Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Oputz gaiztoa

Haizete erdian ari naiz hitzok idazten berez haizetsu den bazterrean. Seme txikia oraingoan bero datozkigun ufaden beldur da, ez ditu maite. Nik, ordea, agerikoak diren arrazoiengatik, inoiz ez dut haizeak eramango nauen beldurrik eduki, nahiz eta, behin, gorriak ikusi Aizkorriren magalean. Zehatzagoa izanda, beldurra baino harridura izan zen une hartan sentitu nuena. Halakorik bizi izan ote zuen Excaliburrek harritik atera zutenean? Batek daki.

Hego haizea, eromenarekin eta sorginekin lotua izan dena. Ditudan oroitzapen ederrenetakoak hego haize gauetakoak dira, jertseak bazterreratzen eta hostoak dantzarazten direnekoak.

Bestalde, notizien brisari adi dagoenak badaki Euskadi Sariek ekarri dutela natura ardatz duen Jon Gerediagaren obrara hurbiltzeko aitzakia, nahiz eta, nik, errespetu osoz, Carvalho gurera ekarri dutenen alde topa egingo dudan, liburu batekin ekonomikako sua pizten dudan bitartean. Ibilbide oparoek merezi dute halakorik.

Ene Margari, ekin diot aztarrika aritzeari. Eta, horretan gaudelarik, ez esan ez zenik mundiala izan Etxegarai eta Pradalesen arteko enkontrua. Elkarri zein hizkuntzatan egin asmatu ezinik, Hernan Diazen Fortuna nobelako handiki totelak balira bezala. Xalbadorren irudimenetik ateratako pasartea zirudien. Gogorarazpen adeitsua, beste xehetasun oro horren obsesiboki zaintzen duten protokolo instituzionalaren jagoleei: kudeatu hizkuntzak, ez utzi inprobisazioaren mende ekitaldi baten jarduna, ez baita ondo ateratzen. Begira diezaiegun bestela kontu hauetan eredugarriak diren Euskal Herriko epaileei: erdaraz ehun eta euskaraz zero. Inprobisaziorako tarterik gabe bikain kudeatzen dituzte hizkuntzak, haien interes inperialen mesederako. Pradalesek, oraingoan bai, trapuzko hankekin eskatu die haietako batzuei epaiketak euskaraz egiteko. The answer my friend…

Laburbilduz, oputz gaiztoa dakar ekitaldien hizkuntza kudeaketa ezak. Baita irizpide makurrak irmo dituztenei erregu egiteak. Antolatu eta ekin, putzak haizatu arte, haize gorria konbokatu arte.

Search