Fernando Garate eta Estrella Gomararen bildumako 30 lan, Photomuseum-en

Date

07.02.24 - 09.01.24

Place

Gipuzkoa - Zarautz

Karmelo Bermejo lana.
Karmelo Bermejo lana. (PHOTOMUSEUM)

‘Norberak, berez, bere kabuz jokatzen duena baino jokatuagoa da’. Hauxe da Zarauzko Photomuseum-en ateak ireki dituen erakusketaren izenburua. Fernando Garate eta Estrella Gomararen ‘Modus Vivendi’ bildumako hogeita hamar bat lan biltzen ditu.

Egileak honako hauek dira: Jordi Alcaraz, Jannis Kounellis, Leandro Feal, Eugenio Ampudia, Karmelo Bermejo, Ibon Mainar, June Crespo, Unai San Martin, Alba Galocha, Nobuyoshi Araki, Thomas Ruff, Sergio Prego, Txomin Badiola, Esteban Vicente, Manu Muniategiandikoetxea, Ana Laura Alaez, Jonathan Lasker, Manuel Hernández ‘Mompo’, Damaris Pan, Aitor Ortiz, Llorenc Ugas, Unai San Martin eta Jose Ramon Amondarain.

Azken honek, Garate eta Gomararen enkarguz, erakusketa zein katalogoaren edizioa bilduko dituen proiektua egin ditu. Erakusketan hautatutako lanak ez daude gai jakin baten menpe, ezta lanek berez osa dezaketen sareaz harago doan ezein proposamenen menpe ere. Erakusketak argazkiak, pinturak eta eskulturak biltzen ditu. «Beren karga emozionalak dituzte, memoria, irudimen eta desioarenak, subjektu baten bila. Lan hauek subjektibotasun anitzak dituzte gainjarrita, begiradaren eremuak uzkurtzen dituenak. Pieza bakoitzak gertuen duena, guztiak tentatzen ditu, ikusleak lotura induzitu, desplazatu batean parte har dezan», idatzi du Amondarainek.

Erakusketaren izenburuari dagokionez, hau dio: «Ez da erakusketa azal dezakeen ardatza. Aitzitik, zentzu bat du berez, eta funtzionamendu autonomo bat, eragiketa paralelo gisa sartzeko eta irteteko aukera ematen duena. Gauzen joeran arreta jartzea eta denbora indibiduala mugimendu transpertsonalean ematen dela sentitzea proposatzen du».

Argitalpenak Garatek eta Gomarak bildumagile gisa aurrera daramaten jarduera indartzeko balio izatea nahiko luke Amondarain, «azken 44 urteetan erakutsi duten erantzukizun eta konpromiso berarekin».

Helburu horrekin, edizioa aberastu nahi izan dute Ana Laura Alaez eta Txomin Badiola gonbidatuz, testu bana idatz dezaten. Bi kontakizun gehitu zaizkio argitalpenari. «Proposamenak ez du zerikusirik erakusketarekin, asmoa baita argitalpenean batera biltzea erakusketaren katalogazioa eta bi kontakizun argitaragabeak», argitu du.

«Transformazio beharrak pizten dituen prozesuek eta desioek proposamen irekiak izaten amaitzen dute. Honelako ekimenek erresistentzia egin nahi diote esanahiaren munduari, horrela, eskuartean dugun hori behin eta berriz kolpatu ahal izateko», gaineratu du.

Irailaren 1era arte daude ikusgai artelanak. Asteartetik igandera 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara.

Sarrera arrunta 6 eurokoa da eta murriztua 3 eurokoa. Asteazken eta ostiraletan museoaren sarrera doakoa da.

Location

Photomuseum
San Inazio Kalea, 11
Zarautz. Gipuzkoa