‘Simorgh’, Tabakalerako Scala programaren proposamen berria
Date
11.13.24 - 03.02.25
Place
Gipuzkoa - Donostia
Tabakalerak, Scala programaren barruan, ‘Simorgh’ izeneko soinu-instalazioa hartu du, pantea artista iraniarrak ondua.
Espazio honetarako propio sortutako pieza honen izenburua, ‘Simorgh’, antzinako jakinduria eta ezagutza irudikatzen dituen Irango ‘simurg’ hegazti mitikotik dator. Simurgen alegorian oinarritua –persieraz ‘sī murğ’ ere deitua, «hogeita hamar txori» esan nahi duena– hausnarketa sakona egitera gonbidatzen gaitu ekologiaz, migrazioaz, eta gizakien eta ez-gizakien arteko hartu-eman interdependenteez.
Instalazioa Anna Ramosek komisariatu du –Radio Web MACBAko arduraduna eta soinu artearen alorrean aditua– eta soinuaren eta pentsamendu garaikidearen arteko lotura berriak ezartzea du helburu. Hala, ‘Simorgh’-ek entzute aktiboko gune bat eskaini nahi du Tabakaleran, ingurumenarekiko loturaz eta planetan elkar bizi diren ekosistemez –gizakienak ez diren horiez– galde egiteko topalekua izan dadin.
‘Simorgh’ instalazioan, pantea artistak Tabakalera inguruko eta Donostiako hegaztien hotsak fusionatzen ditu; landa grabazioetatik datozen soinuak dira, hegazti horiek migratzen duten tokietatik zuzenean transmitituak. Instalazioa egunez egun eboluzionatzeko diseinatu da, eta hartzen duen programazioak ingurunea imitatu, eraldatu eta berarekin elkarrizketa bat ezartzen du, «gizakiena ez den fikzio» moduko batean. Egun bakoitzean, hogeita hamar espezietatik, hegazti bat izango da soinu esperientziaren protagonista, entzunaldi bakoitza ekintza errepikaezin bihur dadin.
Estereo soinuen lau geruzaz (8 kanalez) osatutako pieza da, eta soinu-esperientzia inguratzailea sortzeko konbinatu dira. Geruza horietako bat zuzenean transmititzen da Locus Sonus-en bidez –2005ean Frantzian sortutako laborategia, soinu artea ikertzen diharduena eta soinuan, zuzeneko entzutean eta soinuzko paisaian espezializatua–. Beste hiru geruzak hegaztien kantu espezifikoen grabazioak dira, iraupen desberdineko loopetan antolatuak, nahaste jarraitua eta aldakorra eskaintzeko asmoz. Obraren zati hau Cristina Enearekin lankidetzan garatu zen, inguruan dauden 30 hegazti espezie identifikatzea ahalbidetu zuen ikerketa baten bidez.
Soinu-iturrien artean xeno-canto komunitatearen erregistroak ere badaude, Creative Commons lizentzien pean mundu osoko hegaztien kantuak biltzen eta partekatzen dituen online artxibo kolaboratibokoak. Hala, soinu horiek partekatzeko aukera ematen dute, baimenik eskatu eta ordaindu beharrik gabe. Audio geruza horiek guztiak konbinatzean, etengabe aldatzen den ‘elkarrizketa’ bat birsortzen du lanak hegaztien presentzia dinamikoa islatzeko, arabazozo pikartena, arrano txikiena, eta flamenkoena, beste espezie askoren artean.
Migratzailearen poetika
‘Simorgh’-ek modu kontzientean jorratzen ditu migrazio fluxuak eta muga lausoak klima-aldaketaren eta behartutako desplazamenduen aroan. Tabakalerako eskailera nagusia –instalazioa ezarri den espazioa– igarobide bat da eta audio pistak egunean zehar lekualdatuko dira bertatik. Mugimendu egoera horrek indartu egiten du migrazioaren eta konektibitatearen gaia, klima eta lurraldeak krisian diren testuinguruan. Gainera, lan honek diagrama bisual bat du horman, egunero entzuten diren hegaztien egutegi espekulatibo bat aurkezteko, baita habiak eraikitzeko errezeta bat ere; tokiko materialetatik abiatuta –besteak beste buztin-lurra, almidoia eta zurtoin lehorrak– publikoa keinu poetiko horiek beren inguruneetan erreplikatzera gonbidatzen du.
Artista
Pantea diziplina anitzetan diharduen artista iraniarra da, ekologiarekin lotutako narratibetan eta soinu praktika kolaboratiboetan zeharo murgildua. Bere lana sozialki konprometitua da, eta lurralde komunen esplorazioan eta entzute aktiboaren ahalmenean fokatzen da.
Nazioarteko hainbat proiektutan parte hartu du, besteak beste nabarmentzekoak: ‘Khamoosh’ –Irango soinu-ondarea zaintzera bideratua– eta ‘Soundcamp’ entzute aktiboa eta Acoustics Commons sustatzen diharduen ekimen kolaboratiboa, munduko hainbat lekutatik ingurumen soinuak eta soinuzko paisaiak esploratu eta zuzenean emateko–. Azken proiektu honek baterako entzute sare global bat sustatzea du helburu, non inguruneko soinuak –naturakoak, hirikoetakoak nahiz landakoak– jaso eta denbora errealean transmititu ahal diren, ingurunearekiko konexio sakona eta ingurumen kontzientzia bultzatzeko.
Panteak hainbat herrialdetan izan ditu erakusketak eta emanaldiak, tartean Britainia Handian, Herbehereetan, Alemanian eta Turkian, eta garatzen duen praktikan interdependentziarako tresna da soinua.
Bisita ordutegia:
Asteartetik ostegunera: 10.00 - 21.00
Ostiralak eta larunbatak: 10.00 - 22.00
Igandeak eta jaiegunak: 10.00 - 21.00
Sarrera doan da.
Location
Tabakalera
Andre Zigarrogileen Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa