Gran Casino Kursaaleko mihise bat ikusgai jarri du San Telmo Museoak
Date
12.10.24 - 04.27.25
Place
Gipuzkoa - Donostia
Garai bateko Gran Casino Kursaalerako Nestor Martin Fernandez de la Torrek 1922an sortutako margoa hartu du San Telmok. Astearteko honetatik apirilaren 27ra arte jarriko da ikusgai artelana, museoak duela gutxi eskuratu eta zaharberritua.
Nabarmendutako Obra egitasmoaren barruan kokatzen da erakusketa. Aspaldi desagertutako Kursaal kasinoko Hall Handiaren hormari atxikitako lau mihiseetako bat zen margolan hau, orain koadro tankeran aurkezten dena. Jatorriz dimentsio handiko (254 x 184 cm) horma margo bat da (marouflage, kasu honetan horman itsatsitako mihise gaineko olioa). Bi pertsona irudikatzen dituen lan hau 1922an margotu zuen Martin Fernandez de la Torre artista kanariarrak.
Kursaaleko Hall Handia, Kasinoaren areto nagusienetakoa, edertzen zuen obretako bat da. Apaingarri aberatsez hornitutako tamaina handiko eta altuera bikoitzeko espazioa izanik, lau angeluetan Nestor Martin Fernandez de la Torrek margotutako obalo bana zuen apaingarri.
«San Telmo Museoak obalo haietako bat berriki aurkitu eta erostea lortu du, zaharberritzeko eta gizartearentzat berreskuratzeko. Hori dela eta, sortu zenetik 100 urte baino gehiago bete direnean, pieza bikain horietako bat aurkezten da museoaren Nabarmendutako obra programaren barruan», adierazi dute astelehen honetan egindako aurkezpenean.
Martin Fernandez de la Torrek modernismoarekin eta sinbolismoarekin harreman estua izan zuen, estilo akademizistekin apurtzen zuen pintura bat jorratuz eta arte askeago bat garatuz. Premisa horiek ikuksgai egiten dira ‘Izenbururuk gabe’ obran.
Obraren deskribapena
«‘Izenbururik gabeko’ mosaikoa bat imitatzen duen urre koloreko hondo baten gainean eta ardatz bertikal batean, monumentaltasun handiko bi irudiak agerian uzten dituen tamaina handiko obra sinbolista da. Bi gorputzak adrogino samarrak dira, beren garaiko moraltasunari desafio eginez, sentsualitate eta sentiberatasun handiko dantzaldi batean elkarrekin nahasten direnak», esan dute.
«Pertsonaiak bizitasun eta kolore saturazio handiko oihal delikatuez erdi estaliak daude, berreskuratutako aurpegietako antzerki makillajea bezala. Bere irudi luzangak neurriz kanpokoak dira, artistak perspektiba egokia kontuan hartu zuelako bere jatorrizko kokapenean, altuera handian, bistaratze egokia izateko», gaineratu dute.
Obrarekin lotutako jarduerak
Hainbat ekitaldi antolatu dira obraren inguruan. Museoko erakusketa iraunkorrean nabarmendutako obra gisa erakusteaz gain, bisita gidatua eta artelanaren, kasinoko ondarearen eta egilearen xehetasunak ezagutzeko hitzaldiak ere antolatu dira.
Gainera, San Telmo Museoak eta Casino Kursaal Luckiak sinatutako hitzarmenari esker, kasinoak museoari lan honi buruzko jarduera antolatzeko babesa emateaz gain, ikus-entzunezko bat egin du antzinako Kursaaletik berreskuratutako pintura ondareari buruz. Abenduaren 12an estreinatuko da, lehen hitzaldiaren testuinguruan.
Abenduaren 12ko bisita gidatua 18.00etan hasiko da eta gaztelaniaz burutuko da. Nabarmendutako obra dagoen lekuan, Carmen Martin zaharberritzaileak obran egin diren lanak azalduko ditu. Bisitarako lekuak dagoeneko agortuta daude. Egun horretan bertan, El Gran Casino Kursaal. Historia y recuperación de un patrimonio, hitzaldia 19.00etan hasiko da, gaztelaniaz, eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Ana Santo Domingo, San Telmo Museoko kontserbazio arduraduna, eta Lola Horcajo, historialaria, arituko dira. Nabarmendutako obrari buruz ez ezik, Kursaaletik errekuperatutako beste ondare elementuei buruz ere hitz egingo dute. Hitzaldian zehar, gainera, Casino Kursaal Luckiak babestutako eta Morgancreak ekoitzitako ikus-entzunezkoa estreinatuko da.
Azkenik, otsailaren 5ean, 19.00etan, ‘Nestor: un pintor simbolista’ hitzaldia izango da, Martin Fernández de la Torre artistaren figura eta obra aztertzeko. Las Palmas de Gran Canariako Nestor Museoko (Nestor Martin Fernandez de la Torre) zuzendari/gerentea den Daniel Montesdeocak eskainiko du. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Bisita ordutegia asteartetik igandera 10.00etatik 20.00etara da. Sarrerak leihatilan eta online.
Location
San Telmo Museoa
Zuloaga Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa