Kaotiko taldearen punkrocka Basauriko jaietan

Date

10.19.24 - 10.19.24

Place

Bizkaia - Basauri

25 urte bete berri ditu Kaotiko taldeak musika errepidean.
25 urte bete berri ditu Kaotiko taldeak musika errepidean. (KAOTIKO)

Kaotiko taldeak punk rock gaualdia proposatuko du larunbat honetako Basauriko jaietan egitarauaren barnean. Gauerdian taularatuko da taldea Arizgoiti plazan, eta emanaldian musika bidea errepasatuko du, 25 urteko bidean egindako kanta ezagunenak joz zuzeneko beroan. Musika egitarau ederra prestatu dute San Faustoetarako, eta bide horretan La Regadera eta Gozategi taldeekin gozatu ahal izan zuten pasaden asteburuan ospatu ziren emanaldi jendetsuetan. Honakoan, berriz, Kaotikoren emanaldiaz gain, La Excavadora, Cherry & The Ladies eta Trastorna2 taldeak ikusteko aukera izango da.

25 urte errepidean

Arabako Agurain herrian sortu zen Kaotiko taldea 1999 urtean. Kaos Etiliko desegitean, taldekideek bide berriak hartu zituzten, eta horrela sortu zen Euskal Herriko punk rock eszenan talde esanguratsua den Kaotiko banda. Taldearen diskografia oparoak eta urte hauetan eskaini dituzten ehunka emanaldiek lehen lerroan jarri dute taldea, eta oraindik orain zuzeneko bakoitzean erakusten dute zergatik dauden taula gainean. Etenik gabeko musika bidean estudioko bederatzi disko kaleratu dituzte, eta tartean  taldearen hamargarren urteurrena ospatzeko zuzenean grabaturiko diskoa.

2022 urtean ikusi zuen argia estudioko azken emaitza da  ‘Sin filtro’ diskoa, eta horri esker kontzertu biran murgildu da taldea. 2024 honetan Mexiko bisitatu dute itsasoz bestalde dituzten zaletuen gozamenerako, eta Euskal herrian eskaini dituzten emanaldiez gain, Estatu espainolean aritu dira gitarrak astintzen. Basaurin eskainiko duten emanaldian taldearen musika bidea errepasatuko dute, eta bide horretan 25 urteko bide sartuko dute 90 minutuko punkrock eztandan. Hortaz, ez dira faltako taldearen kantu ezagunenak, tartean, ‘Otra Noche’, ‘Adrenalina’, ‘Juerga’, ‘Oh Caroline’, edota  ‘Preso 2023’ bezalako kantu esanguratsuak.

Location

Arizgoiti plaza
Arizgoiti plaza
Basauri. Bizkaia

Links