Loraldiak Bilboko hiriari euskararekiko beste «martxa» bat sar dezala eskatu dio

Date

03.01.24 - 03.23.24

Place

Bizkaia - Bilbo

Erakundeen ordezkariek eta Loraldiako zuzendari artistikoa, aurtengo edizioko kartelekin.
Erakundeen ordezkariek eta Loraldiako zuzendari artistikoa, aurtengo edizioko kartelekin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Kirmen Uribek idatzitako poema batetik jasotako ‘Munduari begiratzeko modu bat’ esaldia lelotzak aukeratu du Bilboko Loraldia Festibalak bere 10. ediziorako. Hamar urte beteko baititu aurten, eta urteurren biribil honetan, ohi bezala, euskaratik sortzen den mundua ikusteko begirada propioa erakutsiko da Bizkaiko hiriburuan.

Mota honetako datak atzera begiratzeko unea eskaintzen dute. Eta ikusitakoak zapore gazi goxoa utzi dezake. Sormenari dagokionez, datuak esanguratsuak dira, eta baikortasunerako bidea zabaltzen dute: Martxoaren 1ean hasita, eta 23ra arte, Loraldiak 28 ekintza antolatu ditu, euskal kulturaren adar guztiak ukitzen dituztenak. Beraz, hiru astetan zehar, 120 artista baino gehiagoren ekitaldiz beteko dira Bilboko 13 areto. Ekitaldi batzuen sarrerak agortzen ari dira dagoeneko.

Bilboko Arriaga antzokian aurkeztu da asteartean martxoaren 1ean hasita, eta 23ra arte, egingo den 10. edizio hau. Aurrekontuak, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lakuako laguntza jasotzen du. Bertan bildutako erakundeen ordezkarien aurrean Imanol Agirrek, Loraldiaren zuzendariak, ohikoa izaten ez den zintzotasun ariketa egin du atzera begiratzea eskatu zaionean.

Jaialdia handitu da eta iraunkortasuna lortu du hiru erakundeei esker, aitortu duenez. Zentzu horretan eskertu du erakundeen inplikazioa, baina kritikarako bidea zabaldu du. Euskal kulturaren susperraldi bat antzeman du, aitortu duenez, baina euskararekiko hiriaren egoera eta jarrera desberdina da oso, bere ustez: «Nik esango nuke hiria ez dela asko aldatu –aipatu du–. Oraindik jarraitzen dugu aintzineko martxan. Plan Estrategiko batera gonbidatu gintuzten eta esan genuen beste martxa bat sartu behar dela Bilbon, euskaldunok bigarren mailako pertsonak garelako hemen. Orain gutxi joan ginen Bilboko leku ofizial batera ikustera eta erdarazko izena baino ez zuen, eta galdetu genuen: Nola ez dauka euskarazko izena La Perrerak? [La Perrera-Konektari buruz ari da, Udaleko Gazteria eta Kirol Sailak babestutako gune soziokulturala]. Hori Bilboko paisaiaren argazki bat da. Nik uste dut hiriari falta zaiola beste martxa bat, eta behintzat guk euskaldunok horrela eskatzen dugu, konpromiso gehiago eskatzen dugu. Bilbok, esaterako, ez dauka Euskararen Ordenantza da, Iruñeak bai. 40 urte baino gehiago pasa dugu, baina Bilbon oraindik geldirik dago».

Hiru asteetan, euskal sorkuntza

Aurtengo Loraldia Festibalak martxoko hiru astetan zehar euskaraz sortzen den kultura eskaintzaren munduko txoko guztien erakusleioak herritarren aurrean jarriko ditu: bertsolaritza, teatroa, musika, zinea, dantza, ikus-entzunezkoak… Euskal kulturaren bilgunea izanda, euskal munduan erreferenteak diren hainbat izen aurkituko dira: Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Toti Martinez de Lezea, Mikel Urdangarin, Nerea Arrien, Jon Maia, Rafa Rueda, Patxo Telleria… besteak beste. Horrela 120 sortzailetik gora.

Gainera, Loraldia Festibala sortzaile gazteentzako espazioa ere bada, eta horregatik Loraldia Terminalean zenbait artista emergente aurkituko dira: Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Iñigo Xalbador, Janire Arrizabalaga, Amaiur Luluaga, Eñaut Zubizarreta,...

Euskal kulturaren erakusleiho izateaz gain, Loraldia Festibala kulturaren eragile ere bada, eta horregatik aurten ere ekoizpen propioak diren edo Festibalerako espreski sortu diren piezak izango dira.

Martxoaren 3an, Alondegian:  ‘Gorputzaren atzean’

2022. urtetik Loraldiak Sormen Digitala Beka deitzen du, euskal sortzaile zein eragileei zuzendutako proiektu digital bat sortu eta ekoizteko laguntza. 2022ko bekaren irabazleen lana estreinatuko da: ‘Gorputzaren atzean’ izeneko emanaldia, mundu digitala eta analogikoa bilduko dituena. Osagaiak, teatroa, dantza eta ikus entzunezkoak. UPV-EHUko irakasle talde bat da eragilea eta Katixa Agirrek idatzi du gidioia. Obra 2050. urtean gertatzen da, eta etorkizun horretan pertsona guztiek biki digital bat izatea normaltzat jotzen da.

