40 Minutu Rock, elkartasunez eztanda egingo du Durangok

Date

02.24.24

Place

Bizkaia - Durango

Elkartasun giroak bor-bor egin zuen iaz ere.
Elkartasun giroak bor-bor egin zuen iaz ere. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ate joka dator 40 Minutu Rock jaialdiaren edizio berria. 2024ko otsailaren 24an Landako Gunean milaka pertsona elkartuko dira ‘Oihuka astinduz orratzak’ lelopean.

«Euskal preso politikoek eta beraien senideek, ondo dakigunez, 40 minutuko bisitak soilik izaten dituzte elkarrekin egon ahal izateko. Denborak elkar ikusteko aukera eman baino, frustrazioa eta amorrua eragiten die gertukoei, eta erlojuaren orratzak astintzeraino oihukatzeko beharra dugu», adierazi dute sustatzaileek.

«Urtero euskal preso politikoen eskubideen alde egiten den jaialdira gonbidatu gura ditugu giza eskubideen defentsa helburutzat hartu gura duten pertsona guztiak. Eskubideez ari gara hizketan, eta salbuespen egoera, juridikoa eta espetxe arlokoa, bukatu beharraz. Gure herrian bizi izan ditugun indarkeria guztien biktima guztien mina errespetatzeaz», jarraitu dute.

40 Minutu Rock jaialdian parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute: «Norberak bere aletxoa jartzea, modua edozein dela; euskal gizarteak berak hartu behar baitu bere gain, instituzio politiko eta judizialekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko bidea diseinatzeko gaitasuna. Bide horri bultzada eman gura dio 40 Minutu Rockek. Ulertezintzat deritzogu iraganean pentsatutako lege eta jarrerei eustea. Presoen espetxe ibilbidea ezin da oraindik erabaki bertatik 400 kilometrora, gutxiago, 40 minututan».

Hemezortzi izeneko kartela

Aurtengo edizioan, hamazortzi talde (norbanakoak zein taldekakoak) izango dira 40 Minutu Rockeko agertokietan:

Oholtza nagusian:
        ◦ Arene 6
        ◦ Belako
        ◦ Burutik
        ◦ DAM
        ◦ Des-kontrol
        ◦ Esne Beltza
        ◦ Hofe x 4:40
        ◦ Ibil Bedi
        ◦ Nevadah
        ◦ Nøgen
        ◦ Raimundo el Canastero
        ◦ Streetwise
        ◦ Su ta Gar

 Alboko karpan:
        ◦ DJ Kuku & Kene
        ◦ LaMia Mari
        ◦ Kiliki Frexko DJ Set
        ◦ Pineapple Sweets
        ◦ Xaukena xauk

Aurten, Landako Gunetik harago joango da 40 Minutu Rock, «hesi guztiak gaindituz», eta Euskal Herria Durangora begira jarriko da. Gainera, DAM hip hop talde palestinarra gonbidatu dute. «Elkartasun ekimen legez ulertzen dugu kontzertua, izan ere, Palestinako herriari baldintzarik gabeko babesa eman gura dio 40 Minutu Rockek. Haren borondateari eta duintasunari errespetua eta miresmena diegu, bere lurrean irauteko eta bere askapenaren alde borrokatzeko. Palestinak hamarkada luzez bizi duen okupazioak bereziki larritzen eta haserretzen gaitu, hala, Israelen gidaritzako genozidioa erabat gaitzesten dugu. Elkartasun jaialdia da gurea eta Palestinaren egoeraren larritasuna sozializatzeko betebeharrean aurkitzen gara. Beraz, nola hobeto palestinarrekin eurekin egitea baino: DAM taldearen musikak ondo baino hobeto transmititzen ditu palestinar herriaren oihu eta aldarriak, erdu gurekin haiekin batera mundua dantzan jartzera!», esan dute.

Sarrerak salgai

Sarrerei dagokienez, online BIBE atarian daude salgai. Sarrera bakoitzak 20 euro balio du aurretiaz erosiz gero, eta sarrerarik geratuko balitz, 25 euro balioko du jaialdiaren egunean bertan.

Location

Landako Gunea
Landako Etorbidea, 6
Durango. Bizkaia