Ainize BUTRON
Bilbo

Nafarroaren «Deskonkista» eguna ospatu dute Donapaleun

1512-2012 Nafarroa Bizirik kolektiboak jai eguna ospatu du Donapaleun, Nafarroaren «deskonkista» aldarrikatuz.

Eguerdian manifestazioa egin dute Donapaleuko kaleetatik. (Bob EDME)
Eguerdian manifestazioa egin dute Donapaleuko kaleetatik. (Bob EDME)

Egun osoan zehar ekimen ezberdinak burutu dituzte Donapaleun Nafarroaren «deskonkista» aldarrikatzeko. Nafarroa Bizirik ekimenak eta Nafar Naturalak kolektiboak antolatu dute jaialdia.

Goizean kalejira batekin abiatu dute eguna eta ondoren ekitaldi nagusi burutu dute. Herri bazkaria eta kontzertuak ere egin dituzte eta Iñaki Perurena harrijasotzaileak eta Asisko Urmeneta marrazkilariak bertan izan dira. Nafarroako banderak nagusitu dira merkatu estaliaren aitzineko plazan.

Nafarroako ikurrarekin batera, 1625. urtean konkistaren aurka frantsesez idatzitako adierazpen historikoa agertzen zuen banderolak ematen die ongietorria guztiei: «Declaration historique, de l'injuste usurpation et rétention faite par les Espagnols».

Deskonkista Kolektiboaren inguruko hitzartzean, honakoa esan dute: «Bat ginen, libro ginen, euskaldunak estatu bat ginen Europan: Nafarroa».

«Estatua eta independentzia kendu zizkiguten horiek, bortxaz kendu ere, beren estatua eta beren independentzia dituzte nazioartean. Herria bitan urratu ziguten eta beren lurraldetasuna armadaren hortzez defenditzen dute. Beren hizkuntza bost kontinenteetan inposatu dutenek gurearen heriotza zigorra izenpetua dute gure herrian, egun eta hemen», salatu dute.

Aurten, konkistaren bostehungarren urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatuak izan direla-eta, horiek «gogoak inarrosi, sentimenduak arrapiztu, oinarria ezarri» zutela goraipatu dute ekitaldiko antolatzaileek.

Nafarroako hamabost herritako ordezkariak, baita Bizkai eta Gipuzkoakoak ere taula gainera igo ondoren, paper handi zuri bat eskuetan zuela, Jean-Claude Mailharin Nafarroa Bizirik-eko kideak honakoa ekarri du gogora: «Hutsik dagoen orri xuria da. Idazteko dugu geroa, orainean antolatzeko gai baldin bagara».

Eta, datorren urtean, berriz ere, Donapaleun bildu aurreko urtean, «gure burua autodeterminatzen, bide orria betetzen eta independentzia mentalean barnatzen» hasteko ordua dela esan du.