Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Katu bat Gazan

Goizeko seietan altxatu eta zain duen txikiari musu eman dio, honek maitasun keinu bat baino, janariaren katilua bete diezaiola eskatzen badio ere. Katuak beti izan dira berekoiak, eta badaki bere lagun gizakia etxetik irten eta orduak igaroko direla itzuli arte.

Kotxera bidean orain egun gutxi irakurritako albistea gogoratu du Enekok. Gazan, bonbetatik ihesi joandako familia bat hiru hilabeteren ostean etxera itzuli eta bertan aurkitu zuten etxeko haurrek euren katua, denbora horretan guztian haien zain egon izan balitz bezala. Haurrek ez dakite, ostera, aurki hilko dituztela eta bonbetatik ihesi joanen den katua bakarrik geratuko dela.

Lanerako bidean irratia entzuten doa Eneko. Gazan hil dituzten hamabost medikuen gertaeraz hausnartzen ari dira, jakin gabe, handik egun gutxira Israelek bi kazetari bizirik erreko dituela.

07.30ean iritsi da lanera eta 08.00etarako aldamioan dago. Hamaiketakoa egiteko aukera izan du, behintzat. 12.07an iritsi da anbulantzia eta 15.00etarako erorketaren osteko kolpearen kariaz hildako Enekoren heriotza baieztatu du epaileak. Baina ohitu egin gara lan istripuetara, kazetari eta medikuen erailketara eta herri baten genozidiora ohitu garen bezala.

Eta, orain, bada beste katu bat sekula iritsiko ez den norbaiten esperoan.

Search