‘Euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak’ jardunaldia Azpeitian
Date
10.26.24
Place
-
Kultur Sorkuntzaren Transmisioa ekimenak euskarazko kulturgintzaren transmisioari buruzko hirugarren jardunaldia prestatu du. Euskarazko kulturgintzaren transmisioa bere osotasunean aztertu eta kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragile guztiekin elkarlanean transmisioa bermatuko duten neurri eraginkorrak proposatu eta adostea da du helburu ekimenak.
«Abiapuntua argia da, euskarazko kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta ez hezkuntza arautuan, ez hezkuntza ez arautuan (aisialdia barne), ez hedabideetan, ez ingurune digitalean ezta etxe giroan ere», adierazi dute asteazken honetan egindako aurkezpenean sustatzaileek.
Transmisioan eragile diren eremu guztiak aztertzea izanik helburua, 2019ko lehen jardunaldietan, euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hezkuntza arautua izan zituzten aztergai. 2021eko bigarren jardunaldietan, hezkuntza araututik kanpo euskarazko kulturgintza nola transmititzen dugun hausnartu zuten.
Hezkuntza arautuan zein ez-arautuan euskarazko kulturgintzaren transmisioak dituen gabeziak ezagutu ostean, hedabideei jarriko zaie fokua oraingoan. Batetik, Sormenean hezi, kulturan bizi. III jardunaldia iragarri dute. ‘Euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak’ izenburupean urriaren 26an egingo dituzte Azpeitian. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko udala dituzte babesle.
«Euskarazko kulturaren transmisioa gizarte osoa inplikatzen duen erantzukizun kolektiboa da. Jardunaldi hauek euskararen erabilera eta ikusarazteko bultzatuko duten neurri zehatzak hausnartzeko, adosteko eta proposatzeko aukera ematen digute, batez ere ingurune mediatiko globalizatuago batean. Kultura-eragileekin lankidetzan, ziurtatu behar dugu gure hizkuntzak leku nabarmena izango duela bai komunikabide tradizionaletan, bai formatu digital berrietan», esan du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleriak.
Berretsi du ekimenaren helburua kultur transmisioa bermatuko duten irtenbide eraginkorrak aurkitzea dela: «Ezin dugu ziurtzat jo euskararen transmisioa bermatuta dagoela. Fronte guztiak aztertu eta elkarrekin lan egin behar dugu gure komunitateen egunerokotasunean haien presentzia indartzeko».
Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Euskara eta Kultura batzordeburuaren hitzetan, jardunaldi hauek aukera paregabea izango dira euskal kulturaren transmisioan hedabideek duten funtsezko eginkizunari buruz hausnartzeko. «Azpeitian zortekoak garela esan daiteke, kultur mugimendu indartsua dugulako eta erreferentzialtasun handiko euskarazko tokiko hedabideak ere bai. Azpeitiko Udalak lankidetzaren alde egin du bi arlo horietan, eta aurrerantzean ere elkarlan hori sustatzen jarraitzeko konpromiso irmoa du». Antolatzaileei eskerrak eman dizkie Larrañagak beste behin ere Azpeitian antolatzeagatik Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldiak.
Ikerketa berria
Aipatzekoa da Behategiak eta Elhuyarrek elkarlanean egingo duten ikerketa. Sekula egin gabea da. «Gure ustez informazio oso baliagarria jarriko du guztion eskura. Kualitatiboki sekulako garrantzia duen azterketa izango da», nabarmendu dute.
Batetik, euskarazko kulturgintzaren hedabideetako presentzia nolakoa den ezagutzeko hedabide digitalak aztertuko dira, Euskal Herriko hamar komunikabidek osatutako lagina landuta: NAIZ, ‘Berria’, ‘Goiena’, ‘Alea’, ‘Anboto’, ‘Diario Vasco’, ‘Noticias de Navarra’ eta ‘El Correo’, hain zuzen ere. Webgune hauetako ‘Kultura’ kategorian 2023an argitaratutako eduki guztiak bilduko dira.
