Halloween edo Arimen Gaua ba omen da euskal ohitura zaharra. Gure arten diren aiton amona ugarik gogoan dute umeak zirela urri bukaera eta azaro hasierako gau ilunetan nola ibiltzen ziren kalabazak hustu, aurpegiko zuloak egin, argiztatu eta herritarrak izutzeko helburuz herriko zenbait txokotan ipintzen. Domu Santu egunez ere hainbat herritan etxez etxe eskean ateratzeko ohitura omen zegoen.
Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea xede duen Ahotsak proiektuari esker jakin dugu Arimen Gaua ospatzeko ohitura gure artean ondo errotutako tradizioa zela. Izan ere, Ahotsak izan zen Arimen Gauen inguruko lekukotasunak bildu zituena.
Udazkeneko ohitura hau urte batzuetan alboratuta izan ostean, Ozeano Atlantikoa gurutzatu duen ospakizun gisa ikusten dugu gaur egun. Eta, egia esan, nahiko itxuraldatuta itzuli zaigu. Dantzan web orriak egunotan zabaldutako bideoan azaltzen duenez, lehen trapu zaharrekin egiten zituzten mozorroak erositako disfrazengatik aldatu dituzte; eta umeen festa zena, negozio bilakatu da.
Haatik, Euskal Herriko zenbait herritan Arimen Gaua euskal eran ospatzeko ahaleginak egiten dabiltza azken urteetan. Trapuak soinean jantzita eske errondan ibiltzen dira umeak eta « truco o trato» itzulpen kaskarraren ordez, ’sosa ala pota’, ‘ziria ala saria’, ‘xandulin, manduli, kikirriki… eman goxokiak guri’ edota ‘txingila mingila, kurruskario sagarrak merke eta udareak kario’ moduko esapideak erabiltzen dituzte etxe atarietan.
Oiartzunen, adibidez, erroetara bueltatzen ari dute gau beltzaren ospakizun hau.