Arizona Baby Dabadaban
Date
10.04.24 - 10.04.24
Place
Gipuzkoa - Donostia
Arizona Baby taldea Euskal Herrian arituko da zuzenean asteburu honetan, eta bide horretan Donostiako Dabadaba aretoan eskainiko du emanaldia urriaren 4 gauean. Kontzertuan ‘Salvation’ (Subterfuge diskoetxea) disko berria aurkeztuko du bandak, estudiotik atera duten azken emaitza.
Emanaldia 20.30etan hasiko da eta sarrerak dagoeneko Dabadaba aretoaren atari digitalean eskura daitezke. Aurrez 18 euroko prezioa izango dute, eta agortzen ez badira, aretoaren leihatilan erosi ahalko dira 22 euroen truke.
Euskal Herrian zaletu ugari dituen banda da Arizona Baby, eta seguraski sutan jarriko dute areto donostiarra. Berriki Sopela Koast Fest jaialdian jo dute disko berria besapean, eta taldea forma ederrean dagoela erakutsi dute taula gaineko emanaldi beroan. Oraingoz, hauxe izango da taldeak urte bukaera bitartean gurean eskainiko duen emanaldi bakarra.
Hiruko arriskutsua
Taldekideen itxurak bestelakoa irudikatu dezaketen arren, Valladoliden sortu zen Arizona Baby taldea 2003 urte inguruan. Javier Vielba (ahotsa eta gitarra), Ruben Marron (gitarra) eta Marcos Ubeda (bateria) musikariek osatzen dute egun taldea, eta urte hauetan guztietan ehunka zuzeneko emanaldi eskaini dituzte, errepideak errez furgoneta zaharrean.
Izan ere, diskoak disko, Arizona Baby banda zuzeneko talde bat da, eta bertan borobiltzen dira estudioan grabaturiko kantuak. Hiruko banda sailkatzea ez da batere erraza, baino erreferentzi bezala bluesa, folka, eta indierocka aipatu daitezke era zabal batean beti ere. Eragin horiek hor daude, eta esanguratsuak dira, baina bestelako erritmoak ere topatu daitezke hirukoaren musikan, eta Dabadabara gerturatzen denak zuzenean bizi ahalko du hori guztia.
Location
Dabadaba aretoa
mundaiz kalea 8
Donostia. Gipuzkoa