NAIZ.INFO
BAIONA

Lurralde Elkargoaren inguruan adostasuna dagoela nabarmendu du Batera plataformak

Hautetsien Kontseiluak eta Baionako Merkatal eta Industria Ganberak (MIG) eginiko azken adierazpenen ondorioz sortu diren zalantzak uxatu eta Lurralde Elkargoaren inguruan adostasuna dagoela aldarrikatu du Batera plataformak.

Baterako kideek Baionan eman duten prentsaurrekoaren irudia. (Gaizka IROZ/ARGAZKI PRESS)
Baterako kideek Baionan eman duten prentsaurrekoaren irudia. (Gaizka IROZ/ARGAZKI PRESS)

«Hitzen gerratik haratago» Lurralde Elkargoaren inguruko adostasuna badagoela aldarrikatu du Baterak, Hautetsien Kontseiluak eta Baionako Merkatal eta Industria Ganberak (MIG) eginiko adierezpenak argitzeko asmoz.

Plataformak azaldu duenez, Estatu frantseseko Konstituzioak ez ditu «departamentu plusak» edota «ahalmen zabaleko kontseilu nagusiak» jasotzen, hau da, ez ditu Hautetsien Kontseiluak eta MIGek hurrenez hurren eginiko proposamenak jasotzen.

Hori azalduta, Lurralde Elkargoaren barne antolaketari buruz abiatuko duten eztabaidak duen garrantzia nabarmendu du plataformak. Eztabaidan, besteak beste, bozka eredua eta hautes-eremua zehaztu eta lurraldeen arteko ordezkaritza orekatuaren inguruan eztabaidatuko dute.

Marylise Lebranchu Deszentralizaziorako ministroaren bisitari begira, Baterak ez du baztertzen «gizartearen gehiengo zabal batek sostegatzen duen aldarrikapena» kalean ere defendatzea.