‘Non dira haurrak?’, buruko osasunaren erretratu musikatua

Date

09.28.24 - 10.06.24

Place

Bizkaia - Bilbo

Jokin Oregi (hirugarren eskunetik), lan taldearekin eta Gorka Martinezekin, BBKren zuzendari nagusiarekin.
Jokin Oregi (hirugarren eskunetik), lan taldearekin eta Gorka Martinezekin, BBKren zuzendari nagusiarekin. (Oskar MATXIN | FOKU)

Maddik, 8 urteko neskatoa, suizidio saiakera bat izan du. Gertaera hau abiapuntu hartuta eta haurren osasun mentaletan fokua jarrita, Maddi inguratzen duten helduen eta, are gehiago, gure egungo gizarte «krudel, hautsia eta depresiboaren» erretratua osatu du Jokin Oregi antzerkigileak (Soraluze, 1970) Bilboko BBK aretoan estreinatuko den ‘Non dira haurrak? / ¿Dónde están los niños?’ idatzi eta zuzendu duen antzezlanean.

Antzezlana irailaren 28an eta 29an estreinatuko da euskaraz, eta urriaren 4an, 5ean eta 6an gaztelaniaz BBKren aretoan, Kale Nagusian.

Idazketa prozesuan sartuta zegoenean, albiste bat irakurri zuen Jokin Oregik: 6 urteko haur batek bere buruaz beste egin zuen AEBn. «Idatzi nituen lehen bertsioetan haurra hil egiten zen, baina nik nahiago izan dut haurra salbatzea, bere buruaz beste egiteko saiakera bat egotea nahiko traumatikoa delako», aitortu du antzergileak asteartean Bilboko BBK aretoan berak idatzi eta zuzendu duen helduei zuzendutako antzezlan honen aurkezpenean.

Zuzeneko abesbatza handia

Tartean konpainia beteranoaren ekoitzi duen lan honek BBKren babesa jaso du –hiru urte darama tokiko sortzaileen lana babesten BBK Salak– eta aukeratutako gaia, gordina eta erabat aktuala izatez gain, formatu berezi batekin dator, zenbait ‘horma’ puskatzen dituelako.

Eta zein horma puskatzen ditu? Bat, antzerkian deitzen den ‘laugarren horma’; hau da, egun horietan antzokiko espazio osoa hartuko du ikuskizunak, normalean besaulki-patioan egoten dena barne. Edukiera funtzio bakoitzeko 110 pertsonara mugatuko da.

Bigarren horma protagonistena da. Haurrak, nahiz eta antzezlanaren protagonistak izan, ez dira oholtzara igoko. Oregik ahotsa eman nahi izan die, baina ez presentzia fisikorik... estreinaldiko emanaldietan izan ezik, Bilboko Koral Elkarteko 45 bat haurrez osatutako abesbatzak kantatuko baititu zuzenean Adrian Garcia de los Ojosen jatorrizko musika eta Miren Agur Meabe poetak propio sortutako letrak.

Musikak berebiziko garrantzia du –estreinaldiaren ostean antzokietara eramango den bertsioak ez du zuzeneko musikarik izango–; eta aurkezpenean konpositoreak izan du garrantzi berezia ere, bere lekukotasunaren bitartez azaleratu baita gai latz honen ertzak. «Nire bizitza pertsonalarekin zer ikusia du –aipatu du Garcia de los Ojos hunkitu batek–, niri gertatu zaizkidan gauzak direlako. Nolabait nire bizitzari buruzkoa da. Eta musikaren bidez, poztasuna eta argitasuna eman nahi izan diot».

«Ez da gehiegikeriei buruzko ikuskizun bat, baina, egia esan, hor dago gai hori. Badago, baina ez dago era berean», argitu nahi izan du Jokin Oregik. Ibilbide luzeko antzerkigilearen ‘zigilua’ du lan honek: «Gutaz, helduei buruz, hitz egiten du: gure miseriez, gure antsietateez, gure erabakiez eta hain zorrotza eta hain esijentea den gizarte honi buruz, non haurrak dira kaltetuenak», aipatu du.

2008. urtetik, Marie de Jongh konpainiarekin, ikuslego familiarrari zuzendutako antzerkia landu du ere Oregik. Orain jauzi bat egin du, eta ikusle helduari zuzendu nahi izan die lan hau, Europako antzerkian gaur egun dagoen joera bati helduta: ‘narraturgia’ deitzen da. «Pertsonaiei hitz egiten uztea da kontua, beren diskurtsoaren eta zuzenean kontatzen digutenaren bidez bakarrik biluzten uztea, besteekin ekintzak eta elkarrizketak eginez egin beharrean», aipatu du.

Sei pertsonaien bidez, ia monologoak diren elkarrizketa gurutzatuetan, osatzen da Maddiren inguruaren erretratoa. Iraia Elias eta Sandra Ferrus (euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan txandaka, hurrenez hurren) bere sikologoak dira; Getari Etxegarai, ama –«opari bat izan da, gozagarria eta gogorra ere», aipatu du–, eta Javier Barandiaranek, Iñigo Aranburuk, Ruth Guimerak eta Irene Zarrabeitiak osatzen dute Maddiren ‘mikrokosmoa’.

Location

BBK aretoa
Kale Nagusia
Bilbo. Bizkaia