Martxoaren 16an: ibilaldi kulturala

Aurtengo festibaleko ediziorako espreski sortu diren egitasmoak ere izango dira. ‘Goroldirik ez. Andreak eraztun berdean’, esaterako, da horietako bat. Natura eta kultura, gure identitatearen zutabeetako bi, uztartzen dituen proiektua da. Mendi ibilbide gidatu honetan, Bilboko hainbat emakumeren bizitzak ezagutzeko aukera eskainiko da, beti ere Bilboko mendi eta basoen ikuspegiez gozatuz. Irati Agirreazkuenaga egingo du gidari lanak, eta musika egongo da Miruak taldea eta Jatorki abesbatzaren eskutik.

Martxoaren 17an, Guggenheimen: Iban Zaldua eta bertsolariak

‘Bihar, Atzo, Gaur, Bihar’ ikuskaria ere 2024ko festibalean ikusiko da lehenengoz. Jaialdiak sortutako formato honetako ikuskaria urtero antolatzen da: Idazle bati eskatzen dio Loraldiak geroari begira jarri eta testu bat asmatzea; eta horren gainean musika sortuko da eta bertsolariak arituko dira. Iban Zalduak sortutako testua irakurriko du, Ibil bedik musika jarriko dio eta Miren Artetxe eta Alaia Martin arituko dira bertsotan, Amaia Agirreren gidaritzapean.

Martxoaren 5ean, Bidebarrieta Liburutegian: ‘Sustraien Matxinada’ 

‘Sustraien Matxinada’ ekitaldian, kasu, folklorea, jazza eta musika klasikoa uztartuko dira, eta literatura izango dute lagun. Tradizioa eta modernitatea elkartuko dira oholtzan, kulturaren XXI. mendeko ikuspegi berri bat bilatzeko. Lantalde apartak eskainia: Gorka Hermosa, Garikoitz Mendizabal, Toti Martinez de Lezea, Nerea Arrien eta Leire Bilbao.

Martxoaren 13an, Arriaga Antzokian: ‘Munduari Begiratzeko’ proiektua

Munduari Begiratzeko proiektuaren hazia duela 20 urte jaio zen New Yorken. Kirmen Uribek, MIkel Urdangarinek, Rafa Ruedak, Bingen Mendizabalek eta Mikel Valverdek euskal kultura eta euskara beste kontinente batera eraman zuten, eta euskal poesia, kantagintza, zinema, rock alternatiboa eta ilustrazioa mundura zabaldu zituzten. Bi hamarkada geroago proiektu hori berreskuratu dute, mugarri bat izan zena. Ekitaldia baino lehen Ixiar Orejak gako interpretatiboak eskainiko ditu.

Martxoaren 14an, Arriaga: Neomak
Egungo euskal musika taldeek ere bere tokia izango dute Loraldia Festibalean. Loraldiako oholtzan Neomak taldearen sorginkeriaz betetako doinu hauskorrak entzungo ditugu.

Martxoaren 15ean, Itsasmuseumen: ‘Ai gure juaneteak!’

Patxo Telleriaren proposamen berria da eta Loraldia Festibalean estreinatuko du. Musika eta antzerkiaren nahasketaren emaitza da. Mikel Laboaren zenbait kanten berrinterpretazioak izango dira eszenatokian, gure ondare emozionalaren ezinbesteko zatiak gaur egungo begiradatik ikusteko aukera izango dugu. Harekin batera eszenatokian izango dira Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez.

Martxoaren 16an, Itsasmuseumen: Jean Mixel Bedaxagar

Musikariak bere seigarren lana aurkeztuko digu, ‘Erresiñula kantari’. Udazkenean argitaratutako lan berri hau ezagutzeko aukera paregabea. Bedaxagarrek 30 urte daramatza bere artea fintzen: dantza, txirula eta kanta.

Martxoaren 23an, Euskalduna: Jon Maia

Jon Maiaren azkenengo lana, ‘Kantu berri bat gara’, 2021. urtean ateratako ‘Kantu bat gara’ lanaren jarraipena da. Kasu honetan, berriak diren abestiak izango dira ekitaldi honen protagonista, nahiz eta beste zenbait abestiren bertsioak ere egongo diren. Gonbidatu bereziak ekarriko ditu Maiak.

Gogoetarako bidea

Gogoeta egiteko eta pentsarazteko tartea izango da ere izango da festibalean. Euskara Bihar berbaldi-saioak hirutan izango ditugu festibalean, euskararen etorkizunaren inguruko hiru gogoeta diferente. Jon Sarasuak, Xan Airek eta Gartzen Garaio Atxurrak gure hizkuntzaren etorkizuna, hizkuntzak dauzkan eta izango dituen erronkez, Ipar Euskal Herriaren eta Arabaren egoeraz… hausnartuko dute hiru saiotan.

