Erbesteratutako musikariak gogoan Donostian egingo den kongresuan
Date
11.21.23 - 11.24.23
Place
Gipuzkoa - Donostia
Musika Erbestean izenburupean egingo den nazioarteko batzarra ostegun honetan aurkeztu da. Azaroaren 21etik 24ra bitartean Donostian izango da. Hamaika Bide Elkarteak eta EHUk sustatu duten kongresu honek dozenaka aditu eta artista bilduko ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du. Hasierako ekitaldia Foru Jauregiaren Jalgi aretoan egingo bada ere, ondorengo saioak EHUren Carlos Santamaria Liburutegian egingo dira.
«Aurten erbestearen inguruko XVIII. Kongresua egingo dugu, oraingo honetan musika ardatz hartuta. Ez da arlo honetara hurbiltzen garen lehen aldia, 2012an arte eszenikoen esparruan landu ahal izan baikenuen. Oraingo honetan, ordea, musika munduan eta erbestean zentratu nahi dugu. Musikak berak erbesteratu ez ezik, iheslariei laguntzeko funtzio garrantzitsua ere bete zuen. Kontzentrazio-esparruetan, Europatik alde egin nahi zuten itsasontzietan, errepublikar eta iberiar nazionalitateen zentroetan, musikak funtzio sozial garrantzitsua bete zuen nostalgiaz eta identitateaz haratago», adierazi dute Hamaika Bide Elkarteko kideek.
Biltzar honetan askotariko alderdiak aztertu nahi dituzte. Hauek dira ideia batzuk: musikarien, egileen eta interpreteen biografiak; erbestean garatutako ekimenak musika munduan; musika ihesean eta erbestean; musika eta literatura. Literatura-hurbilketak musikaren mundura; musika eta zinema, antzerkia, dantza».
Gaurko prentsaurrekoan parte hartu dute Hamaika Bide elkarteko ordezkari Iosu Chuecak eta Jose Ramon Zabalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendaria den Ion Gambrak.
Bertan adierazi dute sei unibertsitatetako 20 aditutik gora izango direla erbesteko musika eta dantzaren inguruan egindako hainbat ikerketa aurkezten. Ez dira soilik hitzaldiak entzun ahal izango, baizik eta saio asko musikarekin bateratuko dira; adibidez, irekierako saioan musika gatibuaren inguruko hitzaldi-kontzertua eskainiko dute Melina Burlaud hizlari eta piano-jokatzaileak, Gorka Roblesen ahotsarekin.
«Gaztelaniaz esaten den bezala, ‘musikarekin beste nonbaitera’ alde egin zuten milaka erbesteratuk 1936ko uztailetik aurrera, Gerra Zibilaren ondorioz. Historia garaikideko erbesteratze handiena izan zen, eragindako pertsonen kopuruagatik eta izandako iraupenagatik. Horrek milaka pertsonaren martxa eragin zuen, klase sozial guztietakoak, sektore intelektual eta artistikoak barne. Musikari lotutako munduak, derrigorrezko erbesteratuen egoeraren ondorioz, bide berri bat eman zien beren jarduera melomanoei», adierazi dute Chuecak eta Zabalak.
Ezagutza
Kongresu honen bidez musikari horien ezagutza bultzatu nahi da, eta erbestetik eratorritako testuinguruaren adierazpenak aztertu. Beraz, erbesteko musikaren inguruan gehiago ezagutu eta musikaz gozatzeko aukera izango da.
Ion Gambrak, antolatzaileei eskerrak emateaz gain, gure historia gehiago ezagutzeko gonbita luzatu du, erbestean sortutako musika eta kulturaren bidez, «hobeto eta sakonago ulertu dezagun nor garen gaur». Gainera, programaren edukia nabarmendu nahi izan du, eta nazioarteko izaera goraipatu, besteak beste, Estatu Batuetako Renoko Unibertsitateko eta George Mason University-ko ikerlariak ere bertan izango direlako.
Besteak beste, Melina Burlaud, Lucy Duran, Samuel Diz, Faustino Aranzabal, Jon Bagues eta Gasteizeko Abesbatza Errepublikanoak hartuko dute parte kongresuan. Baita Batzorde zientifikoa osatzen duten Larraitz Ariznabarreta doktoreak (Reno University, Nevada), Manuel Aznar Soler doktoreak (Universidad Autónoma de Barcelona), Monica Buxeda doktoreak (Hamaika Bide Elkartea), Iosu Chueca Inchusta doktoreak (Hamaika Bide Elkartea), Carmen Gil Fombellida doktoreak (UPV-EHU), Rebeca Gomez doktoreak (Hamaika Bide Elkartea) eta Jose Ramon Zabala Agirre doktoreak (Hamaika Bide Elkartea) ere.
Azaroaren 21ean 18.00etan egingo da irekiera ekitaldia. Ekitaldietara sarrera librea da.
Location
Carlos Santamaria Liburutegia
Elhuyar Plaza, 2
Donostia. Gipuzkoa