua prestatzeko, eta, azkenean, 1973ko abenduaren 20an burutu zuten ETAren ekintza historikoa. Kantu arrakastatsu bat sortzeko, aldiz, bestelako osagaiak behar dira: frantziskotar batekin elkartzea, lagun baten iruzkina, errepidean zulo bat… eta Euskal Herriari ebatsia zitzaion umore pixka bat.

Madrilgo Polizia, Carrero Blancoren kontrako atentatuak eragin zituen kalteak aztertzen.
Madrilgo Polizia, Carrero Blancoren kontrako atentatuak eragin zituen kalteak aztertzen. (EUROPA PRESS)

Jose Miguel Beñaran 'Argala', Iñaki Perez Beotegi 'Wilson', Juan Bautista Eizagirre 'Zigor' eta Javier Larreategi 'Atxulo' ETAko zuzendaritzaren instrukzioen zain zeuden Madrilen. Egiaztatua zuten jadanik unibertsitateko ikasle hark emandako informazioa: Luis Carrero Blanco egunero joaten zen Borjako San Frantzisko elizako meza entzutera 09.00etan, beti puntual, beti kale berberak zeharkatzen zituen. Baina ETAk Hazparnen egin berri zuen VI. Biltzarra, Eustakio Mendizabal 'Txikia'-ren heriotzari nola erantzun pentsatu behar zen, eta almirantearen bahiketa atzeratzea erabaki zuten. Hortaz, agindu berrien zain ziren hiru militanteak, irratiko albiste batek itxaronaldia eten zuenean. Francisco Francok, zahar eta ahul, iragarri berri zuen Carrero izango zela aurrerantzean presidente espainiarra, hark segituko eta indarberrituko zuela hil hurren zen diktadorearen legatu ankerra. Momentu horretan, almirantea bahitu eta hamar urtetik gorako kondena zuten presoak askatzea eskatzeko plana pikutara joan zen. Irratiak ez zuen halakorik esan, baina ETAkide gazteek zera entzun zuten: Carrero hil behar da.

1973ko uztailaren 20an agertu zen lehenengoz Carrero presidente gisa Gorteen aurrera. Horrela mintzatu zen, jakin gabe justu bost hilabete barru entzungo zuela azken meza. «Buruzagiaren obra politikoarekin erabat identifikatuta dagoen gizona naiz [...]; bere pertsonarekiko eta obrarekiko nire leialtasuna erabatekoa, argia eta garbia da».

Franco eta Carrero, azken honek presidente kargua hartu zuen egunean. (AFP)
Franco eta Carrero Blanco, azken honek presidente kargua hartu zuen egunean. (EUROPA PRESS)

'Ogro Operazioa' berregin zuen ETAk. 'Argala', Jesus Zugarramurdi 'Kixkur' eta 'Atxulo'-k osatutako Txikia Komandoak izan zuen erakundearen ekintza historikoa bururaino eramateko ardura. Ez zen lan erraza, Carrero Blanco zaintzen zuten eskoltak askoz gehiago baitziren presidente izendatu zutenetik. Hala ere, fidel eutsi zion mezara joateko ohiturari.

ETAkideek ez zuten «ogroa» begiz galdu, eta mezatik etxera egiten zuen bidean, Claudio Coello kalean, soto bat errentan eskaintzen zela ikusi zuten. 'Argala'-k segituan irudikatu zuen nolakoa izango zen 1973ko abenduaren 20an presidentea zeruratuko zuen atentatua: tunel bat egingo zuten, sotoaren paretatik egunero presidentearen autoak igarotzen zuen errepideraino.

'Atxulo' arduratu zen sotoa errentan hartzeaz. Eskultorea zela esan zion jabeari eta bizilagunei erregutu zien barka zezatela, zarata egiten duten makinak erabiltzen zituela bere lanak zizelkatzeko. Abenduaren lehen astetik hasita, baina, tunela zizelkatzen eman zituzten hurrengo asteak hiru ETAkideek. 7 metroko luzera, 50 zentimetroko zabalera eta 60 zentimetroko altuera izan behar zuen, eta «T» forman amaitu, errepidearekiko paraleloa izan zedin –hortik 40 urtera, Alberto Pradilla kazetaria Madrilgo soto hartara joan zen, «oinordetza frankistarekin amaitu zuen tunela» GARA eta NAIZeko irakurleei erakusteko–. Bertan, hiru paketetan banatuta, goma-2ko 75 kilo sartu behar zituzten. Txikia Komandoak dagoeneko erosia zuen fatxadaren kanpoaldean lerro elektriko bat jartzeko behar zuen material guztia, eta argiketari buzoak jantzita, 'Argala'-k eta 'Kixkur'-ek egin zuten instalazioa; horrekin leherraraziko zuten dinamita.

Txikia Komandoak zulatu zuen tunelaren irudia, GARAk, 40 urteren ostean, lekua bisitatu zuenekoa. (J. DANAE)
Txikia Komandoak zulatu zuen tunelaren irudia, GARAk, 40 urteren ostean, lekua bisitatu zuenekoa. (J. DANAE)

Atentatuaren egunean, bigarren ilaran aparkatu zuten ETAkideek Madrilen ibiltzeko erabiltzen zuten Austin Morrisa, justu errentan zuten soto zulatuaren aurrean, Carreroren ibilgailua lehergailuen gainetik pasatzera behartzeko.

