Joxerra Melguizo: Artea, lan prozesu eta prozedura gisa
Date
10.31.24 - 02.09.25
Place
Araba - Gasteiz
Joxerra Melguizoren (Gasteiz, 1968) ‘Refugios-diarios’ [lerro galduak] erakusketa hartu du Artium Museoak. Enrique Martinez Goikoetxearen komisariotzapean atondua, horma-irudi erraldoi bat du ardatz erakusketak. Zurezko panelen gaineko ehunka marrazki eta margolanek osatutako instalazio ikusgarria da, eta haren aurrean, lan horien prozesuan sortuako hondakinek osatutako beste instalazio bat jarri da.
Azken hamar urteetan egin dituen lanez osatua da. Zurezko panelen gaineko mila marrazki eta margolanek osatutako instalazio ikusgarriak arreta ematen du aretora sartu bezain laster, haren tamainagatik, 4 metro garai eta 30 metro luze baita, eta edertasunagatik.
Panelak karratuak dira, hainbat neurritakoak, hormetan zehar antolatzen dituen patroi bati jarraituta. Artistaren helburua ez da irudikapena edo paisaia erakustea –panelen gaineko lanei «antipaisaia» esaten die–, artearen praktikaren inguruko hausnarketa baizik. Prozesua, lantegiko arrastoa, marrazkiaren eta kolorearen bidez lan egiteko eta pentsatzeko modua dira hausnarketa gaia.
«Obrarekiko berarekiko, prozedurarekiko elkarrizketan», Martinez Goikoetxea komisarioak dioenez, sinboloen, forma abstraktuen, irudien eta testuen «alfabeto bat» osatu du artista gasteiztarrak, egunkari moduko bat, duela hamar urte hasitako lanarekin, 12 urte erakusketarik egin gabe eta geldialdi baten ondoren. Orduan, arreta guztia prozesuan jarrita, «aterpe» bila hasi zen Oteizaren hitzok buruan: «Artea bizi nahi baina ez dakienarentzat da».
Eta lerro galduak
Lan prozesuaren inguruko hausnarketaren parte dira «lerro galduak», margotzeko erabili dituen estaltzeko zintekin egindako instalazioa, «palimpsesto kromatikoa». Margo eremuak mugatzeko erabilitako zintek materiaren kalitatea, automatismoa eta errepikapena nabarmentzen dute, artistaren estudioko lanaren «alderdi poetiko eta obsesiboa» erakusketara eramanda.
Melguizok erakusketan jarri duen ohar koaderno batean hauxe irakurtzen da: «Zinta isolatzailearekin margotzen dudanean, 'bitan' margotzen dut, mugatutako lerroa margotzen dut, baina baita zinta ere».
Melguizoren ibilbideko lanik garrantzitsuenetako bat ere ikusgai dago aretoko gela batean, ‘La medida del espacio III’, 1997koa, natura eta giza eskala, harako «gauzen neurria», aurrez aurre jartzen dituena.
Azkenik, erakusketako sarreran, CM2 arte galeriaren artxiboko hainbat objetu bildu ditu. 1990eko hamarkadaren lehen erdian Melguizok bere anaia Emiliorekin eta Carmen Lopez Castillo ikaskidearekin abiatu eta kudeatu zuen espazioa izan zen CM2, «iritzi trukea eta ekintza artistikoa sustatzeko leku bat», Gasteizen «proposamen berriak erakusteko espaziorik ia ez zegoenean».
Bertan ageri diren kartelek, liburuxkek, eskuz idatzitako egitarau eta bestelako oharrek, argazkiek eta prentsa ebakinek galeria haren jardueraren berri ematen dute. Espazio hark 30 erakusketa inguru eta hainbat hitzaldi antolatu zituen, eta Martinez Goikoetxeak dioenez, taldean lan egiteko bideak erraztu zituen, «esanahi sozial eta estetikoa zuen lekua» baitzen, «konspiratzeko sortua».
Artium Museoaren bildumako bi pieza ere ikusgai daude erakusketan, Melguizoren ibilbidearen ikuspegia zabaltzen dutenak, ‘Paisaje’ (1995) eta ‘La medida del espacio’ (1996).
Zer ikusia eta zer pentsatua emango duen erakusketa hau 2025eko otsailaren 9ra arte egongo da ikusgai, asteartetik ostiralera, 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 11.00etatik 20.00etara.
Location
Artium Museoa
Frantzia Kalea, 24
Gasteiz. Araba