Etorkizunera adi egotea garrantzitsua da, baina nondik gatozen argi izateak bere inportantzia du. Askotan, istorioak, ipuinak, kontakizunak… literatura ahoz aho transmititu den zerbait izan da. Uxue Alberdik eta Begoña Durrutyk belarritik sartzen diren ipuin horiek liburu batean batu dituzte: ‘Belarriko kilkerra’. Liburu honen aurkezpena Loraldia Festibalaren barruan egingo da, martxoaren 7an Elkar dendan.

Eta aurtengo esperientzia digitala ‘Hiria Lokatzetan’ podcastaren zuzeneko emanaldia izango da. Podcastek izugarrizko gorakada izan dute azken urteotan, eta kultura garaikidearen parte bihurtu dira. Martxoaren 10ean Lokatza podcastaren egileek hiriaz, naturaz, kontrolaz, turistez eta hamaika gai gehigoren inguruan hausnartuko dute.

Goiz horretan Guggenheim Museoaren entzungelako eszenatokian arituko dira Ainara Lasa. Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel. Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Miren Amuriza eta Lizar Begoña, narrazioak, irudiak, bertsoak eta musika uztartuz.

Dantza, zinema, teatroa

‘Dada ü Lala’ eta ‘Arma Tiro Pum’ aurtengo festibalean estreinatuko diren bi teatro pieza txiki dira. Alde batetik Josune Mendizabalen eta Ane Gebararen umoe absurdoa bueltan izango dugu oholtzetan, ‘dadaismoa’ jorratzen duten bitartean.

Eta, bestetik, Aitor Vinagret izango da foku azpian. Hitz gutxiko obra honetan haur bat patinetearekin jolasten dabil, munduko tokiren batean, eta ondoren…. Martxoaren 10ean La Fundicionen.

‘Artxibo Biluzia’ ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkia lotzen dituen obra da. Bi aktore izango dira oholtzan, Joan Mari Torrealdairen kasuaren ikerketa abiatzen. Obra hasi baino lehen ikusletegia izango da, kasu honetan Lorea Agirreren eskutik. Martxoaren 12an, Arriaga Antzokian.

Iparraldeko dantza talderik nabarmenenetariko baten esfortzuaren fruitua da Bilaka kolektiboaren ‘Mitologia Txikiak’ ikuskizuna. Euskal mitologia oinarri hartuta, zenbait dantza pieza sortu dituzte gure irudimen kolektiboa osatzen duten ipuin eta kondaira desberdinak irudikatuz. Martxoaren 19an, Alondigan.

AMAraunek amatasunaren gaian zehar bidai bat egitera gonbidatzen gaitu. Oihana Iguaranen proposamena, Amaiur Luluaga bidelagun izango duela. Bidai honetan dantza, gorputzak, ahotsak eta bertsoak protagonista izango dira, eta, nola ez, baita amatasuna ere. ‘(Ama) izan ala ez izan’ izango da ekitaldi honen abiapuntua, eta hortik hasita amatasunaren ereduez (ezagutzen ditugunak eta ezagutu nahi ditugunak), erabakia hartzerako momentuan eragiten duten faktore desberdinez, zalantzez… hitz egingo da martxoaren 20an.

Zinemak ere bere presentzia izango du aurtengo festibalean, ‘Bizkarsoro’ luzemetraiari esker. Proiekzioa martxoaren 17an izango da, UPV-EHUko Bizkaia Aretoan.

Harrobi dantza konpainiaren ‘Geure(R)a’ ikuskizunarekin agurtuko du Loraldia Festibalaren 10. edizioa. Benetan berezia den pieza kulturala da. Zenbait disziplinaren uztarketaz gain (musika, poesia, ikusentzunezkoak eta dantza), disziplina horien forma benetan berezia eta bakarra da. Dantza bertikala eta bideo-mappingaren arteko elkarrizketa izango da protagonista, eta hari narratiboak emakumeen inguruko memoria zalantzan jarriko du: Nortzuk dira gaur egun sorginak? Eta nortzuk dira zapaltzen dituztenak? Martxoaren 23an, ‘Kantu berri bat gara’ emanaldiaren ondoren, Euskalduna Bilbaoko eraikinaren horman izango da hitzordua.

Loraldia Terminala, sormen berriaren harrobia

Urtero bezala, Loraldia Festibalak talentu berriarentzako espazio bat erreserbatzen du: Loraldia Terminala. 10. edizio honetan hiru ekintza egongo dira Loraldiako sormen berriaren harrobian: ‘Itzal(iko) bagina’; ‘Doodem, Trigger’; eta ‘Sarri min ematen du akordatzeak’. Ekintza guzti hauek martxoaren 22ko arratsalde-iluntzean zehar izango dira Zorrotzaurre irlako La Terminalen.



Location

Arriaga antzokia

Bilbo. Bizkaia