Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Lurraren esnatzea

Bihar da Santa Ageda eta gaur haren bezpera. Etxez etxe eskean joateko eguna da gaurkoa, larunbata egokiagoa iritzi eta atzo atera zirenentzat salbu. Garaitsu honetan egiten diren ospakizunek –ihoteek-eta– badituzte bi ildo nahasi, tenpera horia eta urdina berde izatera iritsi aurretik nola. Garaiari lotuta, lurra esnatzeko errituak dira, zarata eta kolpe, udaberriari dei egiten dietenak. Beste garai mota bati lotuta, berriz, sorpresa, kutsu erlijiosoa dute, hauek ere. Lurrari kolpe, bizilagunari eskatu, etxekoandreari ziria, katuari kaskabiloa, ohiturak mantendu.

Baina aurten, horretan hasterako, lurra mugitze hasita dago, edo ez diogu lokartzeko aukerarik eman. 2023a inoiz neurtu den urterik beroena izan zen, hilabete guztietan gainditu zen tenperatura marka eta, industria aurreko datuekin alderatuz, 1,5 ez zenetan, egunero izan genuen gradu bat gehiago. Hori esanda, 2024ra begira jartzeko moduan gaude, bada!
 
Baina the show must go on eta legearekin konpli dezagun. Lurralde Plan Sektorialarekin, besteak beste. Santa eskean etxez etxe ez dabiltzanak dabiltza mendiz mendi, partzela eske. Legearen babespean gabiltza, santa eskean eolikoak jarri asmotan batean eta bestean. Mendi, lautada inguru, beharrak obeditu du; eolikoak nahi ez badira, eguzki plakak ditugu. Oraindik proiektu fasean daude gehienak, alegia, instalazioak non eraiki daitezkeen azaldu zen eta horiek gora altxatzeko eskariak jasotzen ari dira, berrienak (ez denbora luzez) Okondo eta Aiarakoak. Ohitura zaharra izango da lurrari eskatzea, baina kristautasunak ere bere egin zuen eskatu bakarrik ez, eman ere egin behar denaren hori.

Lurra eskatu eta egurra eman? Batzuetan amets egiten dut mendiak egiaz esnatuko eta altxatuko direla, Anbotoko Mari eta Transformers arteko zerbaitzuk, eta xehatuko gaituztela denok. Gero pentsatzen dut hori ezer ez egiteko aitzakia dela eta, ohiturak mantendu eta eguneratzen ditugunez, aukera hobea dela otsailaren 4a (adibidez), lurra esnatzeko ez ezik, geroni espabilatzeko baliatzea.

Search