Azpeitia, euskarazko antzerkigintzaren erakusleiho

Date

11.01.24 - 11.08.24

Place

Gipuzkoa - Azpeitia

‘Miñan’ obraren eszena bat.
‘Miñan’ obraren eszena bat. (Artedrama)

Azaroaren 1etik 24ra euskarazko antzerkiaren plaza bihurtuko da Azpeitia, beste urte batez. Izan ere, Euskal Antzerki Topaketek 42. edizioa egingo dute aurten. Ohiko helburuei eutsiko zaie aurten ere: euskal antzerkigintza indartzea, taldeak ezagutaraztea, antzerki berriak sortzea eta euskara bultzatzea.

Txalo saria aurten –ez da urtero gertatzen– emango da. Pedro Otaegik eskuratuko du azaroaren 2an, Sanagustin kulturgunean egingo den ekitaldian. 1980ko hamarkadaren hasieran hasi zen interpretazio munduan Imanol Eliasen aginduetara, Azpeitiko Antxieta Antzerki Taldean. Urte batzuk geroago, ETBko ‘Goenkale’ saiok aurpegi ezagun bihurtu zuen. 2009. urtean debuta egin zuen zineman Ander filmarekin.

Corrado Masacci txotxongilogileak ere presentzia berezia izango du. Azken aldia izango du Topaketetan egongo dena. Erretiroa hartu aurretik, azaroaren 1etik 15era, 45 urtez egindako lanen aukeraketa  jarriko du erakusgai Betharram aretoan. Antolatzaileek iragarri dutenez txotxongiloek izango dute presentzia datozen urteetako topaketetan ere, Tolosako Topic zentroak hartuko baitu haren lekukoa. Azaroaren 9an, gaztetxoentzako txotxongilo tailerra antolatu du Topicek (sarrera aurrez hartu behar da).

Soreasu antzokian, Dinamoa sormen gunean, Sanagustin kulturgunean eta kalean izango dira aurtengo emanaldiak, eta, berrikuntza gisa, San Martin egoitzan ere bai. Azaroaren 11n, ‘Zimurrak’ lana ikusteko aukera izango dute egoiliarrek.

«Balioa»

Dinamoa sormen gunean egin zen aurkezpena. Han izan ziren Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea; Aitor Larrañaga Kultura batzordeburua; Garazi Lazkano Kulturaz Kooperatibako kidea; Xanti Agirrezabalaga Azpeitiko antzerki tailerren dinamizatzailea eta aktorea eta Iñaki Ziarrusta Atx Teatroa konpainiako kidea.

Nagore Alkorta alkateak topaketen garrantzia nabarmendu zuen. «42. aldiz egingo dira aurten. Beti hor dauden gauzei balioa ematea gehiago kostatzen da, baina benetan altxor bat dira Euskal Antzerki Topaketak», esan zuen.

Antzerkia sustatu nahian urte osoan erakundeek egiten duten ahaleginari egin zion erreferentzia Lazkanok.

Topaketek euskal antzerkiz betetzen dute Azpeitia azaroan. Alabaina, topaketen aurretik, antzerkia sustatzeko urte osoko lana dago, eta lan hori izan du hizpide Garazi Lazkanok. Sormen egonaldiak dira honen adibideetako bat. «Sormen prozesuak ahalik eta modu osoenean babestea dugu helburu, eta, horretarako eskura ditugun bitarteko guztiak eskaintzen dizkiegu konpainiei», adierazi zuen.

Aurten, ondorengo konpainiek burutu dituzte sormen egoitzak: Artedramak (‘Miñan’); Talka obrak (‘Mendia’); ATX Teatroak (‘Marmarra’) eta Pez Limbok (‘Ilargiaren Alabak’). Lan horiek guztiak ikusi ahal izango dira topaketetan.

Urtean zehar konpainiei eskaintzen zaizkien erraztasun horiek azpimarratu zituen Atx Teatroako Iñaki Ziarretak ere. «Duela hamar urte ez zen, baina gaur egun Azpeitia punta-puntako erreferentzia bihurtu da sorkuntzak egiteko ahalmenean, eskaintzen dituen baliabideetan, azpiegituretan, eta, gainera, ematen duen tratuan».

Atx konpainiak ‘Marmarra’ lanaren azken zatia prestatu du Azpeitian egindako egonaldian. «Guretzat oso apustu handia izan da lan hau. Zazpi aktorerekin da ikuskizuna, aretoan ez ezik kalean egiteko ere bai. Gastu handi bat du, baina oso pozik gaude, prozesua oso ondo joan delako».

Kaleko bertsioa aurkeztuko dute Azpeitian, «bereziena». Frontoi Txiki ondoan izango da, azaroaren 9an. «Beldurrek gure eguneroko erabakietan zer protagonismo duten kontatzen dugu. Gure estiloari leialtasuna erakutsiz, ohiko lengoaietatik kanpo dagoen ikuskizuna da».

Lanketa berezia, «Miñan»-ekin

Egoitzak Azpeitian egiten dituzten konpainia horiek mediazio eta sentsibilizazio saioak ere eskaintzen dituzte. Horren adibidetako bat da Miñan antzezlanarekin egin den lanketa. Irrati solasaldia izan zen Amets Arzallus liburuaren idazlearekin, Ander Lipus antzezlanaren zuzendariarekin, Sambou Diaby antzezlaneko protagonistarekin eta liburua ingelesera itzuli zein antzezlanerako moldatu duen Timberlake Wertenbakerrekin. Arantxa Iturbek gidatu zuen saioa eta entzungai dago jada antzerki topaketen atari digitalean.

Herriko ikastetxeetako ikasleek antzezlana ikusi eta ondorengo solasaldian parte hartzeko aukera ere izan dute.

Eskola antzerkia

Etorkizuneko antzezle eta antzerkizaleak ere hartzen dira kontuan topaketetan. Horregatik, eskola antzerkiak ere izaten du tokia. Aurten, Azpeitiko, Bermeoko, Errezilgo eta Amezketako taldeak etorriko dira emanaldiak eskaintzera, azaroaren 11tik 14ra. Azaroaren 15ean, berriz, antzerki profesional bat programatu da eskola orduetan: Anima Maravillas konpainiaren ‘Andereño’.

Xanti Agirrezabalaga antzerki irakaslearen esanetan, «goraipatu beharrekoa» da eskola antzerkiari topaketetan ematen zaion tartea. «Topaketen barruan, astebeteko beste topaketatxo bat egoten da». Gaur egun, Azpeitian, 8-18 urte arteko 60 ikasle aritzen dira antzerkian Agirrezabalaga berarekin eta Alaitz Olaizolarekin, bost taldetan banatuta. Helduen taldea ere badago, eta asteazkenetan biltzen da.

Sarrerak salgai daude webgunean. Atari hori erabili ahal izango da sarrerak erosteko ere. Helduentzako sarrerak 10 euro balioko du, eta haurrenak 5 euro. Kultur bonuarekin, doakoak dira emanaldiak. Euskal Antzerki Topaketen 42. ediziorako kartela lehiaketa bidez aukeratu da, eta Leire Derteano Lizarralde oñatiarrak egin du.

Location

Sanagustin kulturgunea
Plaza Nagusia, 5
Azpeitia. Gipuzkoa