47. Euskal Zine Bilera urriaren 16tik 21era egingo da Lekeition

Date

10.16.24 - 10.21.24

Place

Bizkaia - Lekeitio

Aurreko edizioetako irudia, Ikusgarri zine aretoan.
Aurreko edizioetako irudia, Ikusgarri zine aretoan. (EUSKAL ZINE BILERA)

Badator Euskal Zine Bilera. 47. edizioa urriaren 16tik 21era egingo da Lekeition. Belaunaldi berriak ikus-entzunezkoen alorrera gehiago hurbiltzea bilatu du aurtengo jaialdiak, baita bertsogintzarekin loturak sortzea ere.

Lehiaketako Sail Ofizialean 20 film labur arituko dira Urrezko Antzarra lortzeko lehian: ‘Amets hegalariak’ (M. Arrate Fernandez), ‘Ahozko tradizioa’ (Eneko Muruzabal), ‘Agur, Maria’ (Jone Aranberria), ‘Plazer bat’ (Sonia Estevez), ‘Larramendi‘ (Daniel Nespereira), ‘Puzzleak, Bortxaketaren Jauregia’ (Kote Camacho de Miguel), ‘Komando marmitako’ (Ane Miren Nafarrate eta Uxue Botas), ‘Phantasia’ (Jorge Moneo), ‘Oinez’ (Leire Egaña), ‘Erro’ (Amaia Lejarreta), ‘Urak eginen du bide’ (June Agirre, Alex Altuna eta Oier Markotegi), ‘Dena asmatuta dago’ (Jone Arriola), ‘Akatuko haut’ (Xabi Tolosa), ‘Hor konpon’ (Jone Arriola), ‘Prosopagnosia’ (Ekaitz Martinez de Lizarduy), ‘Alas/tierra’ (Maddi Barber), ‘Ximinoa’ ‘Itziar Leemans’, ‘Utländsk (Alba Lozano), ‘Hotz’ (Lander Castro) eta ‘Betiko gaua’ (Eneko Sagardoy).

Sail Ofizialeko filmak Ikusgarri zine aretoan eskainiko dira urriaren 17an 19.00etan; urriaren 18an 19.00etan; urriaren 19a 12.00etan. Sariemate ekitaldia urriaren 19an 19.30ean izango da.

Ainara Elgoibar zinegilea eta kultur kudeatzailea, Nerea Ibarzabal bertsolaria eta idazlea eta Martxelo Rubio aktorea dira aurten epaimahaikideak. Lehian diren film laburrek ondorengo sariak jasoko dituzte: film onenaren saria 3.000 eurokoa da. Zuzendaritza onenaren saria 1.600 eurokoa da. Gidoi oinearen saridunak 1.600 euro eskuratuko ditu, Benito Ansola saria 1.000 eurokoa da eta EITB Ikuslearen saria 750 eurokoa. 

«Zinea askotariko pausoz egiten den lorratza da. Eta zinearen bideek eta Lekeitiok etengabe zeharkatu dute elkar. Izan ere, EZBk orain dela ia bost hamarkada hartu zuen euskal zinearen bidea marrazten joateko egin ahal zuen ekarpenaren ardura. Bitarte honetan, harro egoteko erreferentziak lortu ditu. Euskara hutsez egiten den jaialdirik zaharrena da. Euskaraz egindako zinearentzako topagunea hasieratik eta euskal ikus entzunezkoen erreferentziazko plaza da 1978tik», gogoratu dute.

Begiradak

Belaunaldi gazteengan pausatu nahi dute begirada antolatzaileek. «Ez dezagun ahaztu proiektu hau lehenengoz ikuskatu zutenak begirada gazte eta bizxiak izan zirela behin. Gaztetasunetik igarri baitzuten herri honetan zinea euskaraz arnastearen beharra. Eta begirada gaztea eskaini zioten Lekeitiori, euskarari eta euskaraz kontatu beharreko zineari. Horregatik, 47. edizioan behinola gazte izandako begirara hauengana bueltatu nahi dugu EZBren norantza. Zine beria egin eta istorio berriak kontatu nahi dizkiguten sortzaile gazteengan pausatu nahi genituzte, aurten, begiak. Begirada guztietatik, beti berria den zinea».

Bertso-Zine Gaua ere iragarri dute urriaren 18an (21.00etan) Sociedad Recreativan. Ainhoa Urien gaijartzailearen esanetara arituko dira Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza. Interesatuek erreserba egin behar dute webgunean. Ondoren, 5 euro ordaindu beharko dira kultur etxean aurretiaz edo egunean bertan saioa hasi baino orduerdi lehenago.

Bestalde, ATZO8 ekimenak ikus-entzunezko ondarea ezagutarazten jarraituko du. Egitasmo honek ikus-entzunezko ondare analogikoaren inguruan egingo du lan ZINE-LABekin elkarlanean. Urriaren 20an, egun osoan zehar, ‘Eskua eta Makina: Nola egin Super8ko kamera estenopeikoa’ lantegia egingo da eta arratsaldean eraikitako esperientziak performance formatuan proiektatuko dira.

Location

Ikusgarri zine aretoa
Otxoa Urkiza Kalea
Lekeitio. Bizkaia