J Martina, Zornotza eta Saniko jaietan

Date

07.27.24 - 07.27.24

Place

Bizkaia - Bilbao

'Negu Gorri' diskoa aurkeztuko du J Martina taldeak emanaldi honetan
'Negu Gorri' diskoa aurkeztuko du J Martina taldeak emanaldi honetan (JMARTINA)

J Martina hirukoak hilabete beroak ditu aurretik, eta kontzertu andana iragarri ditu Instragram sarean duen kanalean, eta bide horretan uztailetik irailera bitartean hamabi zuzeneko egingo ditu taldeak. Uztailaren 26 gauean Zornotzako Zubiondo plazan ariko dira zuzenean, eta Huntza taldeko kide izandako Josune Arakistain musikariak gidatzen duen Süne egitasmoa izango dute afitxean lagun.

27an, berriz, Bilboko Saniko jaietan joko dute, 23.00etatik aurrera Lebante plazan, eta Kalipotxo taldearekin batera. Abuztuan jarraituko du kontzertu bira, eta besteak beste Lekeition, Kanbon, Larrabetzun, Gernikan eta Deban ariko dira zuzenean. Emanaldi guzti hauetan ’Negu Gorri’ diskoa aurkeztuko dute, 2024ko maiatzean argia ikusi zuen taldearen disko berria.

Udan, Negu Gorri

Kattalin eta Ane Barcena ahizpek, eta Javi Jorajuriak osatzen dute J Martina egitasmoa. 2020 urtean abiatu zuten bidea, eta zer esana eman zuten sarean solte zintzilikaturiko kantuekin. Gerora, taldearen lehen kantuak ‘Jaio Naiz Baina’ diskoan bildu zituen hirukoak, eta Euskal Herria goitik behera zeharkatu ondoren, ‘Negu Gorri’ diskoaren konposaketan murgildu zen banda. Laboratorioan emandako ordu guzti horien emaitza hamar kantuz osaturiko lana da, eta musikalki pop elektronikoan kokatu daiteke bandaren proposamena, elementu elektronikoekin bustitako ahots melodiak nagusi diren kantuetan.

J Martina zuzenean
Uztailak 26 Zornotza + Süne (Zubiondo plaza)
Uztailak 27 Bilbo + Kalipotxo (Saniko jaiak)

Location

Lebante plaza
Lebante plaza
Bilbao. Bizkaia

Links