Corpus horretan euskarazko kulturgileek/euskarazko kulturak duen presentzia aztertuko da testu meatzaritza bidez, honako bi ardatzak argitzeko. Batetik, euskarazko kulturgileek/euskarazko kultura zenbat agertzen den eduki horietan. Bestetik, nortzuk agertzen diren, kultur erakunde/pertsonen erlazio grafo bidez. Analisi hori ahalbidetzeko datuen prozesaketa Elhuyarrek egingo du. Aipatu bi ardatz hauen inguruko datu azterketa egingo da, emaitzak grafikatu eta interpretatuta.
Mahainguruak
Horrez gain, ’Zertan da euskarazko kulturgintzaren komunikazio-jarduna?’ galdera jarriko da mahai gainean. «Euskarazko kulturgintzan eta beronen edukien hedapenean aritzen diren eragileak elkartuko ditugu, nork bere orain arteko esperientzia, egunerokoa eta etorkizunerako aurreikuspenak plazaratu ditzan. Ezaugarri komunak dituzte lauek ere: sortzaileak dira eta kazetaritzan arituak bi orduko mahaingurua izango da», azaldu dute.
Inma Errea itzultzaile, idazle eta kazetariak hartuko du moderatzaile eginkizuna. Hizlari honakoak arituko dira: Iñaki Etxeleku aktorea, kultur-eragilea eta kazetaria; Ane Zuazubiskar bertsolaria eta kazetaria; eta Josune Velez de Mendizabal aktorea, ipuin-kontalaria eta kazetaria.
‘Kultur kuotak hedabideetan: Nazioarteko ereduak’ gaia ardatz hartuta egingo da beste saioa. «Munduko hamaika herrialdetan daude indarrean tokiko kultura ezagutarazteko eta kultura horren fruitu zahar zein berriak komunikabide eta hedabideen bitartez gizarteratzeko planak eta legeak. Baita hizkuntza propioa hegemonikoa den Mendebaldeko estatuetan ere. Urrutira joan beharrik ez daukagu horren adibideak aurkitzeko: Frantzian, esate baterako, irratiz aireratutako musikaren ehuneko bat estatuko lurraldeetan ofizial diren hizkuntzetan kantatua behar du, legez. Frantzia ez da bakarra izan inguruotan halako araudiak ezartzen. Izan irrati, izan telebista, izan plataforma digital... kultur kuotak Europako estatu gero eta gehiagotan ari dira ezartzen. Pandemia ostean, areagotu egin da halakoen ugalketa. Zer gertatu da azken urteotan, bada, kultur kuota horien beharra areagotzeko? Hizkuntza gutxituetan ardaztutako kultur eta komunikazio sistemei zein ekarpen egin diezaiekete kuoten ezarpenak? Galdera hauei erantzuten hasiko gara bi hitzaldiren bitartez», iragarri dute gaur.
Kultur kuotek nazioartean duten bilakaera eta egungo panoramaz hitz egingo du Amagoia Gurrutxaga Uranga, Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko koordinatzaileak. Eta Kataluniako kultur kuota sistema eta espainiar Estatuko Ikus-entzunezko Lege berria aztertuko du Pol Cruz Corominasek (Plataforma per la Llenguako Kultura Batzordeko kidea).
«Jardunaldian zehar talde txikitan aritzeko bi txanda ere egituratuko dira, jardunaldira hurbildu diren kideen iritziak biltzeko, eta mahai-inguruetan edo hitzaldietan proposaturiko gaiez modu patxadatsuago batean eztabaidatu ahal izateko», esan dute.
Izenematea zabalik dago sartu UEUko webgunean. Egitaraua ere bertan kontsulta daiteke. Kultur Sorkuntzaren Transmisioa ekimenak Ahotsenea, Bertsozale elkartea, EIE, EIZIE, Elkar fundazioa, Euskal Wikilarien elkartea, Hik Hasi, Jakin, Lanartea eta UEU ditu bidelagun.
Location
.