Palestina eta Marokora begira jarriko da XIX. Feministaldia
Date
11.27.24 - 12.14.24
Place
Gipuzkoa - Donostia
‘Agur eta ciao’ lelotzat hartuta dator Feministaldiaren XIX. edizioa. Erakunde eta espazio ezberdinekin harremana ezinbestekoa da jaialdiarentzat. Azala, Tabakalera eta Kontadores zentroekin elkarlana mantendu da aurten, eta berria abiatu da: Gasteizeko Inmersiones jaialdiarekin ahizpatu da lehenengoz Feministaldia.
Azaroaren 27 eta 28an Kontadores gazte zentroan abiatuko da jaialdia. Azaroaren 29 eta 30ean Tabakalerara lekualdatuko da, eta Dabadaba aretoan emango zaio Donostiako atalari itxiera. Abenduaren 14an, berriz, Gasteizko ZAS espazioak hartuko du jaialdia, aipatutako Inmersiones jaialdiarekin bat egitera.
Irakurketa eta solasaldiak, errezitaldiak, hitzaldiak, agerraldiak, performanceak, DJ setak eta festa ditu ardatz egitarauak. 40 bat artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok osatzen dute 19. edizioko gonbidatuen zerrenda.
Palestina eta Maroko
«Nabarmentzekoa da, Palestinako Al Qaws for Sexual & Gender Diversity in Palestinian Society taldeko bi aktibistak Palestinan genozidio garaian egindako erresistentzia queer eta dekolonialari buruz hitz egingo dutela; baita Erreddad eta Usmen Marokoko bi aktibista etorriko direla ere, Marokon antolatutako queer mugimenduaz mintzatzera. Ostegunean izango da hori, Kontadoresen, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministako kideekin batera», adierazi dute sustatzaileek.
Egun bat lehenago, azaroaren 27an, jaialdiari harrera egiteko inguruan ditugun bi kolektibo izango ditugu, Euskal Herriko Bollotopaketak eta Mefsst; hau ere Kontadoresen, Maite Aizpuruaren antzerki batekin eguna bukatzeko», jarraitu dute.
Ostiralean Tabakalerara joango dira, eta bertan lau pentsalari eta idazlerekin egongo dira. Larunbatean, berriz, joan den urtean egin zuten ‘gala’ formatuarekin jarraituko dute, aurten Las Nenas koletiboko kideek gidatuta.
Larunbateko eskaintza zabala izango da, 16.00etatik 22.00ak arte luzatuko dira, hainbat hitzaldi, performance, abesbatza, irrati-saio edo kantarirekin batera. Azkeneko ordu eta erdian festarako prestatzeko tartea ere izango dugu, fantasia-txokoan, Maider Aldasoro eta Uxoren eskutik.
Aniztasuna
Gonbidatuen aniztasuna azpimarratu dute antolatzaileek: «Aipatu ditugunaz gain, idazleak izango ditugu (Dalia Rosetti, Vito Gil-Delgado, Elaine Vilar Madruga, Berna Wang, Tania Safura), hainbat motatako kolektiboak (Pomada Banda, Gaua, Patiyoko Atzuak, Emakumea* Surflari Elkartea, Donostiako Emakumeen Etxeko Ederlezi Abesbatza), performerrak (Yun Ping, Soo-Hyun Moon, María Ibarretxe), eta baita beste hainbat artista eta pentsalari ere (Elena Castro Córdoba, Irene Coulon, Udane Barinagarrementeria, Leire Ugalde, María Rosón, Leyao Rovira, Lorea Alfaro)», iragarri dute.
Dabadaba aretoan emango zaio amaiera jaialdiari Labarren kontzertuarekin eta LaMia Mari, LinaPary eta Elena Barker dj-ekin. Festara sartzeko sareetara adi egotea gomendatzen dugu, baina jaialdian bertan komentatuko dugu nola antolatuko den.
Laura Muelas eta Leire San Martin izan dira, edizio honetan ere, jaialdiaren antolatzaileak. Ondorengo lantaldea izan dute alboan: Miren Jone Lizarzaburu, Yuan Yuan Zhou, Mirari Echávarri, Idoia Zabaleta, Laida Zapre eta Ane Lusarreta. Udaberrian, Arabako Azala espazioan, topaketak egin zituzten jardunaldiak pentsatu eta egitaraua osatzeko.
Feministaldiako emanaldietan sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Hitzaldietako batzuk bideo bidez grabatuko dira eta feministaldiaren youtube kanalean egongo dira ikusgai. Gainera, emanaldien jarraipena egiteko aukera egongo da bai sare sozialen bidez (Instagram: @feministaldia; X: Feministaldia; Telegram: Feministaldia) baita Feministaldiako webgunean ere.
Azaroaren 30ean, larunbata, Euskal Herriko Greba Feministaren urteurrenaren deialdia –Donostiako Asanblada Feministak deituta– egongo dela gogoratu dute gaurko ekitaldian. «Deialdira batzera gonbidatzen dugu, DAFek ordua eta lekua laster egingo ditu publiko», esan dute.
Location
Tabakalera
Andre Zigarrogileen Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa