Beñat Olaberriaren margo abstraktuak, estreinakoz ikusgai Donostian
Date
04.10.25 - 05.24.25
Place
Gipuzkoa - Donostia

Maiatzaren 24a bitarte eskegi ditu bere margoak Beñat Olaberriak Donostiako Ekain Arte Lanak galerian. Lehenengo aldia du bere jaioterrian erakusten duena. Bere pinturak ez dira sekula Euskal Herrian ikusi, nahiz munduan barrena –Ingalaterran, Alemanian, frantziar Estatuan, Suitzan, Taipeien, Shangaien...– hainbat erakusketa egin dituen.
«Nahiko nuke hemen nire lana erakustea. Inaugurazioan lagun eta familiak lehen aldiz ikusi zuten nire lana. Oso berezia izan zen, polita. Donostian ez da nire lana sekula ikusi eta oso eskertuta Ritari [Unzurrunzaga] eskaini didan aukeragatik», adierazi du.
11 koadro eta hauekin batera 20 papereko lan txiki aurkeztu ditu. Lehenak Donostian «serioki» ondutako estreinakoak dira. Gainontzekoak pandemia garaian sortu zituen Londreseko etxean. Erakusketaren izenburua, ezin bestela izan, ‘Etxetik’.
Ingalaterrako hiriburua du bizitoki duela hamarkada batetik. Bertan aurkitu du bizitokia eta artegintza garatzeko lekua. Bertatik ireki dio munduari leihoa.
Kotoizko mihiseak erabiltzen ditu eta haien berezko kolorearen gainean beltza da erabiltzen duen kolore bakarra. Hori bai, pintura potoloagoa ala meheagoaren bidez transparentziak eta testurak lortzen ditu.
Azken emaitzak baino, bideak pizten du artistaren interesa. Ibilian gertatzen diren «istripuak» ongietorriak dira Olaberriaren artegintzan.
Ekain Arte Lanak galeriako bisita ordutegia asteartetik ostiralera 12.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara. Larunbatetan 12.00etatik 14.00etara. Sarrera doan.
Location
Ekain Arte Lanak
Iñigo, 4
Donostia. Gipuzkoa