Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Mikelete

Lapur, Mikelete. Bati tokatuz gero zozketa abestian txapela gorria jartzea, batzuetan poza dator eta besteetan negarra. Bale libratuz gero parrandara autoa eramatearen zama, eta kale zuri tokatu bazaizu manifa ostean agiria irakurtzea.

Mikelete etxeek badiraute Arrasaten, ez baitzen alferrik muga-herri, baina egun oso berba anakronikoa zaigu. Niri gustatzen zait bere sonoritatea eta irudimenean sorrarazten didan txinparta. Entzun zuten Gesalibar auzoko mikeleteek Angiolillok zeuden tokitik metro gutxira emaniko tiroaren burrunba hotsa? Zenbateko komisioa kobratuko zieten han-hemengo mikeleteek gau lanetan aritzen zirenei haien lana bakean egitearen truke? Halako kontuetan endredatzen naiz.

Alabaina, San Joan eguna da gaur eta ezin aipatu gabe utzi jaiak direla Arrasaten. Aurten, gainera, makala goratzeaz arduratu diren txosnagune bueltako gazteen kamisetaren leloari erreparatu nahiko nioke: «Klase gorrotoa antolatu». Behin hasita jarriko nizkioke bainak eta lekak plater horri, ez banu uste halakoetan zahartzaroa beste manera batean eraman behar dela.

Ez dakit klase gorrotoarekin ala gabe, baina klase galanta dutenak Anestesiako kideak dira. Jimmy Jazzen entzuteko zortea eduki genuen eta gutxitan eduki dut familia handi baten parte izatearen sentsazio hain gardena. Gazte gutxi karnetetan begiratuta, baina sasoi betean eszenatokitik salto egitea bada kontua. Musika talde mitikoetako kideak −agur bero bat Hyssopuseko Ioni−, zinema zuzendariak, oñatiarrak... zer ez zegoen han! Anestesiako lau kideak dena emateko gertu −haien minimalismo eta apaltasuna hain da izugarria non ez duten ezta eszenatoki barnean euren logodun tela ziztrin bat ere− eta zarata zoragarri bat. Hura izan zen gure San Krispin eguna, lagunok. We few, we happy few, we band of brothers. Kolore beltza, izerdi usaina, errespetua, musika talde zintzo baten erakarmen indarra.

Sanjoan jaietako kamiseta koloretsu puztuak eta Anestesiaren monokromia. Dena beharko dugu biziaren eta argiaren aldeko borrokan. Ondo ekin udari.

Search