1977/2024 , December 25

Ion Telleria
NAIZ Irratia. Programazio arduraduna

Nati Juncoren alabaren eta bisitatu behar zuen presoaren testigantza: mina eta aitortza eza

2007ko abenduaren 25ean hil zen Nati Junco, Teruelen preso zuten bere alabaren bikotea bisitatzera zihoala izandako istripuaren ondorioz. 17 urteren ondoren, Amaia Antia Junco alabak eta Unai Gonzalez Azua bikoteak mina dakarte lerro hauetara, baita aitortza ezaren salaketa ere.

Nati Juncoren heriotzaren ostean Gasteizen egindako mobilizazioa.
Nati Juncoren heriotzaren ostean Gasteizen egindako mobilizazioa. (Raul Bogajo | FOKU)

Aitortza ofizialik ez dute, oraindik, dispertsioaren eraginez hil diren presoen 16 senideek. 2007an hil zen Natividad Junco Oleaga. Terueleko espetxera zihoan alabaren bikotea, Unai Gonzalez, bisitatzera. Istripu berean zaurituta ospitaleratu zuten Amaia Antia Junco alabak eta gertakari larri hura espetxeko ziegatik bizi izan zuen presoak testigantza gogorra eskaini diote Artefaktuari.

Amaia Antia Junco, Nati Junco amari sorbaldatik helduta. (Familiak utzitakoa)
Amaia Antia Junco, Nati Junco amari sorbaldatik helduta. (Familiak utzitakoa)

Amaia Antia Juncoren testigantza:

«Mina arintzeko modu bakarra gure seme-alabek haien herriaren historia ezagutzea da»

Pasa dira urteak, baina oraindik mingarria da zuretzat gertatutakoa gogoratzea?

Bai, noski, oso mingarria da. Denborak guztia sendatzen duela esan ohi da, baina ez da egia, denborak gertatutakoarekin, minarekin, galerarekin bizitzen irakasten laguntzen dizu. Ikasi bai, egiten da, gainditu inoiz ez. Istripuko irudiak grabatuta ditut burmuinean, momentuan bizi izan nuen beldurra, etsipena eta amorrua nire bihotzean finkatuta gelditu ziren nolabait.

Zer emozio gailentzen dira halako zerbait bizitzean? Amorrua arduradunekiko? Mina?

Istripua abenduaren 22an izan genuen eta abenduaren 25ean ama hilda zegoela esan ziguten. Ez zidan denborarik eman egun horretan ikusteko, ospitalera bidean geunden betiko itzali zenean.

«Ez nintzen ohartu egoeraren krudeltasunaz, bikotea hiletara ez zutela ekarriko esan zidaten arte. Elkarrekin egotea zen momentuan behar genuen gauza bakarra, eta hori ere kendu ziguten»

Oso zaila da hitzekin azaltzea horrelako gertaera batek sentiarazten dizuna. Hasieran haserrea eta amorru bizia sentitu nituen gu jo gintuen kamioi gidariaren aurka, nire bikotea etxetik urrun izatea erabaki zuten guztien aurka, nire amaren heriotza politizatu nahi izan zutenen aurka... Gero, tristura, ulertezintasuna eta bakardadea etorri ziren.

Ez nintzen ohartu egoeraren krudeltasunaz, bikotea hiletara ez zutela ekarriko esan zidaten arte. Elkarrekin egotea zen momentuan behar genuen gauza bakarra, eta hori ere kendu ziguten. Orduan zainetan sentitu nuen herri honek urteetan zehar pairatu behar izan duen sufrimendua.

Istripua izan eta zure bikoteak espetxean jarraitzen zuen, nola kudeatu zenuten gaia zuen artean?


