Donostiako Piratak musikaz blai

Date

08.12.23 - 08.19.23

Place

Gipuzkoa - Donostia

Esne Beltza taldeak La Flamenka lehertaraziko du astelehenean.
Esne Beltza taldeak La Flamenka lehertaraziko du astelehenean. (Gaizka Peñafiel)

Donostiako Piratek musika egitarau erakargarri prestatu dute Aste Nagusirako. Portuko Flamenka gunean ospatuko dira emanaldi nagusiak eta Trinitate plazan ere zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera izango da. Askotariko doinuak entzun ahalko dira abuztuaren 12tik 19ra bitartean, musikalki egitarau anitz eta koloretsuan. Emanaldi gehienak 23.05etan hasiko dira, eta ohikoan bi musika taldea ariko dira gauero.

ABUZTUAK 12 LARUNBATA

Iratzar taldeak emango dio hasera musika festari. Erromeri giroetan datorren taldea da honakoa, eta txupinazo pirata eta gero, talde aproposa Euskal Herriko kantu ezagunekin dantza egiteko

ABUZTUAK 13 IGANDEA

Mugan taldeak zabalduko du gaualdia 23.05etan. Donostia bertatik datorren talde gaztea da honakoa, eta laster kaleratuko dute lan berria. Duela gutxi sarean zintzilikatu dute ‘Mina baino lehen’ kantua, disko berriaren aurrerapena. 01,00etan igoko da agertokira Ibil Bedi talde nafarra ‘Goldea’ disko besapean. Proposamen berri eta gazteak ezagutzeko gau aproposa.

ABUZTUAK 14 ASTELEHENA

Abuztuaren 14an izan ohi da Piraten egun handia, arratsaldean burutzen duten abordaia jendetsua medio. Kontzertuak ohikoan baino lehenago hasiko dira, eta arratsaldeko 20.00etan Esne Beltza igoko da agertoki gainera. Afaltzeko eta indarrak biltzeko denbora hartu eta gero, 00.30ean Nogen taldearen txanda izango da.

ABUZTUAK 15 ASTEARTEA

Emakume ahotsak nagusituko dira astearte gauean. Azken boldan zer esana ematen ari diren bi proposamenen eskutik. 23.05 Olaia Inziarte igoko da agertokira bere banda lagun, argitaratu duen lehen diskoa aurkeztera. Geldiezin dabil musikari nafarra, emanaldi bakoitzean zaletuak pilatuz. Goizaldeko 01.00etan Sua talde bizkaitarraren txanda izango da, rock kutsuko kantu beroak landuz.

ABUZTUAK 16 ASTEAZKENA

Askotariko doinuak entzungo dira Aste Nagusia Piratan eta betiko rocka maite dutenentzako eguna izango da asteazken gauekoa. La Excavadora (Gatillazo, Obligaciones...) taldean rock eszenako zakar zaharrak biltzen dira, kantu zuzen eta azidoekin egurra banatuz. 01.00etan taularatu da Delirium Tremens talde mitikoa. 80. hamarraldiko banda bueltan da eta plazerra izango da laukotearen kantu ezagunak berriz ere zuzenean entzutea.

ABUZTUAK 17 OSTEGUNA

Piratek proposamen berrien aldeko apostua egin dute aurtengo afitxean, eta Janus Lester taldearen emanaldia horrela ulertu daiteke. Jokin Pinatxo nafarrak gidatzen duen banda pop giro gozoetan dator, funkari edota soul giroei muzin egin gabe. Disko polita argitaratu du, eta zuzenean taularatuko du ostegun gauez. 01.00etan Kilimak taldearen txanda izango da, Euskal Herritik rumba giro bero eta alaiak landuz.

ABUZTUAK 18 OSTIRALA

Ostiral gauez gitarrak zorroztu eta erritmoak indartuko dira. Ezpalak taldeak zabalduko du gaualdia ‘Hortz Aina Hots’ diskoa aurkezten. 90. hamarkadako rock alternatiboa zutabe nagusia, emanaldi oldarkorrak eskaintzen ditu bandak. 01.00etan Niña Coyote eta Chico Tornado bikoaren txanda izango da, Donostia bertatik. Zuzeneko bortitza dute Koldito eta Usoak, ahotsa, gitarra eta bateria soilez egurra banatuz latz.

ABUZTUAK 19 LARUNBATA

Azken gauean ere erritmo gazteak izango dira nagusi. Donostiako bertako Herenegun taldeak zabalduko du gaua musikalki rocka eta ska giroak uztartuz. 2020 urtean kaleratu zuen bandak estudioko lehen lana, eta egunotan ‘Jakin nahi nuke’ abestia plazaratu dute. Beraz, kantu zaharrak eta kantu berriak entzuteko aukera izango da honako emanaldian. XSakarak borobilduko gaua 01.00etatik aurrera. Musika urbanoa deritzon unibertsoan kokatzen du bere burua Xabier Gutierrez (Bermeo, 1997) musikariak, askotariko giroetan murgilduz emanaldi koloretusan.

Trini plazan, afaldu eta gero kontzertuak

Azken urteetan bezala Trini plazan ere zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera izango da. Abuztuaren 12an Ginger eta Rukula taldeak ariko dira zuzenean 23.00etatik aurrera. 13an Physis vs Nomos taldeko Beñat Antxustegi bakarkako saioan ariko da. 14ean bertso saioa izango da, eta ondoren Indabe taldearen emanaldia. Asteartean, abuztuaren 15 gauean Bi Zaldi eta Irteera ariko dira, eta 16 gauean Erroka eta Muare taldeak. 17an Andoni Ollokiegi eta El Quinto Contenedor taldea, 18an Alarma Morea, eta egitaraua borobilduz, La Jodedera taldea ariko da 19 gauean.

Location

La Flameka gunea
Portua
Donostia. Gipuzkoa

Links