Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Korridoreak eolikoari

Ezagun batek zioen, bere jatorrizko herrialdean gobernuaren eta komunitate indigenen arteko bitartekari bezala lan egiten zuenean, inoiz, sorpresaz hartzen zutela megaproiektuen aurrean autoktonoek emandako erantzunek. Buruzagiren batek azaldu omen zion ez zeudela prest euren erreserba txiki zezaten, baina, komunitateari orain edota etorkizunean onurak ekarriko balizkio, eztabaida mahaian esertzeko prest leudekeela. Kontuak entzun ahala, adibidetzat zetorkidan "As Bestas" pelikulako bi anaien posizioak mugiarazia. Proiektu txikitzaile baten aurrean tokiko biztanleek izango duten erantzuna, agian, ez da uste izan daitekeen bezain kategorikoa eta erreakzionarioa.

Ez dut Amerikako komunitate indigenen antzinako praktikak idealizatzen dituen antropologo baten figurara hurbildu nahi, baina ekarri nahi nuke orain gutxi heldu zaidan irakurketa bat proiektu energetikoek eragindako auzi sozialei buruzkoa. Mexikon, Istmo de Tehuantepec-en korridore eoliko baten lehen instalazio pilotua egin zen 1994an. 2000ko hamarkadan, ordea, gizarte erakundeen eta nekazari komunitateen oposizioa pizten joan zen, instalazioek gero eta lur gehiago hartzen baitzituzten, eremu pribatuak bezala, lur komunalak.

Oposiziogileen ikuspegitik, energia eolikoa sustatzeko planak baztertzeko arrazoiak ziren baliabide eolikoa eta jabetza komunaleko lurrak modu pribatuan bereganatzea, eta zentral eolikoen operazioaren onura ekonomikoak modu desorekatuan banatzea; alegia, lurraldearen jabetza, erabilera eta parte hartze sozialerako mekanismo iraunkorrik eza.

Euskal Herrian zentral eolikoen proiektuak ugaritzen ari zaizkigu, lur azidoetan menda nola. Hasieran bizpahiru ziren eta, ohartzerako, nonahi baimena lortzear dira zentral eta subestazioak. Salatu denez, gainera, bertako komunitateetan dituen eraginak aintzat hartu gabe (ganoraz aztertu diren ere...). Batek daki etorkizuneko antropologoek nola kontatuko duten hemen gertatuko dena. Espero dudana da tesiaren kapitulu bat izango dela "Tokiko aktibazio soziala" izenekoa.

Search