‘Ihesa zilegi balitz’, migrazioa irudietan

Date

03.05.24 - 04.07.24

Place

Gipuzkoa - Donostia

Hiritarren arreta pizten du erakusketak.
Hiritarren arreta pizten du erakusketak. (Gotzon ARANBURU)

Donostiako erdigunean, Bulebarrean zehazki, hiritar denen begietara, kokatu da ‘Ihesa zilegi balitz’, migrazioa irudietan jarri zuen erakusketa.

Gari Garaialde (Irun, 1972) eta Javi Julio (Donostia, 1978) dira proiektuaren sustatzaileak. Euren irudiekin batera Mikel Oibar (Bilbo, 1987) eta Santi Donaireren (Jaen, 1988) argazkiak ere bildu ditu erakusketak. Lehen biak egon dira astearte honetan egindako aurkezpenean. Lesbosen eta Kiosen aritu da lanean Julio, Bidasoa ibai inguruan Garaialde.

«Lesbos, Kios, Kanariar Uharteak, Bidasoa tarteka, ikusten ditugu telebistan. Istorio desberdin bezala ikusten ditugu, elkarrengandik banatutakoak, eta hemen erakutsi nahi dugu dena dela bidea. Ez dira pertsona berberak baina jende bera da. Askotan ez gara konturatzen gure kaleetan eta gure auzoetan ikusten ditugun bizilagunek bide berbera egin dutela. Bizitza arrunta egiteko ‘baimena’ ematen diegunean ahaztutzen gara bide guzti hori egin dutela», azaldu du Garaialdek.

«Migrazioaren paperak izan badituzte –pasaportea badute– baina euren pasaportea onartzen ez dugulako gure herrira etortzeko bizi behar dituzten peripeziei fokua jartzen dien erakusketa da», jarraitu du.

Julioren esanetan «Europako harresien erakusketa egin eta kalera ateratzearen helburua beraien egunerokoan erakusketa gelara joateko ohiturarik ez daukatenek ikus dezaten da. Argazkigintzarekin harremana dutenak edo militantziagatik gaia interesekoa dutenak bakarrik hurbiltzen dira erakustokietara. Kalera atera eta hiritargoa partaide izan dadin nahi genuen».

«Gorrotoaren diskurtsoa auspotzen duten alderdi politikoek zabaltzen dituzten buloak ere gezurtatu nahi ditugu. Etorkizun hobe baten alde borrokatzen dutenen %99ak euren bizia jokoan jartzen dute Europara iritsi, bertan lan egin eta gure auzoetako bizilagun bat gehiago izateko», gaineratu du.

Sei egituraz osatutako erakusketa da. Denera 48 argazki daude ikusgai. Bidasoatik abiatuta, Melilla eta Ceutara eta handik Greziara. Kristina Berasainen idatziek eman die testuingurua irudiei. Argazkiak euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko testuez lagunduta daude. Baita mapez ere «gizaki gisa interpelatzen gaituen drama batera hurbiltzeko asmoz».

Bisita gidatuak egingo dira. Ikastetxe eta taldeentzako batetik eta talde izaera eduki gabe ere erreserbatu dezakete hitzordua interesatuek ihesazilegibalitz.eus webgunean eta Bostok agentziaren webgunean. Sarrera librea da.

Apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai Donostian. Ondoren beste nonbait erakustea espero dute.

Location

Bulebarra
Bulebarra
Donostia. Gipuzkoa