Haize-Arrosa Durangoko jaietan
Date
10.13.24 - 10.13.24
Place
Bizkaia - Durango
Durangoko jaien lehen asteburua ospatuko da egunotan, eta bide horretan ez da zuzeneko musikarik faltako herriko zenbait gune eta plazetan. Urtero legez, Txosnagunean musika egitarau ederra prestatu dute, eta besteak beste, Tatxers, Pinpilinpussies, Katu, Ainke, Belako edo Txopet taldeak ariko dira zuzenean jaiak herritik herriarentzat antolatzen dituzten gunean. Jaietako beste musika gune garrantzitsu bat Ezkurdi plaza izango da, eta bertan ospatuko dira emanaldirik jendetsuenak, non, Shinova, Esne Beltza (agur biran murgilduak), eta Haize-Arrosa ariko diren disko jartzaileen saioekin batera. Urriaren 13an izango da Haize-Arrosa taldearen txanda, eta emanaldi berezia prestatu du bandak egun berezi honetarako, agertoki gainean gonbidatuak izango dituztela iragarriz. Kontzertua 21.00etan hasiko da.
Ene Bada taldetik, Haize-Arrosara
90. hamarkadaren amaieran Ene Bada taldean aritu ziren Haize-Arrosa taldeko zenbait kide. Nagusiki trikipop giroak jorratzen zituen honako taldeak, eta estudioko bi disko eta dozenaka emanaldi eskaini zituzten hamar urtetako musika bidean. 2007 urtean desegin zen banda Plateruena antzokian eskaini zuten azken emanaldiarekin, uzta oparoa utziz bere bidean. 2022. urtean piztu zitzaien berriz musika sortzeko grina, eta Haize-Arrosa izenpean egin dute aurrera, musika bide berriak abiatuz. Musikalki folk-rock musika eremuan kokatzen dute euren burua, beti ere feminismoa ardatz bezala hartuta.
Taldearen lehen diskoak 2023 urtean ikusi zuen argia ‘Ez dugu zor ezer’ (Baga-Biga Musika Ideiak) izenpean, eta disko hori besapean makina kontzertu eskaini dituzte gurean. Berriki, 2024 honetan ‘Barau eta ase’ abestia' zintzilikatu du taldeak plataforma digitaletan. Durangoko emanaldian lehen diskoko abestiekin eta kantu berriekin osatuko dute zuzeneko zerrenda, beti ere kolaboratzaile eta lagunen kolore bereziarekin.
Location
Ezkurdi plaza
Ezkurdi plaza
Durango. Bizkaia