Laura Perez Vernetti eta Iñaket omenduko ditu Getxoko 22. Komiki Azokak

Date

09.27.24 - 09.29.24

Place

Bizkaia - Getxo

Getxo Komiki Azokako postuak.
Getxo Komiki Azokako postuak. (GETXOKO KOMIKI AZOKA)

Getxoko 22. Komiki Azoka irailaren 27tik 29ra bitartean ospatuko da Areetako Geltokiko plazan eta Ibaiondo kalean, eta liburu-denden, establezimendu espezializatuen, argitaletxeen, fanzineen eta sektoreko profesionalen eskaintza komertzialaren eskutik, 40 salmenta-postu hartuko ditu.

Horrez gain, ekintza-programa ere antolatu da: hiru egunez hitzaldiak, artistekin topaketak, mahai-inguruak eta egileen sinatze-txandak izango dira. Ekintzak Romo Kultur Etxean egingo dira eta, ohi bezala, sarrera doakoa izango da.

Omenaldirik ere ez da faltako. Izan ere, aurtengo edizioan Laura Perez Vernetti eta Iñaketen ibilbidea sarituko dituzte antolatzaileek. Komikiaren eta ilustrazioaren munduan ibilbide luzea egin du Perez Vernettik (Bartzelona, 1958). 80ko hamarkadan abiatu zen komikigintzan, ‘El Víbora’ aldizkariko orrialdeetan. Bertan, hamarkada batez argitaratu zituen bere lanak.

«Bere lanak forma estetiko eta narratibo berriak bilatzen dituen estilo apurtzailea du, eta literaturako eta poesia unibertsaleko egile handiak komikira egokitzera zuzenduta dago batez ere (Dostoyevski, Hawthorne, Kazka, Aristoteles, R. L. Stevenson, Rilke, Pessoa...)», nabarmendu dute azokatik, eta gogora ekarri dute bere ibilbide profesionalean Onliyú, Joseph Marie Lo Duca, Carlos Sampayo eta Antonio Altarriba eta Felipe Hernández Cavarekin kolaboratu duela, nesteak beste. Bartzelonako Nazioarteko Komiki Azokako Sari Nagusia jaso zuen (2018), eta beste hainbat sari ere jaso ditu. Orain arteko bere azken lana ‘El designio’ da, Javier Perez Andujar gidoilariarekin lankidetzan.

Bestalde, Iñaket (Bilbo, 1965) euskal sortzaile ezagunenetako bat da, eta 1986an egin zituen komikigintzan lehen urratsak, ‘Habe Komik’ aldizkariaren eskutik. Komikigintzaren alderdi hori telesailetarako eta film luzeetarako ilustrazioarekin eta animazioarekin uztartu du. Hainbat urtez, Javier Mariscalek Bartzelonan ‘Twipsy’ seriean eta ‘Colors’ antzezlanean egin zuen lan profesionala. ‘The Tokis’ haurrentzako liburuaren egilea da, baita Mikel Begoñak gidatutako hainbat lanen egilea ere :’Tristísima Ceniza‘,’El pico de los cuervos‘, ’Ötzi‘,’Hélice‘ eta ’3 casas en Santa Monica‘.

Halaber, 24 emakume artisten lanak biltzen dituen erakusketa bat ere izango da Komiki Azokan, fikzioaren funtsezko pertsonaia den sorgina omentzeko. ‘Bruixes-Sorginak-Brujas: Akelarre ilustratua’ izenaz, erakusketak Raquel Alzate, Higinia Garay, Genie Espinosa, Sandra Uve eta Susanna Martin ilustratzaileen lanak hartuko ditu, besteak beste.

Artista gonbidatuak eta kartela

Aipatutako artistez gain, Jaime Martin, Carla Berrocal, Cristina Duran, Aneke, Sole Otero, Gabriel Hernandez Walta, Pedro Camello, Miguel Angel Giner Bou eta Alex Orbe izango dira aretoan. Azken hori da, hain zuzen ere, aurtengo kartelaren egilea, eta jarraipena ematen dio 2024an Getxo Kulturak bertako artistek jaialdiei eta azokei irudia emateko abian jarri duen ekimenari.

Alex Orbek (Barakaldo, 1973) komikiak, haurrentzako liburuak eta testuliburuak ilustratzen ditu, publizitatearen eta animazioaren alorrean lan egiteaz gain. ‘Maite zaitut, Nadia’, ‘Labarreko itsasargia’, ‘Hiru sopranoak’ eta ‘Erraldoiek ez dute lagunik jaten’ dira ilustratu dituen liburuetako batzuk.

Belgikako merkaturako ‘La nouvelle guerre des Boutons’ argitaratu du, baita ‘Les aventures du Bourlingueur’ serieko bi album ere: ‘Au fil du Napo’ eta ‘Les bargues du Congo’. Komikiaren esparruan, besteak beste, ‘Los enciclopedistas’ eta ‘El invasor’ (biak Jose A. Perez Ledoren gidoiarekin) eta ‘El hombre y’ Sigue a la homiga ‘(Unai Elorriaga idazlearen gidoiarekin) lanak nabarmentzen dira. Borja Crespok idatzitako ‘Unamuno: El hombre y la razón’ lanaren marrazkiak ere sinatu ditu, eta ‘Xabiroi’ eta ‘El Balanzín’ aldizkarietan kolaboratu du.

Location

Areetako Geltokiko Plaza
Areetako Geltokiko Plaza
Getxo. Bizkaia