Azkenaldian hainbeste aipatzen ditugun bulo edo gezur askoren jatorrira jota, barrea eragingo ligukete zein surrealistak diren ikusita. Horrek despistatu egin gaitu; pixkana zabalduz joan dira eta ondorio larriak dituzten diskurtso arriskutsuen sintoma bihurtu dira. Horien atzean daude negazionista ezagunak, klima krisia lez, generoa oinarri duen bortizkeria ukatzen dutenak, alegia.
Eta horrela joan dira naturalizatzen eskoletan nerabe eta gazteen ahotan entzuten ditugun adierazpen misogino bortitzak eta horrela joan da zabaltzen feminismoa txiringitoak eraikitzeko aitzakia hutsa dela eta emakumeen babeserako tresna instituzionalak abian jartzea herritarren dirua xahutzea dela.
Oraingoan Pasaian jazo da. Azaroaren 25aren inguruko ekitaldietan murgilduta geundela, elkarretaratze berriak deitu behar izan ditugu. Bien bitartean, espainiar Estatuko senatuan, Alderdi Popularrak bertan duen gehiengoa baliatuz, abortuaren eta LGTBI+ kolektiboaren kontrako diskurtsoak entzun dira, gurean aski ezaguna den Jaime Mayor Orejaren parte hartzearekin, besteak beste.
Ez dira txantxetan hartzeko lau zororen mezuak. Diskurtso hauek areagotzen dute antipolitika sentimendua, eta aurre egiteko tresna bakarra da politikagintza; zehazki, politika feminista.