Gazte eguna Larrabetzun

Date

08.03.24 - 08.03.24

Place

Bizkaia - Larrabetzu

Aspaldiko partez Tatxers taldea zuzenean ikusteko aukera izango da.
Aspaldiko partez Tatxers taldea zuzenean ikusteko aukera izango da. (TATXERS)

Abuztuaren 3an ospatuko da aurtengo Larrabetzuko Gazte Eguna. Urteak dira abuztuaren lehen egunekin batera Hori Bai gaztetxeko gazteak kaleak hartzen dituztela, eta aurtengorako ere makina ekimen prestatu dituzte herritarren gozamenerako. Goizetik hasiko dira ekitaldiak herrian zehar, eta Kittu arduratuko da horretaz. Ondoren, 15.00etan bazkariaren txanda izango da, eta 17.00etan gazteen arteko Olinpiadak. 19.00etan Distopia Elektrotxarangak hartuko ditu kaleak, 22.15ean ekitaldiari bide emateko. Kontzertuak 22.30ean hasiko dira herriko plazan, eta Tatxers, Les Testarudes eta Hofe x 4:40 osatuko dute doakoa izango den emanaldi koloretsuaren afitxa.

Kontzertu nagusiak plazan

Hiru izango dira agertoki nagusia hartuko duten proposamenak, horietako bakoitza musika norabide batean. Tatxers taldeak aro berri bat abiatu du bateria-jotzailea aldatzearekin batera. Disko berria grabatu berri dute Berako Atala estudioetan, eta laster ikusiko du argia lanak. Dagoeneko sarean entzun daiteke ‘Etsaiak agurtzen’ aurrerapen kantua, eta lan berriak urtea amaitu baino lehen ikusiko du argia. Egun, Martin Ziriza (Gitarra eta ahotsa), Jon Salinas (Baxua eta ahotsa) eta Sergio Devesa (Bateria) dira Tatxers.

Geldiezin dabilen beste bat Hofe musikari nafarra da. 4:40 banda konplize, Euskal Herriko festa gune askotan izan da aurten ‘Amodioa’ eta ‘Amorrua’ diskoak aurkezten. Zuzeneko beroa du musikari nafarrak, eta odol berriz bete ditu agertokiak, egungo musika tendentziei bide emanez emanaldi sutsuetan.

Les Testarudes taldea, azkenik, 1996 eta 2003 urte artean jaiotako bederatzi emakume musikariek osatzen dute. Herrialde Katalanetatik datoz, eta emakumeek sorturiko ska, rocksteady eta reggae musikak dituzte erreferentzia nagusiak. Agertoki gainean erloju bonba bat dira, eta taldeak berak sorturiko kantu propioekin batera, reggae eta ska kantu ezagunekin osatzen dute zuzeneko kantu zerrenda.

DJ-ak gaztetxean

Hori Bai gaztetxean ere izango da zer entzun gau osoan zehar, eta bide horretan Keep-a, Alvva eta Lamiamari disko jartzaileek osatuko dute gaueko menua. Gauerdian hasi eta goizaldean amaituko dira musika sesioak.



Location

Plaza
Plaza
Larrabetzu. Bizkaia

Links