Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Ez da Durangoko azokaz

Durangoko Azokako asteburua da hau. Ez diot agian enteratu ez zarelako. Idazten ari naizen unean ez, baina irakurtzen duzunerako ziur denetik publikatu dela azokaz eta inguruaz, honakok sortu duen jende ilaraz, halakok Plateruenan eman duen kontzertuaz eta espazioa kudeatzeko hitzarmen publiko-komunitariotik publiko-pribaturako masailekoaz, Centro Palentinoko kontzentrazio intelektualaz, azoka alternatiboaz, giro sozial zein meteorologikoaz eta beste hamaika kontuz. Denetik idatziko zen  eta sartu zait halako zera bat: denetik idatzi bada, zergatik idatziko duzu zuk? Eta norekin eztabaidatua falta ez balitz bezala, Iturriaga eta Elortzaren ahotsean kantari hasten dira Dr. Jeiki & Mr. Jai. Dena esanda dago, bai, baina ez zuk. Zuk baino hobeto esan edo esango du besteren batek. Zuretzat garrantzitsua da? Zuretzat inportantzia duelako halako plataforma jarri behar zaizu?

Ez dut erdibideko baten aldarria egingo, ez dut esango berria egin behar denik zaharra mantenduz, baizik eta oinarri batekin sortzeak beste indar bat hartzen duela. Dr. Jeiki & Mr. Jai ere hori izan ziren duela 17 urte, Dr. Jekyll eta Mr. Hyderen moldatze bat. Ezer berririk ez eta, aldi berean, bai. Albina Stardustek ere hartzen ditu lehen kantatuak asmo eta eduki batekin eta autotunearekin itzultzen digu “hegoak ebaki bazenizkigute”. 2023ko Sormen Beka DA! deialdiko lan irabazlean –Argizagin– ere hala ibili dira, non eta Lurraz gaindiko planeta batean Lurdes Iriondo eta Rigoberta Bandini fusionatzeraino. Proba dadila, zergatik ez. Hala ere, kontuan hartzekoa da Marramiautarrek eta Stardustek beren aldetik esandakoak elkarrizketan jartzen baditugu, albo-ondorio batera hel gaitezkeela. Lehenek esan dute bekarik gabe ezingo luketela neurri horretako proba bat egin eta bigarrenak, asko kostatzen dela drag artea artea dela onartzea. Aldiz, hamaika tipo normal eta mediokre sumatzen dira erreparorik gabe. Berrasmatzeko batere asmorik gabe aurrekoen berdina esaten, zertarako?

Search