1973ko abenduaren 20an, Luis Carrero Blancok ez zuen kale egin Burgosko San Frantzisko elizako mezara. Lehergailuak jarrita zeuden, 'Argala'-k eta 'Kixkur'-ek, elektrikariz jantzita, azken kableak lotu zituzten. Austin Morrisa bigarren ilaran utzi zuen 'Atxulo'-k. Meza amaituta, 09.35ean, Dodge Dart beltza Claudio Coelloren kalean sartu zen. Barruan ziren Carrero Blanco almirantea, txoferra eta polizia-inspektore bat. 'Argala'-k eman zion agindua 'Kixkur'-i: «Orain!», eta honek, 09.36an, etengailua sakatu zuen. Yup!

«Yup la la»

Eztandak 35 metro aireratu zuen Carrero Blancoren autoa, jesuiten egoitzako teilatu-hegala ukitu zuen, eraikinaren gainetik pasatu zen eta barruko patioan erori zen. Atentatuak nahasmena sortu zuen Polizia eta agintarien artean, komandoak Poliziari grabatu zion zintak gerora erakutsi zuenez. Almirantearen eskoltak gertatutakoa azaltzen saiatu ziren, baina ez zen erraza: «Hemen dago. Ez dago. Goian dago. Goian? Bai, goian, teilatuan». ETAk oinordetzarik gabe utzi zuen diktadura.

Carrero hil zelarik jaio barik zen 'Egin', baina 1977ko gabonetan, Eva Forest idazleak Julen Agirre izengoitiarekin sinatu zuen 'Operación Ogro. Cómo y por qué ejecutamos a Carrero Blanco' liburua zabaldu zuen, eguneko atal bat argitaratuz.

‘Yeup la la’ nola sortu zuen kontatu zuen Etxamendi musikariak ‘EGIN’ek egin zion elkarrizketan.
‘Yeup la la’ nola sortu zuen kontatu zuen Etxamendi musikariak ‘EGIN’ek egin zion elkarrizketan.

Atentatu historikoaren hamargarren urteurrenean, halaber, Etxamendi eta Larralde kantarien 'Yeup la la' abesti ezaguna nola otu zitzaion kontatu zion Eñaut Etxamendik egunkariari. Azaldu zuenez, Martin Robbins kantari amerikarrari entzun zion doinua, haren 'El Paso' izeneko kantuan. Baina ohartu zen «hura fandango bat zela», eta musika hori bera «Euskal Herrian eta ondoko herrietan, Bearnen kasurako», ezaguna zela. «Kopia bat iruditu zitzaidanez gero, Euskal Herriak berreskuratu behar zuelakoan edo, doinuari itzulika hasi nintzaion», eman zuen aditzera.

Etxamendi: «Herri honetan aski negar egin dugu, egiten dugu, eta etsaiez irri egitea behar-beharrezkoa dugu»

Bada, doinua buruan bueltaka zuela, arratsalde batez frantziskano baten etxera jo zuen Etxamendik. Saldari zurrupa ematen zion bakoitzean, frantziskanoak «ite missa est» esanez igurzten zuen muturra eskuarekin. «Bai, 'ite missa est'. Entzun eta berehalaxe gogoratu zitzaidan Carreroren kontua», oroitu zuen kantariak.

Frantziskotarraren etxea utzita, lagun batek atentatuaren gaia aipatu zion. «Munduko jauzirik handiena omen, ez?», bota zion.

Etxamendi hariak lotzen ari zen, eta autoz Maulera bidean zihoala, ahopean zeraman Robbinsi lapurtutako doinua, kotxea errepideko zulo batetik igaro zuenean. «Denak jauzika, eta 'Yeup la la' atera zitzaidan».

Kasik nahi gabe, kanta buruan zuen, eta Larralderi aurkeztu zion Maulera iritsita. Han zen Maite Idirin ere, gitarrarekin laguntzeko prest, eta publikoaren aurrean abestu zuten 'Yeup la la' lehen aldiz, Zuberoako hiriburuan. «Berriz, berriz», eskatu zien jendetzak, eta gau hartan Mauleko ostatuetan besterik ez zela entzun ziurtatu zuen Etxamendik.

Ondoko bi urteetan, baina, ez zen gehiegi aditu abestia, zenbaitzuk kritikatu egin baitzuten «hildako bati egindako iraina zela eta ez zela», sortzaileak 'Egin'-i esan zionez. Hala ere, Eustakio Mendizabal 'Txikia'-ri egindako omenaldi batean berriz kantatzera atrebitu ziren, eta «arrakasta biltzeaz gain, Hegoaldeko jendeak jada ezagutzen zuela garbiki ageri zen», esan zuen kantariak 1983an.

Hain zuzen, arrakastaren motiboez galdetu zion 'Egin'-eko kazetariak, eta zera erantzun zuen Etxamendik: «Nik uste argi dela, ez? Herri honetan aski negar egin dugu, egiten dugu, eta etsaiez irri egitea behar-beharrezkoa dugu. Gure borrokaren bizitasunaren lekukoa da, dudarik gabe. Iparraldean, Hegoaldean bezala, poz handiz jaso genuen Carreroren heriotzaren berria, eta horrek ere garrantzi handia du kantaren arrakastan».