NAIZ
ANDOAIN

‘Euskaldunon Egunkaria’ren itxieraren 15. urteurrena oroitu dute Andoainen

Gaur bete dira 15 urte Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz Guardia Zibilak ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zuela. Ekitaldi jendetsua egin dute horren karira Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. ‘Egunkaria’tik ‘Berria’ra katea ez dela eten adierazi dute.

Torrealdai, Uria eta Otamendi, ekitaldia hasi aurretik. (ARGAZKI PRESS)
Torrealdai, Uria eta Otamendi, ekitaldia hasi aurretik. (ARGAZKI PRESS)

Martxelo Otamendi ‘Euskaldunon Egunkaria’ko zuzendari eta egun ‘Berria’ egunkariko zuzendariak gidatu du ‘Egunkaria’ren itxieraren 15. urteurrena oroitzeko ekitaldia Martin Ugalde Kultur Parkean, egoitza zuen tokian. «Jasan genuen gogorkeria hura leuntzen» lagundu zietenak gogoan izan ditu eta itxieraren ondoren jaso zuten babes zabala eskertu ditu, eta aipamen berezia egin die ‘Egunkaria’ko langileei, zuzendaritza atxilotuta zegoen bitartean ‘Egunero’ egunkaria kaleratzeko egin zuten ahaleginagatik. Defentsako abokatuen «lan bikaina» ere eskertu du Otamendik.

Jende ugari elkartu da. Han izan dira, besteak beste, Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Lorea Agirre "Jakin"eko zuzendaria, Maialen Lujanbio bertsolari txapelduna, Estitxu Eizagirre "Argia"ko zuzendaria, Kirmen Uribe idazlea, Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Mariano Ferrer kazetaria, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea.

‘Egunkaria’ zer izan zen, itxiera operazioa eta ‘Egunero’ren sorrerari errepasoa egiten dion Lander Garroren dokumentala eman ondoren, Iñaki Uria ‘Egunkaria’ren kontseilari ordezkari zenak hartu du hitza. Urte eta erdi egin zuen preso zarauztarrak, eta itxi izan ez balute ‘Egunkaria’k gaur 28 urte beteko lituzkeela aipatu du.

Gogoratu duenez, ‘Egunkaria’ bere unerik onenean eta euskarazko prentsa «loratzen» ari zenean «hegoak ebaki zizkioten, sorrera minetik atera eta hegan egitera zihoanean». 2003ko otsailaren 20a «amesgaizto» bat bezala oroitzen du Uriak, baina «txoriari hegoak ebazki zizkioten arren», hurrengo egunean bertan «argitara atera zen berriro».

‘Egunkaria’ren sorreran lehenik eta ‘Berria’renean gero herritarren ekimena «oinarrizkoa, erabakigarria» izan zela nabarmendu du. «Lana eta elkarlana izan dira arrakastaren giltzak», esan du.

Uriaren ondotik Anarik abesti bat jo du itxieraren ondoren babesa adierazi zuen kultur alorraren ordezkari gisa, eta amaitzeko Joan Mari Torrealdai ‘Egunkaria’ren lehendakaria eta Beatriz Zabalondo ‘Berria’ren lehendakariak hartu dute hitza. Uriak bezala, euskarazko kazeta «onenean» zegoenean itxi zutela deitoratu dute.

«1990ean gauzatu zen egitasmoa, 12 urte geroago enpresa sorta emankorra zen; 140 langile, 50.000 irakurle, hainbat egitasmo bidean... Osasun oneko enpresa, eta bat batean ez kazetari, ez irakurle ez enpresarik, urte askotako lana birrindua. Ametsa amesgaizto bihurtu ziguten, herri honetan nork agintzen zuen erakutsi ziguten. Atxiloketak, miaketak, tratu txarrak... itxierak izu beltza zabaldu zuen bazterretan». 

Komunitatearen garrantzia

Izu horri aurre eginez itxierari emandako erantzun «eredugarria» goraipatu dute –manifestazioa Donostian, ‘Egunero’ biharamunean kalean, ‘Berria’ sortzeko ausardia—, eta ‘Egunkaria’tik ‘Berria’ra «katea ez dela eten» nabarmendu dute. «Bietan hizkuntza komunitatea izan da sakoneko lotura, bietan bere gain hartu zuen erantzukizuna».

Aurrerantzean ere, «geroaz jabetzeko», komunitatearen parte hartzea «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela aldarrikatuz bukatu dute.