Ideologia hainbat eraginkorragoa da ideologia gisa hautematen ez dugun tokian, munduaren gaineko zenbait ideia eta pertzepzio ziurtzat jotzen ditugunean. Horiek zalantzan jartzean ez ditugunean da, hain zuzen, ideologia bizien eta eraginkorren ari den unea. Energiarekin gauza bera gertatzen da. Egitura horiek ikusten ez ditugun heinean, energia erauztearen eta banatzearen ondorio zuzen eta zeharkakoez jabetzen ez garen heinean, infinitua balitz bezala jokatzen dugu, matrize immaterial bat izango balu bezala. Uste dugu, galdara pizten dugun bakoitzean, gas naturala izango dugula eta txorrota irekitzen dugun bakoitzean, ura den ondasun publikoa bermatuta izango dugula. Hain zuzen ere, horrek zaildu egiten du ondasun materialak eta energetikoak eskuratzeko mugen kontzientzia izatea, horiek funtsezkoak baitira eguneroko erreprodukziorako.
Aurrekoa da Jaime Vindelek mendebaldarrok dugun kultura fosilaren harira egindako adierazpen bat. Eta irudika daiteke inkontzientea harri baten gisara, kate batez hanka bat bertara lotua dugula. Ingurua zabal ikus daiteke, libreak garela sinetsi dezakegu, baina luze gabe ohartu behar genuke katea astuna dela. Zenbait lekutan ari naiz sumatzen desazkundea saihestu nahia, egun dugun bizi-maila gain-dimentsionatuari modu kontziente eta konprometituan eutsi nahia. Sorpresa, ezinezkoa da. Oximoron bat da. Eta horretaz konturatzeak, ideologikoki horretaz konturatzeak, sinesten dut egin gaitzakeela pentsamenduz libreago, izan dezakegula, bizi-maila baino, bizi-kalitate hobea, izan gaitezkeela aberatsagoak lan eta diru gutxiagorekin (jakina, ez norberak lan eta norberak diru gutxiago izanda bakarrik, baizik eta horrenbeste lan eta diru behar ez duen oinarri komunitario bat indartuz). Gero eta gehiago entzuten dira etorkizun desiragarriak, etorkizun bizigarriak eta gisako pentsamolde erdi-utopikoen lanketak, eta, gaindosiaren eta xahuketaren urte sasoi honetan, sinetsi nahi dut hanka katetik askatu eta harria mimatzea sinetsarazi digutena baino ederragoa dela.