Hasieran oso gogorra izan zen. Beldur handia hartu nion errepideari, baina gure bisitekin jarraitu nahi nuen, hori behar genuen eta. Lagun on batek asko lagundu zigun momentu hartan, bera izan zen nire txoferra nik gidatzeari hartu nion beldurra gainditu nuen arte. Gure bis a bis-ak negar egiteko erabiltzen genituen. Hamabostean behin elkartu eta besarkatuta ematen genuen tarte hori, hitz gutxi zeuden esateko, baina malko asko ateratzeko. Nirea galera handia izan zen, baina nire bikotearena ere bai, nire amak eta berak pila bat maite zuten elkar.

Bikoteak beti errespetatu du behar izan dudan erritmoa, publikoki ez hitz egiteko erabakia, zein bide jarraitu eta zein ez. Maitasun handia egon da beti gure artean, eta horrek atera gintuen aurrera, gorrotoaren eta amorruaren gainetik.

Zuen mina aitortua izan dela sentitzen duzu?

Ez, inondik inora.

Erreparatu daiteke halako galera bat? Zer beharko litzateke horretarako?

Erreparatu? Hori ezinezkoa da. Momentuan agintariek ahalik eta min gehien eman nahi zuten, presoen eta haien familien sufrimendua haien helburu nagusi bat zen, bestela dispertsioa zertarako?
 Gure seme-alabek ezingo dute inoiz haien amamaz gozatu, baina gure bitartez ezagutzen dute. Amama nola eta zergatik hil zen badakite, inoiz ez diegu egia ezkutatu. Mina arintzeko modu bakarra gure seme-alabek haien herriaren historia ezagutzea eta gizarte hobe bat eraikitzearen alde lan egitea da.

 

Unai Gonzalez Azuaren testigantza:

«Zerbitzu burua etorri zen istripuaren berri ematera, 'zure familiak istripua izan du, ez muntatu zirkurik', esan zidan»

Nola jaso zenuen istripuaren berri?

Gabonetako bis a bis-a nuen egun horretan (nire amaren urtebetetzea ere bazen), eta goizean goiz gerturatu zitzaidan funtzionarioen zerbitzu burua istripuaren berri ematera. Lehen komunikazioa oso hotza eta gordina izan zen: «Zure familiak istripua izan du, ez dira helduko bis a bis-era, ez muntatu zirkurik, ondo daude-eta». Burua bueltaka hasi zitzaidan, ezinegona gailentzen da une horretan, ezjakintasuna, ezin informazio gehiago izan, ezin deitu.... arratsaldean nire gurasoak agertu ziren (ospitaletik zetozen), kristal atzeko bisita onartu ziguten (ezin besarkatu), eta orduan jakin nuen bikotea eta amaginarreba ospitaleraturik zeudela, azken hau oso larri…

Nati Juncoren heriotzaren ostean Gasteizen egindako mobilizazioa. (Raul Bogajo | FOKU)
Nati Juncoren heriotzaren ostean Gasteizen egindako mobilizazioa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Zer emozio gailendu zitzaizun?

Denetarik okurritzen zaizu, buru zein bihotzean sortzen dena nahastu eta uste dut nolabaiteko disoziazio egoera batean sartu nintzela, pelikula gisa bizi nuen gertatzen ari zena, nire gorputzetik kanpo edo....

Errua ez, baina erantzukizun pertsonala bai sentitu nuen bihotzean (ni bisitatzera zetozen, ni nengoen hor...), eta buruak esaten zidanarekin (dispertsioak eragin du, ez nintzateke hor egon beharko) amorru bilakatzen zen. Mina, min handia. Eta batez ere ezintasuna. Nire sentimenduak nolabait kontrolatu eta nire lehentasuna bikoteari laguntzea bilakatu zen, babestea... baina nola lortu hori ehunka kilometrotara eta komunikatzeko aukerarik gabe? Ezintasun jasanezina zen, frustrazioa... Hiletara joatea ere debekatu zidaten, hor behar ninduen bikoteak, baina azalpena krudela bezain zintzoa izan zen: «Ulertu ezazu, Unai, beste edozein arrazoirengatik hil izan balitz bai, baina dispertsioagatik hil da, Madrilek ez du onartu zure presentzia».

