Baztan, euskal nobela beltzaren kokagune, urtarrilaren 20tik 26ra
Date
01.20.25 - 01.26.25
Place
Nafarroa - Erratzu
(H)ilbeltza jaialdiak edizio berriaren egitaraua jakinarazi du ostiral honetan. Urtarrilaren 20tik 26ra egingo dira aurten prestatutako ekitaldiak. Euskarazko nobela beltza sustatzeko kultura jarduera da (H)ilbeltza eta 2015. urteaz geroztik egiten da Baztanen.
Urtarrilaren 20an irakurleen asanblada iragarri da, oraingoan ‘Amazurtza’ liburuarekin. Joxan Oiz Arrutik lan honekin irabazi du (H)ilbeltza beka. Donostia, 1876ko ilbeltz elurtua. Karlisten bonbapean dago hiria, periodikoak egunero argitaratzen du zenbat pepino erori diren bezperan. Gerra amaitzen ari den ustean, hiria berriro pizteko prestatzen ari dira, kaleak zabaltzen, bazterrak argitzen. Eta hiriaren garapen horri loturik, hainbat poltsiko betetzen. Zenbaitek, ordea, granaden burrunba eta iskanbila etsaiak garbitzeko probestuko du. Kapela saltzaile bat egia bilatzen saiatuko da, ezagun baita mikeleteak, milizianoak eta karlistak, denek janzten dutela inoiz txapela. Arizkungo medikuaren etxean da hitzordua, 19.30ean.
Urtarrilaren 22an ‘Bärlach komisarioaren abenturak eta desbenturak’ gaiaren inguruko solasaldia izango da Idoia Santamariarekin Anizko elkartean, 19.00etan.
Hilaren 24an, berriz, ‘Arg(h)itzen’ dokumentala ikusteko aukera eskainiko da Iruritako Gizarte Bilgunean, 19.00etan. Torturatuak izan diren hainbat pertsonen testigantzak jaso ditu lanak.
Egitarauan aurrera eginda, urtarrilaren 25an mahaingurua egingo da ‘Nola sortu kriminal bat (nahi gabe)’ gaia ardatz hartuta. Hizlariak Edurne Elizondo eta Mikel Elortza izango dira Isabel Jaurenaren gidaritzapean. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean 11.00etan da hitzordua.
14.00etan bazkaria egingo da Erratzun. Txartelak ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidean eskatu ditzazkete interesatuek.
Bazkalondoan liburu aurkezpenen txanda izango da. Izaskun Gracia Quintana ‘Basokoa’ liburuaren berri emango du. Amona hil eta bilobak, Hodeitza eta Nahia, baserrira itzuli dira, lekua husteko eta harekin zer egingo duten erabakitzeko. Baina baserri ondoko basoan urte luzez beren zain egon den zerbait esnatu egingo da. Eta Amaren gaixotasunaren eta Amonaren jokaera arraroaren sorburua den zerbait horrek familiak duela asko pilatu zuen zorra kitatzeko modua bilatuko du.
Iñaki Petxarromanek, bere aldetik, ‘Lehendakariaren alaba’ eleberria aletuko du. Euskal Herriko politika eta mundu mailako larrialdi klimatikoa uztartzen dituen distopia da. EH Bildu Gasteizko Gobernuan, gero berriz ilegalizatua eta bere lehendakaria Baionan erbesteratua; Ayuso eta Abascal Espainiako Gobernuan, euri faltaren ondorioz ura negozio pribatu bihurtua, bero itzelaren eraginez ehunka mila migratzaile penintsulatik euskal kostaldera; gazte asko, egoera etsigarri horri aurre egin nahian, ETA Berri izeneko erakundean sarturik, sabotajeak eta bestelako ekintzak burutzeko… Dena gure errealitatearen hain antzeko eta hain desberdin…
Ilunabarrean ‘Ilargipeko enigmak’, susmagarrien gaua, Erratzuko ostatuetan barna jolasean.
Hurrengo edizioari amaiera emanez urtarrilaren 26an ‘Xartolako Axeri Itzuli beltza’ iragarri da Azpilkuetan, 11.00etan. Arratsalde partean, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean 19.00etan ‘Odola-kantari-Euskal kantagintzaren tragepedia’ emanaldia eskainiko dute Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak.
Location
Ostatua
Ostatua
Erratzu. Nafarroa