XIV. Tuba Jaialdia prest da Azpeitian

Date

10.25.24 - 10.26.24

Place

Gipuzkoa - Azpeitia

Aurkezpenaren irudia.
Aurkezpenaren irudia. (AZPEITIKO TUBA JAIALDIA)

Dena prest da XIV. Tuba Jaialdia hasteko. Ostiralean hasiko da Azpeitian. «Tuba munduko goi mailako maisuak Azpeitira etorriko dira, ikasle eta musikari afizionatuekin bat egiteko. Azpeitia, Hendaia, Donostia, Valentzia, Palentzia, Soria, Lasarte-Oria, Zestoa, Santander, Dax, Hondarribia, Zornotza, Irun, Hernani, Ordizia, Errenteria eta Biarritzetik etorriko dira partaideak. «Musika, tuba-bonbardinoa eta kultura partekatzeko aukera paregabea izango da», diote antolatzaileek.

Musika jaialdi bat baino zerbait gehiago da Tuba Jaialdia, euren esanetan. «Egitarau zabal batekin dator aurten ere, parte-hartzaile guztien grina eta musika maitasuna oinarri hartuta», nabarmendu dute.

Urriaren 25ean, David Muñoz maisu ospetsuaren laguntzarekin, aire metalezko musika tresnen maisu gela antolatu dute. Jarduera 17.00etatik 19.30era izango da Juan de Antxieta Musika Eskolan. «Oinarrizko teknika saioarekin hasiko gara, haize-metalen soinua hobetzeko ariketak eginez, eta ondoren metalentzat kanta desberdinak entsaiatuko dira. Jarduera amaitzeko, Perez Arregi plazan kontzertu txiki bat eskainiko dugu tailerrean ikasitako emaitzak erakusteko».

Urriak 26an berriz, Tuba Eguna ospatuko dute. Egun honetan ‘Tuba zirkoan’ izeneko ekitaldia iragarri dute. Tutik Clowns eta Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen gidari direla egingo da. Emanaldia Soreasu Antzokian izango da, arratsaldeko 18.30ean. Sarrerak eskuragarri daude hemen.

Eguneko egitaraua:
09.00: Azpeitiko Musika Bandaren egoitzan elkartzea.
09.15: Beroketa saioa, Lluis Verde maisuarekin.
10.00: Lehen entsegua.
11.00: Hamaiketakoa Arauntza Elkartean.
11.30: Bigarren entsegua.
13.00: Bazkaria Arauntza Elkartean.
15.00: Entsegu orokorra eszenatokian.
17.30: Atsedenaldia.
18.30: Emanaldi nagusia: ‘Tuba zirkoan’.

Izen ematea 25 eurokoa izango da, eta prezioan hamaiketakoa eta bazkaria sartzen dira.

14. edizioaren aurkezpenean Azpeitiko udaleko Aitor Larrañaga zinegotzia; Tuba Jaialdiaren zuzendari nagusia den Agustin Jimenez; Azpeitiko Musika Eskolako zuzendari Mari Jose Bikendi, eta Kantujirako arduradunetako bat den Arantxa Orbea izan ziren.

Location

Soreasu Antzokia
Soreasu Auzunea
Azpeitia. Gipuzkoa