La Txama zuzenean Igeldo eta Eskoriatzan

Date

06.29.24 - 06.29.24

Place

Gipuzkoa - Eskoriatza

La txama taldeko kideak
La txama taldeko kideak (LA TXAMA)

Asteburu honetan bere debutekoa egingo du La Txama taldeak. Azken garaian zeresan handia eman du egitasmo berriak, sarean zintzilikatu dituzten bideoen bidez, eta orain, saretik agertokietara egingo dute salto, zuzeneko emanaldietara. Ostiral gauez Igeldoko jaietan izango dira, eta larunbatean, Eskoriatzako txosnagunean izango dira, jai egitarauaren barnean ere. Igeldon Korrugados, Rukula eta Herenegun taldeekin partekatuko dute afitxa. Eskoriatzan, berriz, Terrible π, Korda Rota eta Herdoil taldeak izango dituzte agertokian lagun. Bi emanaldiak doakoak izango dira.

Parrandarako deia

La Txama izenaren atzean musikari ibiliak batzen dira. Urteak atzera eginda Skakeitan bezalako taldeetan arituak, edo egun Chill Mafia bezalakoetan aritzen direnak bestek beste. Pello Armendariz (Skakeitan, Marte Lasarte), Aitor Valcarlos (Skakeitan), Peye Honey rap abeslaria, Afu tronboi jolea eta Tuli Bachatuli (Chill Mafia) taldeko kidea dira La Txamako kideak. Lagunarteko bilkura izateaz gain, parrandako gonbita argia da taldeak proposatzen duena. Izan ere taldearen abiapuntua korrituei lotuta dago, Mexikoko musika tradizionalari, eta istorioak kontatzea dute helburu hitz jostari eta azidoetan.

Hiru kantu zintzilikatu ditu taldeak plataforma digitaletan, eta nahikoak izan dira jendearen arreta pizteko. Dagoeneko kontzertu mordoa lotu dituzte, eta datozen asteetan Pasai Antxo, Oñati, Elorrio, Alkiza, Altsasu edo Errenteria bisitatuko dituzte 'Guadalupe Tour' biraren barnean.

Location

Txosnagunea
Txosnagunea
Eskoriatza. Gipuzkoa

Links