Ondutako eskultura eta margolan berrienak aurkeztu ditu Keixetak Zumaiako Oxford-en

Date

08.15.24 - 09.08.24

Place

Gipuzkoa - Zumaia

Keixeta, bere margo eta eskulturen artean.
Keixeta, bere margo eta eskulturen artean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Azken urtebetean ondutako artelanak publikoarekin partekatu nahi ditu Txiki Agirre ‘Keixeta’k (Arroa, 1963). Zumaiako Oxford aretoa aukeratu du horretarako, ondo baino ondo ezagutzen duen erakusgela. Abantaila da hori berarentzat. Espazioa bera oso inportantea izaten da erakusketa bat atontzerakoan. «Oxford oso gustukoa dut. Batetik, handia da, ez dago herri askotan ezaugarri hauek dituen gelarik. Interesgarria da artistontzako lana egiteko orduan. Leiho asko ditu eta argia da, gainera. Eta bestetik, kale-kalean dago, herritarrentzat hurbil, eta bisitari asko etortzen da. Izan ere, gaur egun badira areto batzuk politak direnak baina inor joaten ez dena», esan dio NAIZi.

Urtean bizpahiru erakusketa egiten ditu. Oraingo hau ez du beste inon errepikatzeko planik. «Formatuagatik Oxforderako egina dago hau. Beste edozein tokitan ezin da sartu. Antzeko neurriak dituen aretoa behar luke eta gutxi daude». Edo obra batzuk aukeratu, «baina zentzua beste bat izango luke», azaldu du.

Hainbeste urtetako esperientzia oinarri hartuta garatutako teknika propioak erabiltzen ditu artegintzan. Kolorez jantzita daude margolanak, naturak inspiratuak. Margoak metakrilatoz babestea erabaki du, hortik lanek duten dizdira. «Beira ere erabil nezakeen, baina kasu honetan obra bakoitzak hartuko lukeen pisuagatik beste zerbait aukeratu dut. Koloreak, biziak batez ere, eguzkiak edo jateko arriskua dago», azaldu du.

Zeramikak, bere aldetik, tornuan egindakoak dira, gero kasu askotan puskatu egiten dituenak. Pitzadurak begibistan.

Elkar elikatuz

Diziplina desberdinetan ondutako lanak bata bestearen ondoan jartzearen arrazoiaz hauxe dio: «Eibarren ‘Dikotomia’ erakusketa egin nuen duela 8-10 urte eta han uztartu nituen bi diziplinak. Estudioan beti aparte ziren obrak lehenengo aldiz jarri nituen elkarrekin. Beraien arteko loturaz ohartu nintzen! Ikusi nuen batak bestea laguntzen zuela».

Oso lan teknikoak dira Keixetarenak. Bere burua ez du ez margolaritzat, ez eskultugiletzat. «Pinturan nortasuna lortzeko urteak behar dira. Gaur egun, ezagutzen nautenek urrutitik dakite nire lanak direla».

Izenik gabe aurkezten ditu lanak. «Interpretazioa libre utzi nahi diot ikusleari», dio.

Estudioa Zarautzen izan du orain arte. «Egunero egiten nuen Zumaia eta Zarautz bitarteko bidea», esan du. Garbi islatzen dituzte ikusitako paisaia eta joan-etorriak koadroek. Itsasertzak hartu du protagonismoa. Eibarren du gaur egun lantokia. Hurrengo lanetan auskalo.

Irailaren 8ra arte dago irekita erakusketa. Ordutegia: Egunero 18.30etik 20.30ra. Asteburu eta jaiegunetan 12.30etik 14.00etara eta 18.30etik 20.30ra. Sarrera librea da.

Location

Oxford aretoa
Erribera Kalea, 23
Zumaia. Gipuzkoa