Txorakeria bat da. Ziurrenik, txorakeria bat delako ezin duzu frustrazioa uxatu. Txorakeria bat izanik ere, txorakeria honetan ere ageri delako. Besterik gabeko meme bat da: “Oinarrizko biziraute kit-a, kolapso anbiental, klimatiko, energetiko, sozial edo zibilizatorioaren aurrean”, eta liburu-pila baten aldamenean, bizirauteko kit-a horiek direla iradokiz, autore batzuk. Zenbait. Dezente. Zehazki, 42. Horietatik 36 gizonak eta ez zaizu balekoa iruditzen. Benetan paradigma ekologiko sozialaz idatzi duten autoreak gomendatzen hasita zazpitik sei gizonak direla? Kita, kita.
Eta txorakeria bat den arren, burutik kendu ezinda kalean dabilen meme bat zarela, iragarki taula bat ikusi duzu. Gitarra klaseak eskaintzen dituen norbaitek jarritako paperaz gain, ia denak dira ekitaldien iragarkiak. Tartean trantsizio ekologikoa ardatz dutenak, gaur egun ez dira gutxi eta. Eztabaida hemen. Gizonak. Solasaldia han. Gizonak. Hitzaldia hor. Gizonak. Gizonak. Gizonak. Ez zara salbuespenen bila hasiko, bai baitakizu egon badaudela eta inor eskertu beharrik gabe, gainera. «Oro har, gizonak», esango diozu zakurraren pare defentsiban gotortuta jarrarazi nahi ez duzunari.
Soziologo, ekonomialari, sektoreko langile, ingeniari, antropologo, kazetari, nekazari, gizarte-langile, militante, kaletar (...) ugari daude gaian jantziak eta ekarpen interesgarriak egiteko modukoak baina, zer diren kontuak, beti bukatzen dute gizonek hizketan. Edozein esparru «garrantzitsutan».
Frustrazio hori gurekin konpartitzen ari zara eta, paradoxikoki, iragarkietan ikusitako hitzaldi horietan airera ihes egiten duen galdera bat sortu da gurean ere: «Orduan, zer egin behar dugu?». Zeren, egia da, entzuteko moduko jende asko dago, baina horrek ez du esan nahi eurak hitz egiteko gogoz daudenik. Arduratik hartu behar lukete lekua? Falta delako hartu behar lukete hitza? Komeni delako joan behar lukete ez-dakit-nora? (...) posible ote da hizlariak horrela begiratuko ez ditugun testuinguruak sortzea?