Euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespenezko neurriak salatu asmoz ekimen berria abiatu dute Etxarri Aranazko Sarek eta Ahotsa.infok. Bideo-erreportaje sail baten bidez neurri horiek presoengan eta ingurukoengan sortzen dituzten ondorioak salatu eta gizarteratu nahi dituzte.
Lehen atalean aitatasuna eta amatasuna hartu dituzte abiapuntu. Bideo-erreportajean Juan Ramon Karasatorre ‘Popi’ presoak idatzitako gutuna dute ardatz, Castelloko Albocasser espetxetik (450 km) idatzitakoa.
Hiru galdera pausatu ditu Sarek ekimenaren berri ematean: «Zer interes eduki dezake gobernu batek ehunka haur, adin txikiko zein gazteren eskubideak ukatzeko? Zer interes hauen bizitzak arriskuan jartzeko? Zer interes eduki dezake gizarte batek eskubide horien ukazioa zuritzeko?». Gutxi gora behera, 1.000 adin txikiko inguruk bizi dute egoera hau, Sareren arabera.
Haurtzaroa eta nerabezaroa
Oharrean Sarek gogoratu du haur hauetako askok urruntzearen gatibu igaro dutela haurtzaroa eta beste askok baita nerabezaroa ere. «Nerabezaroan aldaketa somatiko, sexual, psikologiko eta sozial sakonak gertatzen dira, haur izateari utzi eta heldu izaten hasten da pertsona», Sareren hitzetan, «horregatik gurasoekin interakzio zuzena eta kontaktu fisiko zein emozionala» behar izaten dute. Gaineratu du Sare herritarrak «oinarrizko interakzio zuzenak eta kontaktu fisikoa galarazten duten araudi orok garapen osasuntsurako ondorio negatiboak» ekartzen dituela.