Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Puies, puies, aparta Satan

Begira geratu zitzaidan, Orbaizetako Kulturolan, Kataluniakoa izan arren gure egile klasikoak maitatzen eta maitarazten dituen emakume bat, zeinaren prentsa artikuluak gozamen hutsa diren, eta brausta bota zidan:

«Zergatik uste duzu egin zuela porrot Jokin Zaitegik?».

Ordura arte aritu nintzaion kontatzen, hari eta beste hainbati, komiki baten protagonista aparta litzatekeela nire herrikide itzultzaile, irakasle eta elizgizon kixotea. Gogoan nuen Altonagaren “Back to Leizarraga” obra, non besteak beste argi uzten den egile sabindarrek eta Altuberen zaleek, tartean Zaitegik, kasik ulertezin bilakatu zutela euskara. Arrasatearrak izerdi handiz bere itzulpen obra handiak egin −Platon, Sofokles...− eta hamarkada pare batera euskara batuaren balentriak iraungi zuen bere prosa.

Ezin esan Zaitegik erreka jo zuenik. Ez, inola ere ez. “Euzko-Gogoa”-aren sortzaileari ezin dakioke halakorik leporatu.

Begirada findu behar. Hala, Catalunya Radioko “En Guardia” saioan oso gauza interesgarria aditu nion Alexis Serrano Mendez historialariari. Haren ikerketa baten arabera, Erdi Aroko biztanleak ez ziren inolaz ere terraplanistak. Oso argi zuten mundua borobila zela, nahiz eta haien mapek hutsuneak eduki. Kristobal Koloni ez omen zioten aurre egin Isabel Gaztelakoaren aholkulariek lurra laua zela uste zutelako, Eratostenesen kalkuluak aintzat hartuta Kolonek bidaiarako eginiko 4.000 kilometroko estimazioa okerra zela uste zutelako baizik. Hau da, Kolonek ez balu Amerikarekin topo egin, gosez eta egarriz hilko ziren Indietara bidean bera eta bere eskifaia.

Frakaso egin zuen Kolonek? Bai eta ez. Akaso bazekien Amerika bazela, nork daki hori. Badu porrot epaiak iritziaren mamia, beraz, baina badira salbuespenak. Adibidez, Ertzaintzaren porrota erabatekoa da bere barne erantzukizunak argitzeko egiten dituen ikerketetan, izan Cabacas auzia, Villabonako Xuharri eginiko erasoa edota Urumea kasua. Halakoetan inoiz ez zaio gizarteari azalpen argi eta txukunik ematen. Zergatik ote? Eta, batez ere, zergatik onartzen diegu hori?

Search