Nola bizi du presoak urruntzea?

Zoritxarrez garai hartan ohikoa zen, bazenekien urrunduko zintuztela. Espetxean egotea bidegabea izan zitekeen, urruntzea legez kontrakoa... baina hori zen errealitatea eta egoera horretan, nik behintzat, esleituko zidaten espetxearen bizi-baldintzak baino askoz gehiago baloratzen nuen ahalik eta gutxien urruntzea. Nire egunerokotasunak baino estutasun handiagoa sortzen zidan familiari eragingo zion kalteak. Kaltea ez baitzen bakarrik istripu arriskua, kaltea asterokoa zen, nekea, denbora, dirutza…

«Istripuak dena aldatu zuen nire kasuan. Ordura arte emozionalki ondo neraman kartzelaldia, geroztik dena egin zen zailagoa»

Kezkatuta egoten zineten bisitetan?

Bai, baina kuriosoa da niri eta beste askori kezka gehiago sortzen zigula itzulerak, etorrerak baino. Arriskua berdina da objektiboki, baina itzuleran presoak ez daki zein izan den emaitza. Etorreran, kasu latzetan izan ezik, bisitan ikusten zenituen, beraz, bazeneukan bidaia ondo burutu izanaren uneko konfirmazioa. Baina itzulera.... ondo heldu ote dira? Zer edo zer gertatuko ote zen? Ezjakintasun hori zailagoa zen kudeatzeko.

Istripuaren ostean nola kudeatu zenituen bisitak? 

Istripuak dena aldatu zuen nire kasuan. Ordura arte emozionalki ondo neraman kartzelaldia, geroztik dena egin zen zailagoa. Bisitek eragiten zuten ezinegona edota kezka areagotu zen, ez bakarrik istripuaren beldurra, baita bisitarien karga, neke eta esfortzuagatik  estutasuna ere. Batez ere bikotearen bisitek arduratzen ninduten. Bizitakoa eta gero bide bera egin beharra, ni ikusteko berriz ere sufrimendu hori bizi beharra... kontziente nintzen horrela ez zegoela orbana ixterik, aurkakoa, asteburu oro zaurian gatza botatzea bezala zen.

Garaian jaso zenuten babes politiko, sozial edo instituzionalik?

Soziala bai, handia. Gertukoen zein gizartearen parte handi baten aldetik babesa sentitu genuen, baina egia da, gure minean sartuta, ez geundela babes horri erantzuteko indarrez, gure elkar-zaintzan zentratu ginen. Babes instituzionala, aldiz, ez dugu jaso ez garaian eta ezta geroztik ere.

Gure herrian eskubide urraketa asko izan dira, batzuk aitortza eta babes instituzionala izan dute lehen unetik; beste batzuk, hamarkadatan zehar ukatuak izan badira ere (torturak, kasu), hasiak dira nolabaiteko aitortza izaten. Baina dispertsioak eragindako eskubide urraketak (16 kasutan bizitza eskubidea ere urratua izanik) ez du inoiz aitortzarik izan. Ematen du zoriz gertatutako ezbeharrak izan zirela. Baina dispertsioa martxan jarri zutenean euskal preso politikoen kolektiboa zatitzea izan bazen euren helburua, hamarkadak igarota bazekiten helburu hori lortzeko ez zuela balio eta, aitzitik, heriotzak, istripu ugari, inpaktu ekonomiko itzela eta abar eragiten zituela familiengan. Hortaz, dispertsioa mantentzeko erabakiak familiekiko sufrimendua mantentzea zuen helburu.

Erantzukizun politiko zuzena dago, beraz, dispertsioak eragindako heriotzen atzean, eta ez daude hori onartzeko prest, ez dispertsioa sortu zutenak eta ezta mantendu zutenak ere.