Bisita gidatuak Bermeon, Nestor Basterretxearen obra ezagutzeko

Date

10.03.24 - 11.26.24

Place

Bizkaia - Bermeo

Nestor Basterretxearen ‘Olatua’, Bermeon.
Nestor Basterretxearen ‘Olatua’, Bermeon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Nestor Basterretxeak bere sorterrian daukan obra zabala erakusteko bisita gidatuak antolatu dira, bere jaiotzaren mendeurrenean. «Bermeo da Nestor Basterretxearen obra publiko gehien dituen udalerria, eta bere kale eta plaza ugari artista bermeotarraren aire libreko galeria bihurtzen dira. Sinbolismoz beteta eta euskal nortasunarekin sakonki lotuta dauden bere eskulturak, Bermeoko hiri-paisaiaren zati bereizezinak dira. Bisita gidatu hauen bidez, parte-hartzaileek eskulturak ez ezik, Basterretxeak bere lurrarekin izan zuen harreman estua ezagutu ahal izango dute, eta baita ere, bere arteak zelan islatzen dituen Euskal Herriko balioak, historia eta kultura», esan dute Udaletik.

Ostegun honetan ekingo zaie bisitei. Euskaraz izango da lehen saioa, 16.00etan. Euskarazko hurrengo hitzorduak hilaren 17an eta 28an izango dira. Gaztelaniaz berriz, urriaren 10 eta 21ean. Denak ordu berean.

Azaroan goizez, 11.00etan, iragarri dira bisitak. Euskaraz hilaren 5ean eta 19an. Eta gaztelaniaz azaroaren 12 eta 26an.

«Ibilbide hauetan artistak Bermeon egin zituen lan adierazgarrienak zeharkatuko dira, hala nola, Lameran kokatu dagoen bere lanik adierazgarrienetariko bat, ‘Euskal Kosmogonia’, edo euskal paisaiaren interpretazioa eta borrokarako espiritua islatzen duten eskultura-pieza ikusgarriak. Bisita bakoitzak lanen azalpen zehatza emango du, bakoitzaren testuinguru historikoa eta esanahia azalduz. Bisita gidatuek, gainera, Basterretxearen estilo berezia eta haren kultur ondarea hobeto ezagutzeko balioko dute», azaldu dute antolatzaileek.

Bisita gidatuetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da Bermeoko Turismo Bulegoan bertan, edo 94-6179154 telefono zenbakira deituta.

Location

Lamera
Lamera
Bermeo. Bizkaia