Jon Maiaren Zumaiako ikuskizuna udaberrira atzeratuko dute

Date

09.12.24 - 09.21.24

Place

Gipuzkoa - Zumaia

Jon Maiak Zumaian eskainiko duen ‘Kantu berri bat gara. Harri eta Herri’ ikuskizunaren aurkezpena.
Jon Maiak Zumaian eskainiko duen ‘Kantu berri bat gara. Harri eta Herri’ ikuskizunaren aurkezpena. (ZUMAIAKO UDALA)

Irailaren 21ean Itzurungo hondartzan egitekoa zen ‘Kantu berri bat gara. Harri eta Herri’ ikuskizuna udaberrira arte atzeratuko da, asteburu honetarako iragarritako eguraldi txarra tarteko, Zumaiako udalak asteazken honetan jakitera eman duenez. Itzurun osoa hartu behar zuen emanaldiak, eta honen arrakasta bermatzeko ezinbestekao zen klima egokia izatea.

Euria eta ekaitzak iragarri dituzte hurrengo egunotarako, eta horrek ezinezko bihurtu du larunbat gau honetan egitekoa zen kontzertua. Aire zabaleko ikuskizun hau egiteko, ordea, erabili beharreko logistika eta pertsonal guztiagatik ezinbestekoa da hainbat faktoreren konbinaketa: eguraldi iragarpenaren bermea aurretiaz, gutxieneko mareak eta mareen ordutegi egokia, eta, asteburua izatea. Eguraldiaren iragarpenak ziurtasunik ematen ez duenez, larunbateko ekitaldia bertan behera utzi behar izan dute.

Zumaiako Udalak eta Jon Maiak partehartzaileen eta herritarren ulermena eskertu nahi izan dute, eta aurrerago iragarriko den data berriak jatorrizko emanaldiaren indar eta izaera guztia mantenduko duela ziurtatu dute. «Ekitaldi hau guztiontzat une ahaztezina izatea nahi dugu, eta hori eguraldia lagun dugula bakarrik lor daiteke», adierazi dute antolatzaileek. Ikuskizunaren data berria garaiz jakinaraziko dute.

Azken urteotan egindako ibilbidean, eta Euskal Herriko makina bat txokotan bere proiektua aurkeztu ondoren, bere jaioterrira iristekoa zen hilaren 21ean. Gaueko 22.30ean zen hitzordua eta sarrera doakoa izango zen.

Denera ehun pertsonatik gora izango ziren ikuskizunaren partaideak. Maia eta lagunak kantinako terrazatik itsasoa aurrez aurre zutela arituko ziren. Eta, behean, hondar gainean, entzuleak.

Location

Itzurun Hondartza
Itzurun Hondartza
Zumaia. Gipuzkoa